Bizkaiko herri bateko D ereduko eskola bateko ikasgela baten jarraipena egin du bi urtez UPV/EHUko DREAM ikerketa-taldeko kide batek. Tarte horretan, aukera izan du ikasleen portaera linguistikoak sakon aztertzeko, eta emaitza gela barneko etnografia bat izan da. Une eta talde jakin batean egindako argazkitzat jotzen du ikertzaileak egindako lana, baina datu oso interesgarriak eman ditu eleaniztasunak eskaintzen dituen aukerei buruz eta eleaniztasun horretan euskarak hartu beharreko posizioari buruz.
Euskara egoera zaurgarrian dagoela jakin arren, ikasleak ez dira euskaraz aritzen elkarrekin
Bizkaiko ikasgela bateko gazteen hizkuntza-erabilera, identitatea eta hizkuntzen arteko jauziak aztertu ditu UPV/EHUko ikertzaile batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2020/02/17
Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetan egon ziren bitartean egin zien UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoak Saileko DREAM taldeko Eider Saragueta ikertzaileak jarraipena Bizkaiko herri bateko D ereduko eskola bateko ikasgela bateko ikasleei. “Etnografia bat egin nuen haiekin, hau da, azterketa sakon bat, eta haien hizkuntza-erabileren jarraipena egiteaz gain, elkarrizketak eta hizkuntzen arteko loturak sendotzeko zenbait esku-hartze egin nituen”, dio.
Izan ere, ikertzaileak nabarmendu duenez, ”inguruan, kaleko hiztunen artean, baina baita erakundeetan ere, kezka nabaritu dut euskararen erabileraren inguruan: nahiz eta gero eta jende gehiagok jakin euskaraz, erabilerak ez du neurri berean gora egin. Hori dela eta, helburua izan zen argazki bat ateratzea, eskola batean eta momentu batean, ikasleen arteko hizkuntza-praktikak ezagutzea, euskara nola erabiltzen zuten bertatik bertara jakiteko“.
Saraguetak ez zuen, ordea, euskararen erabilerara mugatu bere ikerketa. Aitzitik, ikasleen identitatea ere aztertu zuen, arreta berezia jarriz zekizkiten hizkuntzek haien identitatean zuten eraginean. Halaber, gelako jarduera batzuk planifikatu zituzten, zeintzuetan translanguaging edo hizkuntzen arteko jauziak egiten baitzituzten. “Ariketa horietan, informazioa hizkuntza batean jaso eta beste batean eman behar zuten ikasleek. Hala, menderatzen duten hizkuntzaz balia daitezke beste bat ikasteko”, argitu du.
Desoreka hizkuntza-erabileraren eta -kontzientziaren artean
Ikerketa oso sakona eta zabala izan zen, eta askotariko emaitzak eman zituen, baina Saraguetarentzat deigarriena izan zen “desoreka handia” aurkitu zuela “euskararen erabileraren eta kontzientziaren artean. Hau da, ikasleek jakin bazekiten euskara hizkuntza gutxitu bat dela, batzuek argi zuten galzorian dagoela… baina, hala ere, ez zuten euskaraz egiten”.
Identitateari dagokionez, aniztasuna aurkitu zuen ikertzaileak: “Ikasle batzuek bai, identitate zurruna zuten, eta soilik euskaldun gisa identifikatzen ziren. Beste batzuk, berriz, identitate malguagoekin lotzen zuten haien burua, identitate zabalago bat erakusten zuten; aipatzen zuten, adibidez, euskaldunak bazirela, baina baita Extremadurakoak ere hein batean, han familia zutelako. 10-12 urteko neska-mutilak beren identitatea modu horretan moldatzeko gai izatea, hau da, malgutasuna izatea aurrean duten egoerari eta uneari egokitzeko, eta horren kontzientzia izatea zerbait ona dela uste dut”, deritzo.
Bestalde, “ikerketan translanguaging-jarduerak lantzeak eta ikasleen eleaniztasunari etekina ateratzeak lagundu du balioa ematen ikasleek dakizkiten hizkuntzak erabiltzeari”, baieztatu du Saraguetak, eta adibide bat eman du hori azaltzeko: “Adibidez, ingelesa ikasteko, bideo bat ingelesez ikusten badute, litekeena da ez ulertzea, galtzea eta aspertzea. Baina bideo hori bera euskaraz jarriz gero, eta gero horri buruzko galdera batzuk ingelesez erantzun, behar dituzten hiztegi-baliabideak bilatuko dituzte ikasleek, eta horrela iritsiko dira ingelesa ikastera. Alegia, hizkuntza batzuk makulu gisa erabil ditzakete beste hizkuntza batzuk ikasteko”.
Hizkuntza-kontzientzia garatzen ere laguntzen die translanguagingak, eta sentsibilitatea azaltzen zaie inguruan dituzten hizkuntza guztiekiko, eta beste kulturekiko. “Landu genituen ariketen artean biografia linguistikoari buruzko bat zegoen: ikasleek kontatzen zuten zer hizkuntza hitz egiten zituzten eskolan, kalean eta etxean. Bada, gelan hizkuntza horiek presente dauden momentuan, ikasleen kontzientzia linguistikoa areagotu egiten da, eta iruditzen zait horrek elkarbizitzarako bide bat ireki dezakeela, nahiz eta ez dudan horretan sakontzeko aukerarik izan nire ikerketan”, iruzkindu du adituak.
Horrenbestez, ikertzaileak uste du “oso baliagarria eta interesgarria” dela eleaniztasuna bultzatzea eta erabiltzea hezkuntzan, “baina garbi izanda euskarak izan behar duela ardatza, eta erdigunea, eta espazioak sortu behar direla euskara babesteko”.