euskaraespañol

UPV/EHUren adierazpena, martxoaren 24an egindako lanuzte akademikoaren esparruan izandako istiluei buruzkoa

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/24

Gaur goizean, Unibertsitateko Ikasle Kontseiluak deitutako lanuzte akademikoaren esparruan, gazte talde batzuk Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) hiru campusetako hainbat fakultatetan sartu dira. Ekintza horiek bereziki larriak izan dira Arabako Campusean, non petardoak eta bengalak jaurti, hormetan pintadak egin eta eraikin horietako batzuen altzariak txikitu dituzten. Campus honetan hainbat identifikazio egin dira, ordena publikoa nahasteagatik.

Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretza taldeak aringarririk gabe gaitzesten ditu indarkeria ekintza horiek. Gutxiengo batzuek bizikidetzaren aurka egindako atentatuak dira eta ez dituzte UPV/EHUko ikasleak ordezkatzen, ezta unibertsitatea eta haren balio etiko eta akademikoak ulertzen ere.

Inork ez du eskubiderik unibertsitateko bizitza indarkeriaz nahasteko ezta ondasun publikoak kaltetzeko; eta are gutxiago, unibertsitateko kideen osotasun fisikoa arriskuan jartzeko.

Unibertsitatea egindako kalteak baloratzen ari da, dagokion salaketa jartzeko eta erantzukizunak eskatzeko.

                                                                          Leioa, 2022ko martxoaren 24a.