euskaraespañol

Eguneko irudia

Sin miedo al Virus del Papiloma

Juan Manuel Marín UPV/EHUko irakasleak saiakera bat argitaratu du umetoki lepoko minbizia eragiten duen GPB birusaren inguruan

Lehenengo argitaratze data: 2023/10/13

Juan Manuel Marín
Juan Manuel Marín

Giza papilomaren birusak (GPB) eragindako genitalen infekzioa da sexu transmisiozko infekzioen artean ohikoena, eta infekzioa duen pertsona batekin baginatik, uzkitik, ahotik edo genitalen kontaktu estutik babesik gabeko sexu harremanak izatean harrapatu daiteke. Askotan, GPBak eragindako infekzioak ez du sintomarik izaten, eta zaila da analitika baten bidez detektatzea. Hala ere, kasuen % 80 baino gehiagotan iragankorra da eta birusa berez ezabatzen da.

Juan Manuel Marín ginekologo gasteiztarrak, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak, saiakera argitaratu berri du, mundu osoan ohikoenetako bat den umetoki lepoko minbizia eragiten duen GPB birusaren inguruko guztiari buruz. ‘Sin miedo al Virus del Papiloma’ izeneko liburu praktiko bat da, papilomaren birusa duten pazienteak lasaitu nahi dituena. Izan ere, paziente horiek askotan informazio falta eta karga emozional handia izaten dute. Paziente baten esperientzia pertsonaletatik abiatuta, diagnostiko prozesu, kontsulta, proba osagarri eta tratamendu guztiak aztertzen ditu.

“Liburuaren lehen zatian Martaren kasua azaltzen da. Paziente hori da saiakeraren ardatz nagusia. GPBren infekzio prozesuan esku hartzen duten oinarrizko elementuak azaltzen ditu, zer den birus bat, zergatik duen gaitasun onkogenikoa, zein arrunta den papilomabirusak eragindako infekzioa, nola sortzen den jasotako informazioa eta nola interpretatzen diren zitologiaren emaitzak”, zehaztu du Juan Manuel Marínek.

Hizkuntza errazean idatzita, infekzioaren ikuspegi bat ematen du medikuntza integratzailetik, eta irtenbide ez farmakologikoak eskaintzen ditu immunitatea hobetzeko. Erreferentzia bibliografikoz beteta, testua zorrotza da GPBren azken ezagutzekin. Aldi berean, ikuspegi adeitsuarekin hurbiltzen da gaira, eta, egileak ahal duen neurrian, begirada femeninoarekin.

Informazio asko eman eta erreferentzia bibliografikoz beteta dagoen arren, lanak izaera narratiboa du, Martaren esperientzia baita ardatz nagusia, azterketa ginekologiko batean papilomabirusak eragindako infekzioa duela ohartzen den pazientea. Hori dela eta, liburuan deskribatzen diren kontsulta eta proba ugari izango ditu, behin betiko sendatu arte. “Marta kontsultara joaten da zalantzak argitzera, eta osotasunean ulertzen ez dituen hainbat prozesutatik igaroko da. Informazioa emango zaio, probak egingo zaizkio, eta biopsiak eta itxaronaldi larriak jasango ditu, prozesu osoan bere medikuak lagunduta”, zehaztu du ginekologoak.

Saiakera publiko orokorrari zuzenduta dago eta dibulgaziozkoa da. Papilomabirusak (GPB) eta zerbixeko minbiziak eragindako lesioei buruzko informazio, diagnostiko, jarraipen, tratamendu eta prebentzio prozesu osoa jorratzen du. Gainera, organismoa infekziotik nola babesten den azaltzen du, eta nola lagun dezakegun sendatzeko, txertaketatik, nutriziotik edo bitamina, mikronutriente edo probiotikoen bidezko osagarriekin.

Informazio osagarria

Juan Manuel Marín (Vitoria-Gasteiz, 1963) ginekologoa da duela 30 urtetik. Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Arabako Unibertsitate Ospitalean lan egiten du eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Obstetrizia eta Ginekologia irakasgaiko irakaslea da. Era berean, Bartzelonako Unibertsitateko (Campus Sant Joan de Deu) Terapia Neuraleko eta Odontologia Neurofokaleko Masterrean irakaslea da, eta osasunaren psikologian espezializatutako prestakuntza du.

Duela urte batzuetatik hona terapia neuralari buruzko artikuluak aztertzen dituen terapianeural.life blog zientifikoa argitaratzen du. Artikulu zientifikoak idatzi dituen arren, ‘Sin miedo al Virus del Papiloma’ da bere lehen saiakera.