euskaraespañol

Gaurko irudia

Tratamendu berritzailea eta erraza Candida Albicans onddoaren aurka

UPV/EHU buru izan duen azterlan batek umetokiko zelula amek onddoen aurka gauzatzen duten jarduera azaldu ditu

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/05

(Beste leiho bat zabalduko du)
Candida Albicans onddoa. (Argazkia: Aranzazu Saéz Rosón. UPV/EHU)

UPV/EHU buru izan duen azterlan batek umetokiko zelula ametan oinarritutako tratamendu berritzaile eta erraz bat garatu du, baginako kandidiasia gaixotasunaren jatorri den Candida Albicans onddoaren aurka borrokatzeko. Emakumetan oso ohikoa den gaixotasun honek pazienteen bizi kalitatea gutxitzen du bere sintomen bitartez (azkura eta erresumina), nahiz eta arriskutsua ez izan beren bizitzarako. Ikerlana mikrobiologiaren arloan

Guillemo Quindós UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Mikrobiologian Katedraduna buru izan duen ikerlana Fundación para la Investigación con Células Madre Uterinas (FICEMU) izeneko fundazioak finantzatu du. Ikerlanari esker, emakumeen artean prebalentzia handia duen baginako kandidiasia tratatzeko alternatiba berri bat ireki da.

Baginako kandidiasiak ez dakar inolako arriskurik pertsonaren bizitzarako baina gaixotasuna duen emakumearen bizi kalitatea murriztu eta bere jarduera mugatzen du, oso gogaikarria baita bere sintomen ondorioz (zenbaitetan jasanezinak diren azkura eta erresumina). Gainera, baginako kandidiasiko gertakari bat pairatu duten bost emakumetako bat inguru Candida onddoaren eramaile kronikoa bihurtuko da eta infekzio gogaikarri honen jazoera berriak pairatuko ditu noizean behin. Errepikatzen diren kandidiasi horiek erresistenteak izaten ohi dira, gainera, ohiko tratamenduen aurrean. Ikerlan honek emaitzek, ondorioz, leiho garrantzitsu bat ireki diote itxaropenari.

Umetokiko zelula amen baldintzatutako inguruneak (hUCESC-CM) paziente ezberdinen baginatik isolaturiko Candida onddoaren andui sentikor batzuren hazkundea eten du eta, askoz ere garrantzitsuago dena, ohiko tratamenduaren aurrean erresistentea den baginako kandidiasi kronikoa duten pazienteen Candida albicans onddoaren hazkundea ia % 80an eten du. Gogoratu beharra dago Candida albicans onddoa baginako kandidiasien % 80a baino gehiagoaren arduraduna dela.

Umetokiko zelula amek, bestalde, immunodeprimitutako pazienteen odoletik ateratako Candida albicans anduien (sentiberak zein tratamenduaren aurrean erresistenteak) hazkundea eteten dute ere. Onddoen ondoriozko septizemiak (odol infekzioak) heriotza arrazoi garrantzitsua dira paziente talde horren barruan, horien aurka egun dauden tratamendu mediko eskas eta urrien aurrean erresistente egiten direnean bereziki.

(hUCESCs) umetokiko zelula amen andui berezi honek Candida albicans onddoan aurka agertzen duen jarduera sendoago horren zioa bere jatorria izan daiteke. Umetokiko zelula amak oso berezia den leku batetik datoz, "umetoki lepoaren eraldatze lekua” delakotik: leku hori oso zaurgarria da biologikoki eta etengabeko harremana dauka baginarekin eta horrek dakartzan mehatxuekin: onddoak, bakterioak, birusak, gehi kanpotik datozen (sexu harremanen bidez gehienetan) mikrobio patogeno guztiak. Testuinguru horretan, umetoki lepoko zelula ama mesenkimalek, gure espeziearen bilakaeran zehar, defentsa mekanismo boteretsuak garatu ahal izan dituzte: balizko mehatxu guztien aurka egin eta gure espeziaren biziraupena bermatzea xede duten molekula faktore ugari kanpoko ingurura igortzen dituzte.

(hUCESC-CM) umetokiko zelula amen baldintzatutako ingurune bat mikrobioen aurkako tratamendu gisa erabiltzeko modu erabat berritzaile hau, kontzeptu aldetik garrantzitsua izan ez ezik, ikuspegi praktikotik ere da esanguratsua, zelula ama propioen erabileran oinarritutako tratamenduen zailtasuna alboratzen baitu.

Umetokiko zelula amak edo umetoki lepoko zelula ama mesenkimalak (hUCESCs edo “human Uterine Cervical Stem Cells” ingelesez) apenas inbaditzailea den metodo baten bidez lortzen dira, ohiko ginekologia azterketan egiten ohi den lepoaren eskuilatzean oinarritua. Aurreko ikerlanetan ikertzaile ezberdinek ikusi ahal izan dutenez, gainera, beren sekretomak/baldintzatutako inguruneak (zelula horiek igorri duten molekula multzoa) potentzial handia dauka ere bularreko minbiziaren aurkako tumoreen aurka, gaitasun birsortzaile handia kornea lesioetan, bai eta potentzial immunoarautzaile handia ere.

Erreferentzia bibliografikoa