euskaraespañol

Urtegi handiek eragiten dute asaldura gehien ibai-ekosistemetan

Giza jarduerak eragindako ur-estresak ibai-ekosistemetan zer ondorio dituen argitzeko meta-analisi batean parte hartu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/09

Arturo Elosegi Irurtia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ekologian katedraduna

Nature argitalpen-taldeko Scientific Reports aldizkariak argitaratu berri duen azterketa batean parte hartu du UPV/EHUko Ibaien Ekologia ikerketa-taldeko Arturo Elosegi Irurtia katedradunak. Giza presioak ibai-ekosistemetan duen eraginaren meta-analisi bat egin dute, hau da, horri buruz literatura zientifikoan argitaratuta dauden hainbat artikulu aukeratu, eta haietako informazioa modu egituratu eta sistematikoan berraztertu du nazioarteko 7 erakundetako ikertzaile-talde batek.

Presak, urtegiak, kanalizazioak, ur-ateratzeak… era askotan ustiatzen ditu gizakiak ibaietako ur-baliabideak. “Aspalditik dakigu giza jarduerek eragin handia dutela ibaien ekosistemetan; ikerketa ugari dago horren inguruan”, dio Arturo Elosegi Irurtia UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ekologian katedradunak. Gaiari lotuta egin diren azterketak, ordea, “partzialak dira eta oso sakabanatuta daude, eta horrek ez du aukera ematen giza jardueren eraginaren irudi orokorra egiteko”, jarraitu du Ibaien Ekologia ikerketa-taldeko irakaslea.

Irudi orokor hori egiteko asmoz, kasu-azterketa ugariren meta-analisia egin dute Kataluniako, Holandako eta Portugalgo 6 ikerketa-zentrok eta unibertsitatek, UPV/EHUrekin batera. Giza jarduerak eragindako ur-estresak ibai-ekosistemetako zer osagairi eta funtziori erasaten dien, eta zer neurritan egiten duen, jakitea izan da helburua, azterketa indibidual horien informazioa bildu eta berraztertuz. “Hasierako bilaketan milatik gora artikulu bildu genituen, baina, azkenean, 44k bete zituzten guk eskatzen genituen baldintzak. Denera, 262 kasu izan ditugu aztergai gure analisi estatistikoan, mundu osoko ibaietan bildutakoak”, zehaztu du Elosegik.

Asaldura nabarmenak, batez ere urtegi handietan

Ibaiek berezkoa dute aldakorrak izatea, eta uholdeak eta agorraldiak izatea ziklikoki, baina gizakiek eragindako esku-hartzeek aldatu egiten dute ziklo hori, eta horrek ondorio zuzenak ditu ekosisteman. “Adibidez, algak neurriz gain haztea da ikusi dugun ondorio garbienetako bat. Urtegien edo ur-harguneen azpiko ibai-ekosistemetan gertatzen da batez ere, asko egonkortzen delako ur-fluxua”, argitu du. Ibaietako ornogabeak, berriz, nabarmen gutxitzen dira estres-puntuetatik behera, bai ugaritasunari bai aberastasunari dagokionez.

Bizidunen komunitateez gain, ibaietako aldagai fisiko-kimikoei erreparatu zieten, bai eta ekosistemaren funtzionamenduari ere, hau da “egitura eta komunitate horrekin nola funtzionatzen duen ibai-ekosistemak. Egiturako aldagaietan, nabarmenen ikusi dugu farmakoen kontzentrazioa handitzen dela ur-estresa dagoen lekuetan, hau da, urtegien azpietan edo ura kendu zaien erreketan”.

Ekosistemaren funtzionamenduari dagokionez, bestalde, Elosegik azpimarratu du “orain arte batere garbi ez zeuden ondorioak” ikusi dituztela ur-estresa jasaten duten eremuetan: batetik, materia organikoaren deskonposizioa moteldu egiten da, hau da, ibaiek gaitasun txikiagoa dute materia organikoa degradatzeko, eta, bestetik, metabolismoa azkartu egiten da: “gora egiten du bai ekoizpen primarioak bai arnasketak, azken batean, algak beharko luketen baino gehiago hazten direlako”, gaineratu du.

Azaldutako eragin eta ondorio horiek guztiak, orokorrak badira ere, garrantzi edo larritasun desberdina dute tokiko ezaugarrien arabera, hala nola ibaiaren tamaina, klima edo euri-erregimena. Halaber, ur-estresaren eragilea zein den, aipatutako ondorioak larriagoak edo arinagoak dira, eta, ikusi dutenez, “urtegiak dira, batez ere urtegi handiak, aldaketa edo asaldura gehien eragiten dituztenak ibai-ekosistemen egituran eta funtzioan”. Eta, urtegiak dira, hain zuzen, esku-hartze eta estres-eragile ohikoenak ibai-ekosistemetan: aztertutako kasuen erdian baino gehiagotan urtegiek eragindako asaldura zuten aztergai.

Meta-analisian kontuan hartutako aldagai guztietan, ordea, ez dute ondorio garbirik lortu. “Batzuetan datu faltagatik izan da, alegia, eskuartean genituen ikerketetako gutxitan izan zutelako aztergai, eta, besteetan, aldakortasun handia dagoelako aldagai jakin batzuen erantzunean, egindako meta-analisian ezin izan dugu aldaketa garbirik ondorioztatu. Tenperaturarekin gertatu zaigu hori, besteak beste: urtegi batzuen azpian uraren tenperatura dagokiona baino handiagoa da, eta, beste batzuetan, berriz, txikiagoa. Komunitateen kasuan, berriz, arrainetan ikusi ditugu gorabeherak; toki bakoitzean arrainei eragiten dieten faktoreak desberdinak direlako izango da hori, segur aski”. Hutsune horiek betetzeko aztertzen jarraitzeko beharra ezinbestekotzat jotzen dute ikertzaileek.

Informazio osagarria

Globaqua proiektu europarraren barruan egin Scientific Reports aldizkarian argitaratutako azterketa. Zazpi erakunde hauetako ikertzaileak aritu dira elkarlanean: Kataluniako Ur Ikerketetarako Institutu Katalana (ICRA), Gironako Unibertsitatea, Ingurumen Ebaluazioko eta Ur Ikerketako Institutua (IDAEA-CSIC) eta Bartzelonako Unibertsitatea; UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saila; Holandako Ur Hezkuntzarako Delft Intitutua,  eta Portugalgo Coimbrako Unibertsitatea.

Erreferentzia bibliografikoa