euskaraespañol

UPV/EHUk kalitatezko irakaskuntzaren balioa aitortu du

Ikasleek egindako ebaluaketan bikaina lortu duten 49 irakasle omendu dira

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/31

(Beste leiho bat zabalduko du)
Saridunak
UPV/EHUk kalitatezko irakaskuntzaren balioa aitortu du garu. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Gaur, maiatzak 31, Bizkaia Aretoan, UPV/EHUk kalitatezko irakaskuntzari aitortza egin dio. Bertan unibertsitate irakaskuntzan bikaintasuna lortu duten irakasle, sail, ikastegi eta UPV/EHUko irakasleen jarduera aztertzeko Docentiaz programaren ebaluatzaileei ere diplomak eman dizkiete.

Zehazki, ekitaldian omendu dira programaren 7. eta 8. deialdietan (2017 eta 2018an) ikasleek bikaintasun kalifikazioarekin ebaluatu dituzten 49 irakasleak. Horietaz gain, omenduak izan dira programan parte hartzen duten 62 ebaluatzaileak, beraien ardura eta babesagatik, 42 sail eta 9 ikastegik beraien irakasleen %50ak baino gehiagok ebaluazioan parte hartzeagatik. Aitortza jaso duten ikastegiak honako hauek dira: Bilboko Ingeniaritza Eskola, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, Gasteizeko Ingeniaritza Eskola, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Bilboko Hezkuntza Fakultatea, Farmazia Fakultatea, Psikologia Fakultatea eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea.

Jardunaldiak Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea izan du buru, eta berarekin izan dira Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Eva Ferreira, Unibasq-eko zuzendaria. Bestalde, Eduardo Garcia Jimenezek, Sevillako Unibertsitateko katedradunak, eta goi mailako ikasketetan adituak unibertsitateko irakasleen etorkizuneko rolari buruz hausnarketa egin du “Valor añadido del profesor: retroalimentación a los estudiantes” eman duen hitzaldian.

Docentiaz

Docentiaz programa Euskal Herriko Unibertsitateak garatu du , Hezkuntza Ministerioak unibertsitateko irakasleen kalitatea bermatzeko eta haien garapena eta errekonozimendua bultzatzeko ezarritako jarraibideen arabera. Programak gainera Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziaren (Unibasq) ebaluazio zorrotza gainditu du; hala, irakasleak ebaluatzeko sistema egiaztatu bat duen lehen euskal unibertsitatea da UPV/EHU.

Docentiaz programak, ikasleen beraiek irakasleei buruz duten iritzia jasotzen du ikasturte bakoitzean egiten diren milaka inkesten bidez (2017-2018 ikasturtean 220.537 inkesta egin ziren 6.018 ikasgaiei buruz). Inkestek emandako informazioaz gain, irakasle bakoitzak bere irakasgaiaren inguruan egiten duen plangintzari, arrakasta tasari eta irakasleen merituei buruzko datuak (irakaskuntza berrikuntzako proiektuak, zuzendutako tesiak, parte hartu duten irakaskuntza-biltzarrak, egindako aurkezpenak eta abar) biltzen ditu. Espediente bakoitza bost urteko irakaskuntza jarduerari buruzkoa da, eta haren pareko ebaluazioa egiten da UPV/EHUko irakasle eta ikasleez eta beste unibertsitate batzuetako irakasleez osatutako batzorde batean. Gaur egun, UPV/EHUko irakasleen % 46,66k hartu dute parte Docentiaz programan.

Idoia Fernandez, Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea programa honen garapenarekin pozik azaldu da: “irakaskuntza bikaina pasioa, pazientzia eta entrenamendua behar duen jarduera da. Irakasle ona izateak ahalegin handia eskatzen du, hala ere, gehienetan ez zaio aitortzen daukan balioa. Docentiaz lan hau agertarazten duen programa da. Hori horrela, Docentiaz programak sortzen dituen konpromiso eta konplizitate sare hauetaz oso harro dago unibertsitatea”.