euskaraespañol

Eguneko irudia

Simetria, haurrek landareak marrazteko berezkoa duten baliabidea

Landareei buruz duten ezagutza irudikatzerakoan, 4-7 urteko haurrek oso maiz erabiltzen dute simetria, UPV/EHUko azterlan baten arabera

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/30

Landareen bizitzaren bat-bateko marrazkia zazpi urteko haurrak egin du. (Argazkia. UPV/EHU)

Haurrei izugarri gustatzen zaie marraztea, eta, marrazten dutenean, ikusten eta ezagutzen duten errealitatea irudikatzen dute. Aukeratzen dituzten kolore, forma eta gaiek beren heldutasun maila eta kontzeptuzko garapena adierazten dute. Zirkunstantzia horiek egiten dute erakargarri gai hori hainbat ikuspuntutatik aztertzeko aukera. UPV/EHUko José Domingo Villarroel, María Merino eta Álvaro Antón ikertzaileek alderdi jakin batean agertu dute interesa: 4-7 urteko haurrek simetriari ematen dioten erabilera.

Azterlan horrek agerian utzi duenez, 7 urtera bitarteko haurrek berez erabiltzen dute simetria landare bizitzari buruz duten ezagutza adierazteko egiten dituzten marrazkietan. Bilboko Hezkuntza Fakultateko José Domingo Villarroel eta Álvaro Antón ikertzaileek eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko María Merino ikertzaileak azpimarratu dutenez, aztertutako laginean oso maiz erabilitako estrategia izan da, eta konplexuagoa da hezkuntza mailan aurrera egin ahala.

 “Haurrek 7 urte bete aurretik marrazteko trebetasunak (eta, haien artean, simetrien berezko irudikapena) agertzen dituztela egiaztatu izanak eragin esanguratsua izan beharko luke haurren irakatsi eta ikasteko prozesuetan, bai fenomeno biologikoen ulermenari, bai pentsamendu geometrikoaren garapenari dagokionez”, adierazi du Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko irakasle José Domingo Villarroelek. 

Ikerketa horren emaitzak Symmetry izeneko nazioarteko zientzia aldizkarian argitaratu dira. Aldizkari horrek matematikaren eta gainerako zientzien inguruko simetriari buruzko artikuluak biltzen ditu. Aldizkaria Science Citation Index Expanded (Web of Science) izenekoan indexatuta dago, 1,256ko eragin faktorearekin.

Ikerketa metodoa

Villarroel irakasleak azaldu duenez, “irakatsi eta ikasteko prozesuei lotutako oso faktore esanguratsu bat zera da, ikasleen gaitasunak eta ezagutzak zehaztu ahal izatea, jarduera didaktikoak aldez aurreko elementu baldintzatzaile horietara egokitu ahal izateko. Hezkuntzaren urrezko arauetako bat da hori”.

Ildo berean, sail bereko Álvaro Antón irakasleak adierazi duenez, “haurrek simetria berez erabiltzen dutela jakitea aukera ona da haurtzaroko adierazpen grafikoa aztertzeko eta baliabide hori fenomeno biologikoei eta ezagutza geometrikoari lotutako irakaskuntza jardueretan erabiltzeko”.

Azterketa egiteko, Bizkaiko Uribe-Kostako eskualdeko Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako hiru ikastetxeko 65 neskak eta 41 mutilek egindako 116 marrazkiko lagina erabili zuen ikerketa taldeak, 2012-2013 ikasturtean. Bat-bateko marrazkiak izan ziren, simetriaren inguruko aldez aurreko ezagutza eta argibiderik gabe eginak.

Ikertzaileek landareen bizitza aukeratu zuten pintura adierazpenerako gai gisa. Gai horrek, a priori, ez du ageriko loturarik geometriarekin eta simetriarekin. Txotxongilo baten laguntzarekin, txotxongilo horri landareak nolakoak diren, non bizi diren eta zer komeni zaien azaltzeko moduko marrazki bat egitera animatu zituzten haurrak. Bakarkako jarduerak hamar minutu inguruko iraupena izan zuen.

Ikerketa taldeak marrazki horiek aztertu ditu, eta haurrek bi simetria mota erabili zituztela egiaztatu du. Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboaren arloko María Merino irakasleak azaldu duenez, “simetria ziklikoa (hau da, erdiko puntu baten inguruko errotazio simetria agertzen duena) eta simetria diedrikoa (hau da, errotazio simetria zein islatze simetria biltzen dituena) erabiltzen ditu; lehen kasuan, eguzkia marrazten dutenean, adibidez, eta bigarren kasuan, berriz, gizaki bat marrazten dutenean, adibidez. Bietatik, simetria diedrikoa da ohikoena, eta landareak, pertsonak eta haien ingurunea edota dekorazio elementuak (izarrak eta bihotzak, adibidez) marrazteko erabiltzen dute”.

Halaber, ikusi dute simetria diedrikoen irudikapena simetria ziklikoena baino konplexuagoa dela eta hezkuntza mailarik goikoenetan, haurrek ezagutza zabalagoak adierazi behar dituztenez gero, elementu konplexuagoak marrazten dituztela. Generoaren ikuspuntutik, neskek mutilek baino neurri handiagoan erabiltzen dituzte simetria konplexuak.

Azterlan hori lehen urratsa da, nolanahi ere, haurrek landareen munduaz duten ezagutzaren eta sortzen dituzten irudien artean dagoen lotura ezagutzeko, hau da, pentsamendu geometrikoaren eta pentsamendu horren adierazpen grafikoaren artean nolako lotura dagoen jakiteko. “Lotura horiek aztertzea oso interesgarria da; izan ere –adierazi du Villarroelek–, zientzia jarduera matematikari lotuta dago beti. Pentsamendu zientifikoa pentsamendu matematikoari lotuta dago ezinbestez. Horregatik, garrantzitsua da ulertzea nola hasten diren ezartzen haurtzaroan bi pentsamendu mota horien (fenomeno biologikoen azalpenari lotutakoaren eta geometriaren) arteko loturak”.

Ikerketaren egileak

José Domingo Villarroel doktorea da UPV/EHUn, eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea, Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean.

Maria Merino Maestre doktorea da UPV/EHUn, eta Zientzia eta Teknologia Fakultateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea, Matematika Aplikatua eta Estatistika eta Ikerkuntza Operatiboa Sailean.

Álvaro Antón Baranda Zientzietako doktorea da UPV/EHUn, eta Bilboko Hezkuntza Fakultateko (UPV/EHU) irakaslea eta ikertzailea, Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Sailean.

Erlazionatutako edukiak:

Haurrek 8 urte izan baino lehen ulertzen dute animalien eta landareen arteko interdependentzia

Umeek marrazkietan diotena

Marrazkien koloreak zerikusia du haurrek landare bizitzaren inguruan duten ulermenarekin

 

 

 

Erreferentzia bibliografikoa