euskaraespañol

Zer da mingarriagoa, zain batean kateter bat jartzea ala arteria batetik odola ateratzea?

UPV/EHUko ikertzaileek hauteman dute besoko arteria batetik odola ateratzean sentitzen den mina eskumuturreko batetik ateratzean baino handiagoa dela, eta zainean kateter bat jartzeak min gutxiago egiten duela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/22

Ezkerretik eskumara, Irrintzi Fernández, Sendoa Ballesteros eta Gorka Vallejo. (Laura López. UPV/EHU)

DIASURE Erizaintzako lantaldeak Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdietako zerbitzuetara jo zuten 18 urtetik 85 urtera bitarteko 820 pazienterekin egindako ikerketa baten arabera, gasometriarako arteriatik odola ateratzeak min moderatua eragiten du, eta zainean kateterra jartzeak min arina. UPV/EHUko Sendoa Ballesteros, Gorka Vallejo eta Irrintzi Fernández ikertzaileek gidatutako lan honetan minaren pertzepzioa aztertzen da, interbentzio sanitario batean erabakiak hartzen laguntzeko eta larrialdi zerbitzuetako erizaintzako teknika nagusien ondorio mingarriak arintzeko.

Mina bosgarren bizi-konstantetzat hartzen da; hau da, gorputzeko tenperaturarekin, pultsuarekin, odol-presioarekin eta arnas maiztasunarekin batera, lehenengo osasun-miaketa batean kontuan hartzen den  bizi-konstanteetako bat da. Hala eta guztiz ere, mina neurtzea zaila da, faktore subjektiboa denez. Hori dela eta, UPV/EHUko ikertaldeak erabaki du zuzenean galdetzea pertsonei min iatrogenikoa (osasun-arretan eragiten dena) baloratzeko, normalean gutxietsi egiten baita.

Azterlana sei hilabetean egin da (2017ko urtarriletik ekainera) Galdakao-Usansolo Ospitaleko eta Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetan. Zerbitzu horietako bakoitzak 300.000 biztanle baino gehiagori ematen die osasun-arreta. Ikerketa 18 urtetik 85 urtera bitarteko 820 pazienterekin egin da (456, hau da, % 51,8 gizonezkoak eta 425, hau da, % 48,2, emakumezkoak). Guztira zaineko 780 kateter jarri ziren eta arteriako 101 odol-lagin atera ziren oxigeno eta karbono dioxido mailak eta bikarbonato kontzentrazioa neurtzeko (gasometriak). Mina Numeric Pain Rating Scale (NRS-11) aplikatuta neurtu zen; eskala horrek 0tik 10era bitarteko balioa ematen dio norberak hautemandako minari. Zero minik eza da, eta hamar imajina daitekeen minik handiena. Erabakita dago 3tik gorako mina ez litzatekeela onartu behar. Osasun-teknika horiek zerbitzuan bost urtetik gorako eskarmentu profesionala duten erizainek egin zituzten.

Odola ateratzea mingarriagoa da kateterra jartzea baino

Zainean kateterra jartzeak batez beste 2,8ko puntuazioa izan zuen NRS-11 eskalan, eta gasometriak mingarriagotzat jo ziren (3,6 eskala berean). Min iatrogenikoaren maila lotu zen prozeduraren zailtasun tekniko ertain edo handiarekin eta gasometrietan arteria erradialaren ordez humerala aukeratu izanarekin, bai eta min basalarekin ere zain-ziztadetan. Hau da, UPV/EHUko Ertzaintzako irakaslea eta Basurtuko Ospitaleko larrialdi-zerbitzuetako asistentziako erizaina den Sendoa Ballesterosek azaltzen duen bezala, “aldeak daude erabilitako teknika sanitarioaren zailtasunaren (kateterra jartzea edo arteriatik odola ateratzea) eta ziztatzen den lekuaren (eskumuturra edo ukondoko tolestura edo kubitu aurreko hobia) arabera. Gasometria mingarriagoa da arteria humerala kubitu aurreko hobiaren parean ziztatzen denean arteria erradiala eskumuturrean ziztatzen denean baino. Diferentzia horren arrazoia izan daiteke giza anatomian arteria humerala erradiala baino sakonago dagoela”.

Beste aldagai batzuek, hala nola, sexuak, adinak edo jatorriak, ez dute eraginik minaren intentsitatearen pertzepzioan. Badirudi erabilitako orratzaren kalibreak ere ez duela eraginik, “nahiz eta, egia den emaitzak alda daitezkeela ziztada egiten duen pertsonaren eskarmentuaren arabera” –adierazi du UPV/EHUko ikertzaileak–. Alde horretatik, gure ikerketan eskarmentu profesional handia duten erizainek parte hartu dute”.

Artikulu zientifikoan adierazten den moduan, “larrialdietako asistentzian erabiltzen diren erizaintzako prozedura bakoitzak eragiten duen mina eta norberak minaz duen pertzepzioarekin lotuta dauden faktoreak hobeto ezagutzea lagungarria izan liteke gura ez den ondorio hori arintzeko nola eta noiz esku hartu beharko litzatekeen jakiteko”.

DIASURE lantaldea

DIASURE lantaldea 2015eko otsailean sortu zen. UPV/EHUko Sendoa Ballesteros, Gorka Vallejo eta Irrintzi Fernández irakasleek zuzendutako proiektu pilotu bat da eta taldea Osakidetzako erizainek osatzen dute. Hauek dira ikerketa honetan parte hartu duten erizainak: Lohitzune Andrés Letamendia, Iciar Barriuso Álvares, Leire Berasaluze Sanz, Oiane Bidaguren López de Larruzea, Miriam Díaz de Espada López de Ondategi, Ainara García Barcenilla, Tamara García Martínez, Itziar Jimeno Báez, Nekane Juaristi Iparraguirre, Tamara López Chamorro, Maider Osoro Barrera eta Leire Reglero García. Lantalde honen helburua da min iatrogenikoa neurtu eta ebaluatzea adinez nagusi diren pazienteetan. Larrialdietan aztertu diren erizaintzako teknikak, besteak beste, zainetako, arterietako eta muskulu barneko ziztadak eta zundaketa nasograstrikoak eta besikalak dira.

Erreferentzia bibliografikoa