euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal Herriko Unibertsitateak aurrez aurreko jarduera guztia eten du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/03/14

Eusko Jaurlaritzak adierazitako osasun larrialdia eta Estatuko Gobernuak adierazitako alarma egoera direla eta, eta datozen egunetan hartuko diren neurriei kalterik egin gabe, UPV/EHUk erabaki du bere zentroetan unibertsitate kide guztien aurrez aurreko jarduera etetea, oinarrizko zerbitzuak mantentzeko izendaturikoenak izan ezik. Zerbitzu horiek Errektorearen Ebazpen baten bidez ezarriko dira.

Campusetan kafetegi guztiak eta gainontzeko zerbitzuak itxiko dira, momentuz, unibertsitate egoitzei dagozkienak salbu. Miguel de Unamuno ikastetxe nagusiak irekita jarraituko du, oinarrizko zerbitzuekin, bestelako neurririk hartzen ez den bitartean.

Gainontzeko instalazioetan, pertsonalak bere funtzioak garatzeko beharrezkoa duen materiala hartu ahal izateko soilik, astelehenean, martxoak 16, 8:00etatik 15:00etara, sartzeko aukera egongo da. Eraikinean eginbehar horretarako behar den denbora besterik ez da hartuko.

UPV/EHUk telelan modalitatea garatuko du pertsonalarentzat, ahal den neurrian, funtsezkotzat jotzen ez diren zerbitzuak ere bete daitezen. Ezarritako gutxieneko funtsezko zerbitzuak garatu behar dituzten pertsonei dagokienez, beren osasun segurtasuna bermatzeko neurri egokiak  hartuko dira.

Astelehenean, martxoak 16, pertsonalaren presentziaren beharra izango duten zerbitzu eta unitateak zehaztuko dira, baita unibertsitateko instalazioetara sartzeko baimena izango duen pertsonala ere.

UPV/EHUko langile guztiak telefonoz aurkitzeko moduan egon behar izango dute, eta horretarako beren arduradun zuzenei beharrezko informazioa emango diete.

Ez da baimenduko lan arrazoiengatik inolako joan-etorririk unibertsitatetik kanpo, salbuespenezko gertaerak izan ezik. Desplazamendu horiek errektoreak edo haren ordezko batek espreski baimendu beharko ditu. Dagoeneko onartuta zeuden eta martxoaren 16tik aurrera gauzatu behar ziren baimen guztiak bertan behera geratzen dira.

UPV/EHUk webgune berezi bat prestatu duela gogorarazten dizuegu, unibertsitateko kideei koronabirusari eta horrek unibertsitate-jardueraren alderdi guztietan duen eraginari buruzko berri, gomendio, berrikuntza eta argibide guztiak emateko.