euskaraespañol

Eguneko irudia

Euskal artzain txakurra salbatzea

UPV/EHUren eta Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkartearen arteko elkarlanaren bidez, arraza hori desagertzea saihesteko asmoa dago

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2020/12/17

Iletsu eta Gorbeiako barietateen aleak
Iletsu eta Gorbeiako barietateen aleak. Argazkia: EATAE.

Bi urtez euskal artzain arrazako txakurrekin lotutako artzainei, hazleei eta jabeei proiektua azaltzeko lan handia egin eta azterlanerako laginak lortu ondoren, ikerketa bide onetik doa aurrera. Laster, emaitzek ale kopuru mugatua duen arraza hori desagertzeko arriskua saihesteko gako batzuk emango dituzte.

Bi urte bete dira Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkarteak (EATAE) eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko BIOMICs Taldeak lankidetza hitzarmen bat sinatu zutenetik, EATAG proiektua deiturikoa egiteko (Euskal Artzain Txakurraren Azterketa Genetikoa). Elkarlanaren xedea Euskal Artzain Txakurra (EAT) arrazaren aniztasuna hobetzeko analisi genetikoak eta azterlanak egitea da. Elkarte horretako kideen kezkaren sorburua Eusko Jaurlaritzak 2001ean argitaratutako bertako arrazen katalogoa izan zen. Izan ere, euskal artzain txakurra desagertzeko arriskuan dagoen arraza gisa sailkatuta agertzen zen, FAOren katalogazio irizpideari jarraituz, ugaltzeko ahalmena zuten 1.000 eme ale baino gutxiago zeudelako. Gainera, EATen bi barietate daudenez, barietate bakoitzean 1.000 eme ale izatera iritsi beharko litzateke. Hauek dira bi barietateak: Iletsua eta Gorbeiakoa.

“Azken 10 urteetan erregistratutako ale puruen datuak oso urruti daude barietate bakoitzean eme ale kopuru hori lortzetik eta urtez urte erregistratzen diren arraza puruko ale berrien kopurua oso murritza da, Espainiako Txakurren Erret Elkarteak, gaur egun euskal artzain txakurraren erregistro liburuak kudeatzen dituen elkarteak, emandako datuetan ikusten den bezala”, azaldu du Edurne Arluzeak, EATAEko presidenteordeak.

Ikuspegi horren aurrean, Euskal Artzain Txakurraren Adiskideak Elkartea Marian M. de Pancorborekin harremanetan jarri zen, BIOMICs taldeko ikertzaile nagusiarekin, azterketa genetikoak egiteko, honako helburu hauekin: arrazan dagoen endogamia maila ezagutzea, arrazari eusteko eta arraza hobetzeko balioko duten ikertaldearen gomendioak eta ondorioak jasotzea, sortutako informazioa UPV/EHUren txakurren DNA bankuan sartzea eta azterlanean parte hartzen duten aleen profil genetikoaren inguruko dokumentazioa sortu eta haien jabeei ematea.

Prozesu neketsua

Bi urte hauetan, txakur horiekin lotutako artzain, hazle eta jabeei proiektua azaltzeko lan gaitza egin da, azterlanerako laginak lortzeko. Orain arte, ehun baino pixka bat gehiago jaso dira, baina urtea bukatzerako 150etik gora izatea espero da.

Urtea amaitzerako 150etik gora txakurren laginak lortzea espero da

“Txakurrei buruzko datuak bildu ondoren, odol lagin bat hartzen zaie eta txartel berezi batzuetan jartzen da, odola egoera onean egon dadin hoztu behar izan gabe –azaldu du Marian M. de Pancorbok–. Txartel horietatik zati txiki bat DNA ateratzeko erabiltzen da; gainerakoa, berriz, gorde egiten da, ondorengo azterketetarako. Gero, profil genetikoak egiten dira, ISAGek (International Society for Animal Genetics) txakur ale bakoitza identifikatzeko egokientzat jotzen dituen 18 markagailuez osatuak. Prozesu analitiko osoa SGIker DNA Bankuarekin elkarlan estuan egiten da –Maite Álvarez doktorea da horren arduraduna–. Analisi prozesua urtearen amaierarako bukatzea espero dugu, azken laginak iritsi eta denbora gutxira”.

Dagoeneko azterlanaren parte diren animalien erregistroen datu base bat sortu da –elkarteak dauka–. Gainera, profil genetiko bakoitzarekin txosten bat egiten da –txakurren jabeei igortzeko asmoa dago–. Une horretatik aurrera, populazioaren analisi genetikoa abiatuko da, emaitza globalak eta azterlanaren ondorioak lortzeko.

Endogamiaren arazoa

Ikerketaren funtsezko alderdietako bat endogamiak eragindako arazoak ezagutzea eta saihestea da, ale gutxiko populazioetan handia izan daitekeelako. Arraza bat desagertzeko arriskuan, faktore erabakigarria da, gainera. “Zenbat eta endogamia maila handiagoa izan orduan eta aniztasun genetiko txikiagoa dago. Horrek arraza ahultzea eragiten du eta alderdi hauetan islatzen da, adibidez: ugaltzeko ahalmena txikitzen da, gaixotasunen aurrean baliabide genetiko gutxiago ditu eta karaktere genetiko ez desiragarriak transmititzeko arrisku handiagoa”, azpimarratu du Edurne Arluzeak.

Endogamiaren kalkulu estatistikoa egin ahal izateko, 130 eta 150 txakur bitarteko lagin bat izatera iritsi behar da. Ondoren, programa informatiko baten bidez, animalien arteko ahaidetasuna baieztatzeko edo baztertzeko azterketa egiten da. “Horri esker, animalien arteko harremana garbi ikus daiteke, izan ere, nahiz eta batzuetan ez dagoela ematen duen, badago –adierazi du BIOMICs-eko ikertzaileak–. Ahaidetasuna ezagutu ondoren, arrazari behar bezala eusteko arazorik eragin gabe zer animalia gurutzatu daitezkeen zehaztu ahal izango genuke. Elkartearen kezka handietako bat da hori”.

Arrazak ez dauka gaixotasun bereizgarririk

Oraingoz, dauden datuen arabera, arraza horretako txakurrek ez daukate gaixotasun bereizgarririk, hau da, ez dago gaixotasun zehatz bat duen txakur kopuru handirik. Ildo horretan, arrazak osasun estandar altua duela esan daiteke eta hori oso positiboa da. “Ez daude ale asko, baina ez daukate gaixotasun errepikaturik, beraz, arraza ez desagertzeko itxaropena izaten jarraitu dezakegu”, nabarmendu du Marian M. de Pancorbok.

Azterketa gehiago

Aztertutako txakurren artean, batzuk dagoeneko euskal artzain gisa sailkatuta daude eta beste batzuk oraindik ez, dela sailkatzeko aurkeztu direnean baztertuak izan direlako, erabiltzen diren karaktere morfologiko estandar batzuk ez betetzeagatik, dela oraindik ez direlako ebaluatu. Horregatik, azterlanaren hurrengo fase batean, beste ezaugarri morfologiko batzuk ikusten ahaleginduko dira, ikuspuntu genetikotik, eta, horri esker, aztertutako txakurrak arraza horretakoak diren edo ez zientifikoki zehaztu ahal izango dute.

Gainera, Innsbruckeko Unibertsitateko Auzitegi Medikuntzako Institutuari bere lanetan euskal artzain txakurra barnean hartzea proposatu zaio. Munduan ospe handia duen auzitegi genetikako ikertalde bat da eta txakurren markatzaile berrien panel bat sortu du.

Euskal artzain txakurra dagoeneko aztertuta dauden Europako beste arraza batzuen artean kokatzea

“Dagoeneko Alemaniako, Austriako eta Suitzako arrazekin egiten ari dira hori –adierazi du UPV/EHUko katedradunak– eta orain beren azterketetan beste herrialde batzuetako arrazak sartu nahi dituzte, besteak beste, Erresuma Batukoak eta Ameriketako Estatu Batuetakoak. Euskal artzain txakurra ere aztertzea proposatu diegu. Onartu egin dute eta dauzkagun animalien laginak bidaltzeko hizketan ari gara, txakurren identifikazio genetikoa egiteko markatzaile panel berri horrekin aztertu ditzaten. Euskal artzaina dagoeneko aztertu diren beste arrazen artean nola kokatzen den ikustea da helburua, arraza horietakoren batekin harremanik duen. Azken finean, arraza finkatuagoekin edo zaharragoekin loturarik duen”.

Berriki, antzinako txakurren DNAri buruzko ikerketa global bat argitaratu da. Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko eta Historiaurrea Ikertzeko Talde Finkatuko kide Aritza Villaluengak parte hartzen du horretan, eta duela 11.000 urte baino gehiago, Izotz Aroan, hainbat txakur mota zeudela erakusten duten ebidentziak jaso dituzte.

UPV/EHUk azterlanaren barruan sartu ahal izan zuen animalia bakarra Marizulo kobazulotik (Urnieta) zetorren. J.M. Barandiaranek induskatu zuen kobazulo hori, 1962 eta 1967 artean, eta, indusketa horretan aurkitutako hobian txakur baten eta ardi baten hezurdurak zeuden, gizon gazte baten hezurduraren ondoan. “Genetikoki, txakur mota hori Neolitikokoa zen. Horiek Paleolitikoko lehenengo txakurrak ordezkatu zituzten eta, era berean, geroago Brontze Aroko txakurrek ordezkatu zituzten Neolitikokoak, hau da, gaur egungo Europako txakurren arbasoek, besteak beste, euskal artzain txakurrenek”, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak.

Informazio gehiago

Beraien euskal artzain txakurra EATAG proiektuaren barruan sartzeko interesa dutenak elkartera zuzendu daitezke, honako helbide elektroniko honen bitartez: eatag@eataelkartea.org