euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUko ikerketa talde batek koadro garaikide faltsuak antzemateko metodo bat aurkitu du

Teknika honen bidez, duela 22 urte arteko obrak datatu ahal izan dira

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/16

Itxaso Maguregi, Luis Bartolomé eta Laura Ortiz-Herrero. Argazkia: UPV/EHU.

Legez kontrako arte merkataritza munduko hirugarren merkatu ilegala izatera heldu da, drogen eta armen atzetik. UPV/EHUko ikerketa batek arte garaikideko obrak datatzeko metodo bat aurkitu du. Metodo aitzindari horrek pintura akrilikoen zahartze prozesua aztertzen du.

Lanaren helburua da obretan erabilitako materialak behar bezala antzematea eta data zehatza jartzea, faltsifikatu diren edo gaizki esleitu diren lanak antzematen lagundu baitezake. «Azterlanaren abiapuntua da jakitea nola zahartzen diren pintura akrilikoak arte garaikidean, eta zehaztea ea gordeta egon den denbora jatorrizko obrak ustez dituen urteekin bat datorren. Hau da, obra horrek 20 urte dituela edo herenegun egin zela esan ahal izatea», adierazi du Itxaso Maguregik, Arte Ederretako irakasle eta lanaren egilekideak.

Honako hauek osatzen dute proiektu honetan parte hartu duten ikertzaileen taldea: Laura Ortiz-Herrero, Farmartem ikerketa taldeko kidea, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitiko Sailekoa, eta Irene Cardaba, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura Sailekoa; UPV/EHUko Bizkaiko Analisirako Zerbitzu Zentraleko Luis Bartolomérekin (SCAB, SGIker) eta UPV/EHUko Pintura Saileko Itxaso Maguregirekin elkarlanean.

«Arte garaikidearen arazo nagusia da obrak egiteko erabiltzen diren materialak oso erraz aurki daitezkeela gaur egun eta, beraz, faltsifikazioak egitea lehen baino errazagoa dela. Horregatik da hain garrantzitsua azterketa hau», azaldu du Luis Bartolomék.

Horretarako, zahartze azkarreko probak egin zaizkie pinturei; argi, tenperatura eta hezetasun kontrolatuko geletan sartu dira, pinturetan denboraren joatea birsortzeko. «Gelako 50 ordu zahartze naturaleko urtebeteren baliokide dira, eta bilakaera kimikoa monitorizatu zen, adina iragartzeko eredu matematikoak garatze aldera. Funtsean, pintura akrilikoaren zahartze kontrolatua aztertu da, pinturaren time lapse antzeko baten bidez», adierazi du Luis Bartolomék. 

Zahartze artifiziala egin ondoren, eredu eta lagin batzuk lortzen dira, eta horiek jatorrizko obrarekin alderatzeko balio dute. «Lagin artifizialek osatutako eredua egin ondoren, benetako laginak txertatzen ditugu, eta horiekin egiten dugu alderaketa. Horri esker, ikusi dugu gure ereduak behar bezala funtzionatzen duela, benetako obrek zituzten urteak asmatzen zituelako bete-betean. Adibidez, berretsi ahal izan zen Jesús Mari Lazkano euskal margolariak 2015. urtean egindako eta guri utzitako koadro batek 4 urte zituela», baieztatu du Bartolomék.

Korrelazio hori 22 urte arteko obrak datatzeko erabili ahal izan da. Obrak pintura mota berarekin sortuak daude, eta baldintza alderagarrietan gorde dira. «Metodologia hau pintura obra garaikideak datatzeko lehen urratsa izan liteke. Era berean, lan hau lagungarria izan daiteke pintura garaikideko obrak kontserbatzeko eta zaharberritzeko beste metodologia egoki batzuk garatzeko», azaldu dute Laura Ortiz-Herrero eta Irene Cardaba ikerlariek.

Lan hau kimika analitikoaren arloko aldizkari garrantzitsuenetako batean argitaratu da: Talantan. Gainera, Technart 2019 nazioarteko kongresuan –Brujasen– arrakasta handia izan du Europako komunitate zientifikoan. Horrez gain, lan horren beste zati bat argitaratuko da Microchemical Journal nazioarteko aldizkari zientifikoan.