euskaraespañol

Maiatzaren 23an, Melanomaren Nazioarteko Eguna

Irudi bidez larruazal-minbizia garaiz diagnostikatzeko metodologia garatu du euskal partzuergo batek

UPV/EHU, TECNALIA, Ibermática eta NorayBio taldeek, Biocruces laguntzarekin, teknika ez-inbaditzaile biopsia optikoa lantzen ari dira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/22

(Beste leiho bat zabalduko du)
Tresna OCT (Koherentzia Optiko bidezko Tomografia) teknologiaren aplikazioan oinarritzen da larruazal-minbizia diagnostikatzeko. (Bideo eta argazkia: Laura López. UPV/EHU)

Melanomaren eragina, Espainian, %10 gehitzen da urtean, eta Euskadin, ia bikoiztu da azken hamar urteotan. Gaur egun, larruazaleko lesio susmagarri bat biopsia bidez aztertzen da. Prozesu horrek hainbat aste har ditzake, eta kostu pertsonal altuak eragin ditzake, itxarotearen kezka eta tentsioa direla eta. Horrez gain, kostu ekonomiko altua du ere, prozedurarena berarena eta kontsulta gehiago egin behar baitira. Horri gehitu behar zaio melanomaren eragina ia bikoiztu egin dela azken hamar urteotan Euskadin; eta Espainian urtean %10 gehitzen da. Asteazkenean, maiatzak 23, Melanomaren Nazioarteko eguna ospatzen da.

Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), TECNALIA ikerketa-zentroa eta Ibermática eta NorayBio enpresak, Biocruces laguntzarekin, tresna bat garatzen ari dira, larruazaleko melanoma eta kartzinoma basozelularra irudi eta datu klinikoen bidez garaiz diagnostikatzen laguntzeko. Gainera, pronostikoarekin lotutako molekula-datuak aztertzen ari dira, tratamendu pertsonalizatuagoak definitzen laguntzeko.

Tresna hori OCT (Koherentzia Optiko bidezko Tomografia) teknologiaren aplikazioan oinarritzen da larruazal-minbizia diagnostikatzeko, praktika klinikoan azalduta, ekografia baten moduko irudiak hartzea da, baina bereizmen mikroskopikoaren bidez. Partzuergoak Adimen Artifizialaren tekniken ezagutzak ere gehitzen ditu, kasu horretan, irudien tratamenduei zuzenduak, hain zuzen ere, orbanen eboluzioa aztertzeko eta automatikoki alderatzeko, argazkiak kasu errealen irudi banku batekoekin erkatzen dira,

Teknologia berri horri esker, biopsia optiko bidezko lesio susmagarriak in-situ hobeto diagnostikatu ahal izango da, azkar eta pazientearentzat modu ez-inbaditzailean. Tumorea garapen-fase goiztiarrean identifikatzen lagunduko du eta, aldi berean, kasu positibo eta negatibo faltsuak murrizten lagunduko du. Azken batean, aztertzeko modu berri horrek diagnostiko-epeak nabarmen murriztu, pazientearen trauma gutxiagotu eta prozedura-kostuak aurrezteko aukera emango du.

Diagnostiko-tresna hori garatzea da ASTONISH - Advancing Smart Optical Imaging and Sensing for Health Europako proiektuaren helburua; 3 urteko epea du eta datorren urtean amaituko da. Euskal enpresen partzuergoaz gain, Europako beste 20 enpresak parte hartzen ari dira proiektu honetan.

Melanoma

Iaz, bost mila pertsona baino gehiago diagnostikatu ziren melanomaz,  bere eragina % 10 gehitzen da urtean, SEOM (Sociedad Española de Oncología Médica) elkarteak plazaratutako datuen arabera. 2017an Espainian  5.286 melanoma kasu izan ziren (gizonezkoen eta emakumezkoen artean). Diagnostikatutako minbizien artean, larruazalekoa bederatzigarrena da emakumeei dagokienez (iaz 2.810 kasu diagnostikatu ziren, minbizi guztien % 3,09). Gizonen artean hamahirugarren tokian dago (2.376 kasu eta % 1,7).

Europan 100.000 melanoma baino gehiago diagnostikatzen dira, eta gaur egun 10 minbizi-mota arruntenetakoa da. Bizitzan zehar melanoma bat garatzeko arriskua ehuneko bat da, gutxi gorabehera.