euskaraespañol

Víctor Etxebarria Ecenarro

Zer den eta zer ez den adimen artifiziala

Fisika Zientzietako doktore eta Sistemen Ingeniaritza eta Automatikako katedraduna

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2022/09/07

Irudia

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken urteotan adimen artifiziala terminoa eta berorrekin zerikusia duen guztia protagonismo eta gaindimentsionamendu handia hartzen ari da. Adimen artifiziala esamoldea gehiegikeriaz erabiltzen ari da eta, funtsean, ez da zuzenki erabiltzen ari egunero eta eguneroko hainbat esparrutan, politikarekin hasi eta enpresaren munduraino.

Ba al da egiazki makina adimendunik, pertsonon antzekorik? Galdera horri zorroztasun apur batekin erantzuten badiogu, arlo horretako zutabe funtsezko diren zientzien –matematikaren eta fisikaren– oinarriei erreparaturik, erantzuna ezezkoa da. Eta zientzialari askok susmatzen eta argudiatzen dute ziur aski ez dela sekula ere egongo.

Konputatzea ez da pentsatzearen berdina

Abia gaitezen matematika eta fisikaren inguruko jakintza arloetatik, XX. mendeko 30 eta 40. hamarkadetan aski zabaldu ziren haietatik, hala nola konputazioaren zientzia, elektronika, automatika edo adimen artifizialaren arloa bera.

1937an, bi argitalpen zientifiko argitaratu ziren, berebiziko garrantzia izan zutenak: lehenengoa, Alan Turing matematikariaren “On computable numbers, with an application to the Entscheidungsproblem” [Zenbaki konputagarriez, Entscheidungsproblem-i aplikazio batekin]; eta bigarrena, Claude Shannon matematikari eta ingeniari elektronikoaren “A Symbolic Analysis of Relay and Switching Circuits" [Errele eta kommutazio zirkuituen analisi sinboliko bat]. Lan horien karietara osatu ziren makina elektronikoak sortzeko hastapenak, programazio algoritmikoaren bidez konputatzeko, informazioa maneiatzeko eta sinboloak manipulatzeko gai ziren makinak.

Hala ere, adimen artifiziala, animalien edo pertsonen antzeko gaitasun intelektualak erreplikatu nahi dituena (adimen orokorra edo adimen indartsua deritzoguna), ez da inola ere frogatu. Hots, ez dago ebidentzia ez matematikorik, ez fisikorik, eta ez da ezagutzen, giza burmuin baten gaitasun pentsatzaileen baliokide izan litekeen prototiporik.

Erabakia vs. hautua

1966an, Joseph Weizenbaum Massachusettseko Institutu Teknologikoko (MIT) matematikari eta Konputazio Zientzietako irakasleak ELIZA izeneko programa bat sortu zuen laborategian, lengoaia naturaleko prozesamendua egiteko gai zena.

Tresna soil hark gako hitzak ezagutzen zituen erabiltzailearen esaldietan eta, horietan oinarrituta, bere datu basetik esaldi eredu bat aukeratzen zuen erantzuteko.

Eliza gai zen gizakiekin solasean egiteko, itxurak eginez, psikologo enpatiko bat bailitzen. Weizenbaumek galdera ireki gisa modelatu zuen elkarrizketa estiloa, “pazienteak” animatuko zituelakoan “terapeutarekin” modu eraginkorragoan komunikatzera, baina harriduraz jaso zuen erabiltzaile askok serioski hartu zutelako bere programa.

Ikusita miresle askok eta askok makina pentsatzaileen benetako aitzindaritzat hartu zutela programa, egileak berak argi utzi behar izan zuen interpretazio hori erabat okerra zela, sutsuki saiatu zelarik ideia horiek zuzentzen handik aurrerako hitzaldi eta hitzartzeetan.

Beste idazki askoren artean, Weizenbaumek 1976an argitaratu zuen “Computer Power and Human Reason: From Judgment to Calculation”  [Botere informatikoa eta giza arrazoimena: judiziotik kalkulura] liburua. Honen bidez, zientziaren filosofiatik abiatuta, bere lana eta ondorioak azaldu nahi zizkion publiko orokorrari, testuan formula matematiko nahasgarri eta ezerosoak sartu gabe.

Liburuan zehar, egileak mugak jartzen ditu ordenagailuen gaitasunak eta giza arrazoibidea banatzen eta bereizketa argia egiten du “erabakitzearen” eta “hautatzearen” artean. Automatikan bezala, prozesu industrial baten erabaki eta kontrola zirkuitu edo ordenagailu batekin inplementatzen bada prozesu horren kontrolatzaile programatu gisa, Weizenbaumek azaltzen du erabakitzea jarduera konputazionala dela, azken batean programa daitekeen zerbait, eta, osterantzean, hautua judizioaren emaitza dela, ez kalkuluarena.

Mekanika kuantikoaren xedea

1989an, Roger Penrose fisikari, matematikari eta 2020ko Nobel saridunak argitaratu zuen “The emperor's new mind: concerning computers, minds, and the laws of physics” [Enperadorearen adimen berria: ordenagailuei, adimenei eta fisikaren legeei buruzkoa] liburua, eragin handikoa, giza pentsamendua funtsean algoritmikoa ez dela erakusten duena.

Matematikaren, zientziaren filosofiaren eta fisikaren iturrietatik edanda, testuak frogapen matematikoak nola eztabaida ilustratuak biltzen ditu adimen etsamina ospetsuen inguruan (Turing-en testa eta txinar gelaren esperimentua, esaterako). Gainera, aieruz dio mekanika kuantikoaren legeak beharko liratekeela, gure adimenak behar bezala azaldu eta arrazoitu ahal izateko.

Obra suntsitzailea izan zen adimen artifizial tradizional indartsuarentzat. Hamaika autoreren erantzunak eragin zituen hainbat jakintza arlotan, baina bere tesiei ezin zitzaien sinesgarriro aurka egin.

Penrosek aitzinerago eraman zituen ideiak 1994an giza kontzientziari buruz argitaratu zuen bigarren liburuarekin: "Shadows of the Mind: A Search for the Missing Science of Consciousness" [Gogoaren Itzalak: Kontzientziaren Zientzia Desagertuaren Bila]. Proposamen zehatz bat jasotzen du bertan, prozesu kuantiko horiek burmuinean nola osa litezkeen azaltzeko.

Penrosek iradokitako aburu berriek, biologia eta neurozientzia medikoa lagun dituelarik, bereziki neuronen zitoeskeletoa hartzen dute barne. Zehazki, mikrotubuluak, zitoeskeletoaren osagai garrantzitsu izanik, balizko edukiontziak lirateke prozesamendu kuantikorako eta, azken buruan, kontzientziarako.

Ideiok zeharo okerrak izan daitezke, Penrosek berak argudiatzen duen bezala. Alor horietan aditutako diziplina anitzeko ikertzaile asko ahalegindu ziren proposamen hauetako batzuk ezeztatzen, baina indarrean jarraitzen dute gaur egun.

Adimen artifizialaren arrastorik gabe

Ikuspuntu globaletik, badakigu jakin hainbat ikuspegi aztertu dela zenbait hamarkadatan, adimen artifiziala hedatzeko ahaleginetan. Sare neuronalak, sistema adituak, ‘fuzzy ' logika eta, azken boladan, ‘Deep learning’, ‘Big data’ eta abarraren ondorioz, tresna erabilgarriak lortu dira helburu espezifikoen konpontzeko.

Erreminta horiek sekulakoak izan daitezke, baina argi izan behar dugu ez garela hurbildu adimen artifizial orokorra garatzera. Adimen ahula (edo adimen estua) deitutakoa gaur egun ditugun aplikazioei dagokie, baina berorien arrakasten inguruan esan ohi diren gehiegizko baieztapenek, izatez, kalte dakarkiote adimen artifizialak zientzia gisa duen izen onari.

Arlo horretan egindako ikerkuntzak laurogei urte luze bete dituen arren, ezin esan daiteke adimen artifizial orokorraren giza mailen froga irmorik dagoenik. Badakigu zirkuitu artifizialen bidez ezin osa daitekeela ornogabe sinpleenen nerbio sistemarik. Nahiz oso ordenagailu azkarrak eta datu base itzel handiak izan, irtenbiderik gabeko bidea dirudi pentsatzeak arrazoibidea, adimena eta kontzientzia “berez” sortuko direla, konplexutasuna gehiago eta gehiago areagotze hutsaz.

Tresna informatikoak baliagarriak dira oso, baina nahiz eta makina batek xakelari profesionalei irabazi ahal dien edo legezko errekurtso bat proposatzeko gai izan, datu base handietan jurisprudentzia bilatuz, ez da makina pentsatzailea. Garrantzitsua da hutsalkeriatan ez jardutea, tresna teknologikoak eta ente adimendunak bereizi behar dira, bai eta zientziari utzi ere, gai liluragarri horretan zorrotz lan egin dezan.