euskaraespañol

Eguneko irudia

Unibertsitateen G-9 taldea prestakuntza dualaren alde agertu da, ikasleen trebakuntza praktikoa hobetzeko eta enplegagarritasuna errazteko

G-9 unibertsitate publikoko Akademia Antolakuntzako ordezkariak Palman bildu dira, UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka presidente dutela

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/14

Unibertsitateen G-9 taldeko (G-9) Akademia Antolakuntzako Batzorde Sektorialak gaur goizean Palman, Balear Uharteetako Unibertsitatean, egin duen bileran, unibertsitateko prestakuntza duala sustatzearen alde egin du, hau da, sare sozioekonomikoa eta eskaintza akademikoa lotzen dituen prestakuntza modalitatearen alde. Izan ere, taldearen ustez, eremu hori ez dagokio Lanbide Heziketari soilik. Bilerako burua UPV/EHUko errektore Nekane Balluerka izan da. Enplegagarritasunerakin lotutako gaitasun orokorrak bultzatzeko ekintza bateratuak diseinatzeko asmoa erakutsi dute; besteak beste, gradu eta graduondokoetan prestakuntza duala garatzekoak, ikasleen prestakuntza praktikoa hobetzeko eta haien laneratzea errazteko helburuz.

Balluerka errektorearen iritziz, «unibertsitateek prestakuntza dualeko eredu bat abiarazi behar dute, eragile ekonomiko eta sozialekin lankidetza biziagoa batean oinarritua;  horretarako, prestakuntza eredu horren erronkari aurre egiteko aukera emango duten jarduerak planifikatu behar ditugu». Balluerkak, halaber, hau erantsi du: «Unibertsitateko prestakuntza dualak aukera bikaina ematen du unibertsitate publikoek eta gero eta konplexuagoa eta pluralagoa den inguruaren arteko harremanak gehitzeko, eta pertsona eta instituzio gisa aberasteko». 

Helburu horrekin, Batzorde Sektorialeko ordezkariek Errektoreen Batzar Nagusira jasoko dute «Prestakuntza duala unibertsitate-ikasketetan» jardunaldia antolatzeko proposamena, unibertsitate bakoitzak bere ikuspuntua azaldu dezan, eta besteen esperientziak ezagutu, eta, erkidegoetako ordezkari politikoekin, ekonomikoekin eta sozialekin batu ostean prestakuntza dualeko etorkizuneko jarduera-ildoak zein izan daitezkeen jakinarazi. 

Irakaskuntza teknologiak

Gaur goizeko bileran, unibertsitate anfitrioiak, Antonio Fernández-Coca Transmedia eta Kanpus Digitaleko errektoreordearen bidez, “Tecnologías docentes tras escuchar de forma activa a los estudiantes: propuestas y soluciones” hitzaldia eman du. Fernández-Cocak UIBko ikasleek eta irakasleek kolektibo bakoitzaren beharrak eta elkarren artean dituzten bat etortzeak ezagutzeko, ikasgaietako edukiak hobeto komunikatzeko irakaskuntza jarraibideak ezartzeko helburuz, gauzatzen duten entzute aktiboko prozesua azaldu du. Halaber, edukiak belaunaldi arteko hizkuntzara egokitzeko beharra nabarmendu du, berrelikadura horren ondoriozko irakaskuntza material berriak prestatzeko.

Gradiondokoen eta etengabeko prestakuntzaren X. nazioarteko aretoa 

Madrilen, joan den martxoan izan zen Graduondokoen eta Etengabeko Prestakuntzaren X. Nazioarteko Aretora talde gisa joan izanaz balorazio positiboa egin dute Unibertsitateen G-9 taldeko (G-9) Batzorde Sektorialeko kideek. G-9 taldea seigarren urtez izan da Espainian egiten den hezkuntzako azoka handienean – bai bisitariak bai erakusleak aintzat hartuta–, eta bere eskaintza zabaleko 603 berezko tituluei, 409 master ofizialei eta 245 doktoretza programei buruzko informazioa eman dute.

Unibertsitateko irakaskuntzari buruzko ebaluazioa 

Bileran, bestalde, unibertsitateko irakaskuntzari buruzko ebaluazioaren gainean unibertsitate bakoitzak dituen esperientziak partekatu dituzte. Hala, G-9 taldeko unibertsitateetako ordezkariek unibertsitateko irakaskuntzako berrikuntza sustatzeko eta prestakuntzaren kalitatea hobetzeko estrategiak eztabaidatu dituzte.

Bolognako adierazpenaren urteurrena 

Bileraren gai zerrenda osatzeko, bestelako gai interesgarriak jorratu dituzte, adibidez, unibertsitateak Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Espaziora (EGHE) moldatzea ekarri zuen “Bolognako adierazpena” deritzonaren gaineko hausnarketa, sinatu zenetik 20 urte beteko baitira ekainean.

Unibertsitateen G-9 taldea

Unibertsitateen G-9 Taldea (G-9) dagokien autonomia-erkidegoan beste unibertsitate publikorik ez duten unibertsitateek osatutako elkartea da. Hauek dira unibertsitate horiek: Kantabriako Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Extremadurako Unibertsitatea, Balear Uharteetako Unibertsitatea, Errioxako Unibertsitatea, Oviedoko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa eta Zaragozako Unibertsitatea.