UPV/EHUko Gogo Elebiduna taldean lankidetzan egindako ikerketa batean, egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaiko-itxurako sekuentzien aurrean 7 hilabeteko haurtxoek dituzten berezko begirada-ereduak aztertu dituzte. Emaitzen arabera, haur horiek berehala detektatzen dute mosaiko batek egitura simetrikoa duen, eta horrek iradokitzen du irudi konplexuen egitura erauzteko gaitasun sendoa eta automatikoa dutela.
Zazpi hilabeteko haurtxoek badute simetria hautemateko sena
UPV/EHUko ikerlan baten arabera, 7 hilabeteko haurrek badute mosaiko-itxurako eredu bisual abstraktuen simetriaz jabetzeko gaitasuna
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2022/08/18
UPV/EHUko Gogo Elebiduna ikerketa-taldea aitzindaria da psikolinguistikaren esparruan; askotariko ikerketak egiten ditu hiztunen garunean hizkuntzaren gaitasuna nola eskuratzen, adierazten eta antolatzen den jakiteko, eta hizkuntzaren adierazpenaren eta prozesamenduaren ezaugarri unibertsalak zein diren jakiteko.
Ikerketa-taldeko Ikerbasque ikertzaile Irene de la Cruz-Pavíak PLOS ONE aldizkarian berriki argitaratutako ikerketa bat egin du, Judit Gervain Paduako Unibertsitateko ikertzailearekin lankidetzan, non aztertu baitute 7 hilabeteko haurrek zer gaitasun duten mosaiko-itxurako eredu bisual abstraktuetan egitura-simetria hautemateko. Ikerketa hau Parisko Unibertsitatean egin zuten. “Egitura simetriko eta asimetrikoak dituzten mosaiko-itxurako sekuentziei begiratuz ehun bat haurtxok dituzten berezko begirada-ereduak aztertu ditugu”, azaldu dute ikertzaileek.
Mosaiko horiek bi kategoriatako baldosa karratuz osatuta zeuden (A eta B), zeinak kolore-paletan eta barne-forman bereizten baitziren. Baldosak egitura simetrikoko (adib., ABA, ABABA) edo asimetrikoko (adib., AAB, AABBA) mosaikoak eratuz ordenatzen ziren. Ikerketan egiaztatu dutenez, haurtxoek “egitura simetrikoko eta asimetrikoko mosaikoak bereizi zituzten, eta sekuentziaren luzerak (3 edo 5 baldosa) edo simetria-mailak ez zuten nabarmen modulatzen haien portaera”. Emaitza horiek iradokitzen dute umetxoek azkar hautematen dutela egitura-simetria eredu bisual konplexuetan: “7 hilabeteko haurtxoek gaitasun sendo eta automatikoa dute egitura bat simetrikoa dela detektatzeko. Gaitasun hori bat dator beste estimulu batzuekin (hala nola zeinu-hizkuntzarekin, hizketarekin...) egindako beste ikerketa batzuetan aurkitutakoarekin; frogatu dugu haurrak oso onak direla egiturak eta erregulartasunak hautematen”, adierazi du UPV/EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko ikertzaileak.
Haurtxoek zenbait eremutako egitura eta arauak erauzteko duten gaitasuna
“Hizkuntza baten gramatika hizkuntza baten egitura eta arauen multzoa da. Ulertu nahi dut haurtxoek egiturak erauzteko, eta erregulartasunak hautemateko eta arauak ikasteko, dituzten gaitasunak zenbateraino diren hizkuntzarenak berariazkoak edo beste eremu batzuetakoak diren —dio Ikerbasque ikertzaileak—. Ikerketa hau ikusizko informazioarekin egin dugu, ez hizkuntzarekin. Mosaikoak baliatuz, ikusi ahal izan dugu haurtxoek zer gaitasun duten zenbait eremutako egitura erauzteko”.
Ikertzaileek azpimarratu dute ikerketa honen ondorioz hobeto uler dezaketela “haurtxo horiek oinarrizko zer gaitasun daukaten, zeintzuen bidez aukera izango baitute lehenik eta behin gramatikaren zati eskuragarrienekin hasteko eta, pixkanaka, eraikiz joateko, hizkuntza baten gramatika bezain gauza konplexua bereganatu arte. Guk ulertu nahi duguna da haurtxoek oinarrizko zer gaitasun dituzten egitura detektatzeko”.
“Askoz galdera gehiago ditugu erantzuteko —esanez amaitu dute—. Ikerketa honetan zehaztu ahal izan dugu haurtxoak gai direla egiturak berez eta azkar detektatzeko. Orain, ulertu nahi dugu gaitasun hori noiz hasten den, zenbaterainoko xehetasunez aztertzen duten egitura hori eta mosaikoen zer alderdik ematen dieten egitura hautemateko aukera (formak, koloreak, biek...)”.
Informazio osagarria
Ikerketa hau Integrative Neuroscience and Cognition Center zentroarekin (CNRS, Parisko Unibertsitatea, Frantzia), Vienako Unibertsitatearekin (Austria) eta Paduako Unibertsitatearekin (Italia) lankidetzan egin da.
Erreferentzia bibliografikoa
- Seven-month-old infants detect symmetrical structures in multi-featured abstract visual patterns
- PLOS ONE
- DOI: 10.1371/journal.pone.0266938