euskaraespañol

UPV/EHUk larrialdi klimatikoa aitortu du, munduko unibertsitate batzuekin bat eginez

Irailean Nazio Batuek egingo duten Ekintza Klimatikoari buruzko Goi-bileraren aurrean, arazo larri horretaz ohartaraztea da helburua

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/30

UPV/EHUk bat egin du Larrialdi Klimatikoaren Egoera aitortzeko Adierazpenarekin. Ekimen hori Nazio Batuen Erakundeak eta Erresuma Batuko Unibertsitate eta Ikastegien Elkarteak (EAUC) elkarrekin sustatu dute, eta mundu osoko goi mailako hezkuntzako erakundeen laguntza du.

Horrela, UPV/EHUk bat egiten du goi mailako hezkuntza zentroen ekimenarekin. Ekimen horrek aldaketa zorrotza eskatzen du, berotze globala ete bere ondorioak leheneratzeko, 2019ko irailaren 23rako Nazio Batuetako idazkari nagusiak deitutako Ekintza Klimatikoari  buruzko Goi-bilera dela eta.

Larrialdi Klimatikoaren Adierazpena sinatzean, Euskal Herriko Unibertsitateak oinarrizko bost konpromiso hartzen ditu:

  • Karbono neutrala izatea 2030 urterako.
  • Unibertsitateko kideak ahalduntzea, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzeko eta haietara egokitzeko neurriak ezarri eta martxan jartzeko.
  • Aldaketa klimatikoari buruzko ikerketarako eta tekniketarako baliabideak mobilizatzea.
  • Unibertsitate campusetan ingurumen-hezkuntza eta iraunkortasunaren programak sortzen laguntzea.
  • Beste erakunde batzuekin aldaketa klimatikoari buruzko ezagutzak partekatzea, eta erronka horren aurrean elkarlana bultzatzea.

Halaber, UPV/EHUk gobernu eta beste hezkuntza zentro batzuei eskatzen die ekimen honekin bat egitea, larrialdi klimatikoaren egoera aitortuz eta pertsonentzako eta planetarako etorkizun hobea ekarriko duten jarduera zehatzak bultzatuz.

Proposamena nazioarteko 25 sarek baino gehiagok bermatu dute, besteak beste, Hezkuntza Iraunkorrerako Ekimena (HESI, ingelesez), Global Alliance edo Second Nature sarea, aipatu EAUCz gain. Sare horiek orotara 7.000 erakunde ordezkatzen dute.

Garapen Iraunkorrerako Helburuekin (GIH) UPV/EHUk duen konpromisoa

2018-2021 Plan Estrategikoan, UPV/EHUk garapen iraunkorra, inklusioa eta gizarte konpromisoa sustatzen dituen erakunde bihurtzea proposatu zuen, bere hiru eginkizun nagusietan: prestakuntza, ikerketa eta transferentzia. Unibertsitate publiko eta erakunde hezitzaile eta ikertzaile den heinean, aldaketa agente nagusietakoa da, eta euskal gizartearen erronkei erantzuna emateko, hala nola aldaketa klimatikoa bezalako arazo globalei.

Halaber, aldaketaren beharraz eta aldaketa hori bultzatzeko gaitasunaz oharturik, Nazio Batuen Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako 13. helburuarekin konpromisoa hartu du, Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 11n onartutako EHUagenda 2030ren bidez. Hamahirugarren helburu hori klima aldaketaren eta haren ondorioen aurka premiazko neurriak hartzean datza.