euskaraespañol

Su motelean egindako 40 lan berri eramango ditu UPV/EHUk Durangoko Azokara

Argitalpen Zerbitzuak lau hamarkada baino gehiago daramatza ezagutza euskaraz ere argitaratzen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2023/12/01

Irudia
Su motelean egindako 40 lanetako batzuk. | Argazkia: Ibai Biritxinaga. UPV/EHUko Komunikazio Bulegoa.

Udazkena hainbat fruitu eta ortuari biltzeko garaia izaten da: sagarrak, gaztainak, intxaurrak, perretxikoak, kalabazak, … Basoek kolore berezia hartzen dute, berdetik laranjarako, eta laranjatik kolore marroixkarako ibilbidea egiten dute. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuarentzat ere berezia da udazkena, urteko uzta biltzen duen garaia baita.

Udazkeneko plaza berezia da Durangoko Azokakoa, eta 58. edizio honetan ere hemen daude. Hain da plaza berezia, ezen hiruzpalau hilabete aurretik hasten baitira Durangoko hitzordura zer-nola jantzita joango diren pentsatzen: nolako stand-a jarriko duten irudikatzen, euskarazko uzta oparoa eraman ahal izateko azken ukituak egiten, eta abarretan. Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzua izaten dute bidelagun bidaia honetan, hango kideak arduratzen baitira bai zenbait argitalpen bultzatzeaz bai eta euskaraz argitaratzen diren lan guztien euskara-kalitatea zaintzeaz ere.

Zerbitzu bien urteroko helburua izaten da Durangoko agertokira euskarazko liburuz gainezka etortzea, eta aurten ere aurreikuspen guztiak beteta datoz, euskarazko 40 lan berri aurkeztuko baitituzte azokan. Aurten azokara eramango dituzten berritasunen bi heren (% 66) izango dira euskarazko lanak, eta herena gaztelaniazkoak izango dira. Hau da, kolkoa bete euskarazko libururekin bertaratuko dira.

Durangon plazaratuko dituzten lanetako hamar uniberstitateko testuliburuak izango dira, horietako hiru Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) elkarlanean argitaratu dira: Adimen artifiziala: filosofia eta teknologiaren bilgune, Jon Mentxakatorre eta Aitzol Astigarraga; Agustin Arrietaren Bidez bide hausnarrean. Zenbait gogoeta eta omenaldi filosofiko; eta Onintza Etxebesteren Meta-nortasunak. Euskal arte garaikidearen ahalmenak. Zortzi monografia berri eramango dituzte, eta serie eta bildumetan argitaratutako hamahiru lan berri. Azken horien artean, aipatzekoa da Textos Clásicos del Pensamiento Político y Social en el País Vasco bilduman Argitalpen Zerbitzuak Legebiltzarrarekin duen hitzarmen bati esker argitaratu den Escritos políticos (1920-1940). Julián Zugazagoitia Mendieta lana, zeinaren sarrerako azterketa Luis Salak egin baitu.

Bestalde, euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditu unibertsitate publikoak Durangora: Ekaia (Zientzia eta teknologia) aldizkariaren 44. zenbakia eta ale berezia; Gogoa (Filosofia) aldizkariko 23. zenbakia; eta Tantak (Hezkuntza) aldizkariko 34-2 zenbakia. Horretaz gain, InpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta aldizkari berriaren zero zenbakia ere Durangon aurkeztuko da.

Hiru argitalpen hauen aurkezpenak egingo ditu Argitalpen Zerbitzuak Durangoko Azokan:

  • Abenduaren 8an, 19:00etan, Euskal Literatura sailean argitaratu den Jon Martin Etxebesteren Xabier Lete. Bertsorik sakonena liburuaren aurkezpena egingo da. Liburuan oinarritutako elkarrizketa izango da aurkezpena, non idazleak Jon Kortazar literaturan adituaren galderak erantzungo baititu. Oiartzungo poetak musikatutako lanak bertsolaritzan izan duen eragina eta bertsolaritzak haren poesian izan zuena gainbegiratuko dituzte UPV/EHUko bi ikertzaileek.
  • Abenduaren 9an, 17:00etan izango da UPV/EHU Argitalpen Zerbitzuak argitaratu duen Egungo euskal albuma Xabier Etxanizen eta Karla Fernandez de Gamboa editoreen lanaren aurkezpena. Hitzez eta ilustrazioz osaturiko objektu hibrido, aldakor eta malgua da albuma; eta hura osotasunean ulertzeko, bi kodeen irakurketa egin beharra dago. Liburu honen helburuetako bat da irakurlea albumen mundura hurbiltzea; liburu ilustratutik albumera dagoen bilakabidea ikustea, albumen lanketan dauden faktoreen berri ematea eta haur txikien artean ez ezik helduen artean ere gero eta zabalduagoa dagoen literatura mota honen ezaugarriak ezagutzera ematea.
  • Abenduaren 10ean, 16:00etan egingo da, InpAkta, inpaktu sozialerako ikerlanen akta aldizkariaren aurkezpena. Ebidentzian oinarritutako ikerketa-lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoa da InpAkta, eta gure herrian inpaktu soziala izan dezaketen diziplina guztietako gaiak bilduko ditu. Aurkezpenean, inpaktu sozialaren kontzeptuaren lanketa eta aldizkariak egingo duen ekarpena xehetuko dituzte.

Argitalpen batzuk bakarrik aipatu ditugun arren, Durangoko plazan aurkitu ahal izango dituzue Teresa del Valle, bidegile eta gidari (Pio Perez, arg.), Geneak editatzen. Ebaki, itsatsi eta koloreztatu (Lluis Montoliu; ZIO bilduma - Zientzia Irakurle Ororentzat), Harkaitz Cano eta gaur egungo euskal literatura sistema (Aiora Sampedro), Limes 29. Quaderni del carcereren antologia II (Limes bilduma), Auzo bizigarriak: etxebizitzatik hirira (Ezekiel Collantes, Iñaki Begiristain, Ainara Sagarna eta Aritz Diez) eta beste hamaika lan.

Euskal Herriko Unibertsitateko aurtengo uztari ere udazken-usaina dario. Konpota eta intxaur-saltsa bezala, su txikian egindako liburuekin dator UPV/EHU; danbolinean erretako gaztainak bezala, jira eta buelta ondu dituzten argitalpenekin: barru-barrutik irteten diren bertsoekin, sutondoko txinpartei begira gustura irakurtzen diren artikuluekin eta begiak zabal-zabalik direla begiratzen diren albumekin. Aurreikuspen guztiak beteta, harro esan dezakete: “hiru, hiru, hiru, kolkoa bete liburu”.