euskaraespañol

Eguneko irudia

Tumore-zelulak atzematea eta askatzea gailu bioelektroniko adimendunak erabiliz

UPV/EHUko talde batek kostu baxuko plataforma unibertsalak garatzea proposatzen du minbizia goiz bahetzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/09

Janire Sáez Ikerbasque ikertzailea
Janire Sáez, Ikerbasque ikertzailea Lascaray zentroko laborategian. | Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeak polimero adimendun batekin estalitako urrezko elektrodoak dituen gailu bioelektroniko bat sortzeko prozedura azaltzen du Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis izeneko liburuan. Modu ez-inbaditzailean eta kontrolagarrian zelulak atzemateko eta askatzeko eta, aldi berean, prozesuak ohiko neurketa elektrikoekin monitorizatzeko gai da gailu hori. Minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsa da.

Metastasia da minbiziaren ondoriozko heriotza-kausa nagusia; zelula bat tumoretik irten, odol-fluxura eta sistema linfatikora igaro eta urruneko organoetara heltzean gertatzen da metastasia. Mugitzen diren tumore-zelula horiek modu ez-inbaditzailean biltzea funtsezkoa da minbiziaren ikerketan biologia zelularra, diagnostikoa eta pronostikoa egiteko, eta sendagaiak garatzeko. Odolean aurkitzen diren minbizi-zelulen kontzentrazioa oso baxua izan ohi da beste zelula-mota batzuekin alderatuta, eta zelula horiek modu bideragarrian biltzeko metodo tradizionalak neketsuak dira.

"Minbizi-zelulak kontzentratzeko gai den gailu bat sortu nahi genuen, zelula horien kontzentrazioa hauteman ahal izateko", azaltzen du Janire Saezek, UPV/EHUko Microfluidics Cluster taldeko Ikerbasque ikertzailea. Orain arte helburu horrekin garatu diren biosentsoreek (parametro biologiko edo kimikoak neurtzeko gailuak, izaera biologikoko osagai bat dutenak) kalte egiten diete zelulei, haiek atzeman eta askatu bitartean. Zentzu horretan, Microfluidics Cluster taldeak material adimendunak konbinatu ditu bioelektronikaren arloarekin (karbonoan oinarritutako erdieroaleak aplikatzean datza) minbizi-zelulen atzematea eta askapena neurtu ahal izateko.

Microfluidic Systems for Cancer Diagnosis liburuaren kapitulu batean xehatu da prozedura. Liburua komunitate zientifikoari zuzenduta dago, eta minbizia diagnostikatzeko eta monitorizatzeko asmoz mikrofluidoen teknologietan egin diren aurrerapausoak aztertzen dira bertan. Minbizia diagnostikatzeko, eta diagnostiko-gailu berri eta hobeen garapena sustatzeko bereziki garatu diren gailu mikrofluidikoak laborategian sortzeko gida paregabea da liburua. Ikerbasque ikertzaileak azaltzen duenez, "tenperatura-aldaketen aurrean erantzuten duen polimero adimendun batekin estali diren mikrofabrikatutako urrezko elektrodoz osatutako gailu bioelektroniko bat erakutsi dugu, zeinak balio baitu mugitzen diren tumore-zelulak modu ez-inbaditzailean atzeman eta askatzeko eta prozesu osoaren aldibereko monitorizazio elektriko eta optikoa egiteko".

Aurrerapauso handi bat egiteko lehen urratsak

"Saiakuntzak kultibo-inguruneetan egin genituen; ez genuen pazienteen benetako zelularik erabili, zelula-kultibo bateko zelula komertzialak baizik. Gure gailuarekin zelulok atzeman eta aska genitzakeela egiaztatu genuen", azaldu du ikertzaileak. Orain, polimeroa askotariko zelula-motetara zehazki egokitzeko lanean ari dira. Gailua "Cambridgeko Unibertsitateko talde batekin izandako lankidetzaren emaitza da; lanean jarraitzen dugu talde horrekin, eta gailua hestegorri-minbizia duten pazienteen laginekin erabiltzen ari dira. Gailu horren bidez, minbizi-zelulak berriz kontzentratzen ari dira modu hautakorrean, haien kontzentrazioa hauteman ahal izateko", aipatzen du Sáezek.

Hauxe azpimarratzen du ikertzaileak: "minbiziaren bahetze goiztiarrerako plataforma unibertsalak garatzeko lehen urratsak dira. Baliteke aurrerapauso on bat izatea, oro har kostu baxuko teknologiak direlako eta masiboki ekoitz daitezkeelako. Teknologia-mota hauek minbizia goiz bahetzeko erabiltzea da asmoa".

Gaur egun, Microfluidics Cluster taldeak "horren antzeko gailu bioelektronikoetarako egitura mikrometrikoen" garapenean du arreta. "Gainera, 3D-ko sistemak garatzen ari gara, 'organoa txip batean' izeneko sistemak sortzeko (alegia, giza gorputzaren organoen itxurak egiten dituzten sistema biomimetikoak)", dio.

Informazio osagarria

Janire Sáez Ikerbasque ikertzaileak Ehunen Ingeniaritza ikasgaia irakasten die Biokimikako eta Bioteknologiako ikasleei.

Erreferentzia bibliografikoa