UPV/EHUren Kimika Fisikoko Sailak eta Biofisika Institutuak Tn antigenoaren jakintza-alor anitzeko azterketa bat egin du; antigeno hori minbizien % 90ean azaltzen da. Itxuraz berdintsuak diren eta uretan, aldiz, konformazio oso ezberdina duten bi aldaera ikertu dituzte. Kimikaren alorrean munduko aldizkari entzutetsuena den Journal of the American Chemical Society (JACS) aldizkariak berriki hilabeteko artikulurik onena moduan nabarmendu du ikerketa-lana.
Uraren garrantzia minbiziaren aurkako etorkizun handiko biomarkatzaile batean
Tumoreak modu eraginkorrago batean detektatzeko erreminten diseinua erraz lezake UPV/EHUko ikerketa batek
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/10/11
Tn antigenoa minbizien % 90ean azaltzen da eta metastasiarekin lotuta dago. Horrenbestez, “minbizi-zelulak identifikatzeko etorkizun handiko biomarkatzaileak dira, minbiziaren aurkako terapientzako itu erakargarriak bilakatu dira”, azaldu du Emilio José Cocinero UPV/EHUren Kimika Fisikoko Saileko eta Biofisika Institutuko kideak eta lanaren egile nagusienetako batek. Antigenoak antigorputzen sorrera eragiten duten molekulak dira. Izan ere, sistema-immuneak mehatxu moduan antzematen ditu, eta erantzun immunitario bat eragin lezake.
Lan honetan itxuraz berdintsuak diren Tn antigenoaren bi aldaera ikertu dituzte; serina edo treonina aminoazidoan bereizten dira soilik. Dena den, “uretan portaera oso ezberdina dutela behatu dugu”, adierazi du Emilio José Cocinerok. “Ikuspuntu esperimental zein konputazional bat erabiliz, egiaztatu dugu Tn antigenoa treoninarekin lotuz gero, egitura zurruna osatzen duela uretan, egitura egonkortzen laguntzen duen ur-molekula bati esker. Aitzitik, Tn antigenoa serina aminoazidoari lotzen zaionean egitura-elementu hori falta zaio eta malgua da uretan”, dio UPV/EHUko ikertzaileak. “Ezberdintasun horiek ez ditugu gas-egoeran behatu, bi molekulak portaera berdina azaldu baitute. Beraz, lehenengo aldiz eta zalantzarik gabe ikusi dugu urak zeregin garrantzitsua duela molekula horien egitura tridimentsionalean”, gehitu du.
Uraren egitekoa gertutik ezagutzeko, “ur-molekulak banan-banan gehitzen joan gara, Tn antigenoaren portaera aztertzeko. Ikusi dugu ur-molekula bakarra gehitzea nahikoa dela bi antigeno horien egitura aldatzeko, eta gainera, ura molekularen zati ezberdinetan gehitzen da”, azaldu du Cocinerok.
Emilio José Cocineroren esanean, “litekeena da Tn antigenoaren konformazio ezberdinek elkarrekintza ezberdinak izatea zelula-errezeptoreekin eta antigorputzekin, eta egitura horiek ulertzeak minbizia modu eraginkorrago batean detektatzeko erreminten eta minbiziaren aurkako botiken diseinua erraz dezake”. “Lan hau —gehitu du Cocinerok— minbiziaren aurkako txerto potentzialak ekoiztera bideratuta dagoen epe luzerako proiektu baten barnean dago”.
“Molekula honek, Tn antigenoak, duen arazorik nagusienetako bat da gorputzean naturalki ere aurkitzen dela; ondorioz, gorputzaren erantzun immunea oso baxua da, ez baitu eragile arrotz bat moduan ikusten”, azpimarratu du lanaren egileak. Hala ere, “ikusi dugu molekula horren kontzentrazioa areagotuz gero, minbizia garatuta dagoela esan nahi duela. Alegia, molekula horren ibilbidea jarrai dezakegu, minbiziaren garapen-maila ezagutzeko”, gehitu du Cocinerok.
Cocineroren iritziz, “etorkizunean idealena litzake gure gorputzean ez dauden eta Tn antigenoen egitura bera duten molekula sintetikoak sortzeko gai izatea. Modu horretan, gorputzak eragile arrotz bat moduan ikusiko lituzke, tumore-zelulen aurkako erantzun immune handiagoa abiaraziz”.
Informazio osagarria
Jakintza-alor anitzeko lan honetan hiru erakunde aritu dira batik bat elkarlanean: Emilio J. Cocinero UPV/EHUren Kimika Fisikoko Sailetik eta Biofisika Institututik, Francisco Corzana Errioxako Unibertsitatetik eta Ramón Hurtado ARAID Fundaziotik.
Erreferentzia bibliografikoa
- Water Sculpts the Distinctive Shapes and Dynamics of the Tumor-Associated Carbohydrate Tn Antigens: Implications for Their Molecular Recognition
- Journal of the American Chemical Society (2018)
- DOI: https://doi.org/10.1021/jacs.8b04801