euskaraespañol

Laura de las Heras García, Celtia Domínguez Fernández, Cristina Miguelez eta Jone Razquin

Ramón y Cajalen dizipulu ahaztuak

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/05/24

Ezkerretik eskuinera, Carmen Serra (Manuela Serraren arreba), José María Villaverde, Santiago Ramón y Cajal, Fernando de Castro eta Enriqueta Lewy
Ezkerretik eskuinera, Carmen Serra (Manuela Serraren arreba), José María Villaverde, Santiago Ramón y Cajal, Fernando de Castro eta Enriqueta Lewy. | Argazkia: Fernando de Castro artxibo zientifikoa, Madril.

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

2022an Cajal Urtea hasi zenetik, unibertsitateak, ikerketa zentroak, institutuak eta Espainiako zentro zibikoak neurozientziako jarduerez eta tailerrez bete dira, Nobel saridun bikaina eta bere dizipuluak ardatz hartuta.

Santiago Ramón y Cajali buruz asko idatzi da, eta hari buruz dakitenek jakingo dute jada, neurri handiagoan edo txikiagoan, nortzuk diren Pío del Río Hortega edo Nicolás Achúcarro. Baina, beharbada, ez da gauza bera gertatuko Manuela Serra edo Laura Forster izenak elkarrizketan azalduz gero.

XX. mendearen hasierara egingo dugu atzera. Ramón y Cajal bere ikertzaile garai onenean zegoen, baliabide nahiko eskasak izan arren. Espainiako iritzi publikoak egindako presioaren ondorioz, Francisco Silvelaren gobernuak Ikerketa Biologikoen Laborategia finantzatu zuen 1900. urtean, egun Madrilen dagoen Cajal Institutuaren hazia.

Alfonso XIII Institutuaren sail gisa eratu zen, baina, ondoren, zentro independentea izatera igaro zen. Cajalek –1906. urtean Fisiologiako eta Medikuntzako Nobel saria irabazi zuen– zentroko zuzendaritza eta finantza kontrol osoa izan zuen.

Laura Forster, australiar bat Madrilen

Cajalen laborategiko ikerketak eta bilakaera bikaina Europa osoan zehar ziren ezagunak jadanik, eta Oxfordeko Unibertsitateko zientzialarien belarrietara heldu ziren. Horien artean zientzialari nafarraren dizipulurik nabarmenena zegoen: Laura Forster.

Sydneyn (Australia) jaioa, Forsterrek Medikuntza ikasi zuen Bernako Unibertsitatean (Suitza), eta Ingalaterrara joan zen ikerketa karrerari ekiteko. 1911n Madrilera igaro zen, Cajalen laborategian lan egiteko. Bertan hegaztien bizkarrezurmuinaren endekapena eta birsorkuntza ikertu zuen, eta hark berak, irakaslearen estiloari jarraituz, egindako irudiak zituen artikulu bat argitaratzera heldu zen.

Zoritxarrez, ikerketa karrera moztu egin zen Balkanetako Lehen Gerraren ondorioz (1912-1913), bertara joan baitzen erizain lanetan, itsas armada britainiarrean (emakumea zenez ezin zuen medikuntzan jardun). Ondoren osasun langile hasi zen Lehen Mundu Gerran, eta Ukrainako Zalischyky hirian ospitale bateko zuzendari izatera iritsi zen. Hiri horretan hil zen 1917. urtean.

Manuela Serra, ikertzaile eta marrazkilari bikaina

1919ra arte itxaron behar dugu laborategiko hurrengo emakumea aurkitu arte: Manuela Serra Sabater madrildarra, hain zuzen ere. Adimen eta trebetasun apartak zituen, eta unibertsitate ikasketarik ez zuen eta Cajalek aintzatetsi zuen dizipulu bakarra izan zen.

Hala eta guztiz ere, Serrak bere kabuz argitaratu zuen artikulu bat 1921ean, igelen bizkarrezur muineko zelula glialei (hots, neuronei euskarria ematen dietenak) buruzkoa. Haren nagusien tradizioari jarraituz, oso kalitate oneko marrazki xeheak ditu (baina Cajalen estilotik zertxobait urrun daude). Laborategian lan egiten jarraitu zuen 1927. urtean ezkondu zen arte.

Cajalek, 1922an, kolaboratzaileen zerrenda bat egin zuen Zientzien Errege Akademiak eskatuta; eta, bertan, hogeita zazpi kolaboratzaileen artean Forster eta Manuela Serra ziren emakume bakarrak.

Beste emakumezko aurrendari batzuk

Halarik ere, gaur egun badakigu besteren bat ere egon zela. Horietako batek artikuluaren puntu honetan jada ezaguna egin behar zaigun abizena du: Carmen Serra. Cajalen taldean izandako aldiari buruzko oso datu gutxi daude, baina ikerketarako teknikari laguntzaile gisa egin zuen lan haren ahizpa Manuelaren garaian.

1928an, María Soledad Ruiz-Capillas laborategian sartu zen Gonzalo R. Lafora doktorearen zuzendaritzapean. Hura izan zen Neurologia Eskolan unibertsitate titulua (Medikuntza, Madrilgo Unibertsitate Zentralean) izan zuen lehen emakumea.

Ruiz-Capillas Nobel saridunaren dizipulurik polifazetikoena zela esan genezake. Unibertsitatea amaitu ondoren hiru bainuetxetako zuzendaria izan zen (garai hartan osasun zentro gisa hartzen ziren, aisiarako eta erlaxatzeko lekuak baino gehiago), eta Laforarekin egondako garaian Odontologiako ikasketak egin zituen.

Haren ikerketa ere eklektikoa izateagatik nabarmendu zen: bi urtean bakarrik katuen kontrol termikoko zentroak eta garuneko lesioetatik edo zenbait konposatu (hala nola opioideak) txertatzetik eratorritako loaren arazoak ikertu zituen. Dirudienez ez zuen artikulurik argitaratu, eta haren gainbegiraleak ez zuen autore gisa sartu ere bere artikuluetan.

Aurrendari horien ondoren, María Luisa Herreros daukagu. Dizipulutzat ere hartzen da, baina ez zen Cajalekin lanean aritu, 1943an hasi baitzen ikertzen haren izena duen institutuan.

Eta, gainera, aipatu beharra dago emakumezko marrazkilarien talde zehaztugabea; izan ere, ezinbestekoa izan zen haien lana, Cajal laborategiaren eta institutuaren marrazkiek horren maila handia lortzeko. Conchita del Vallek sinatutako 84 lan, Mª G. Amadorrek sinatutako 70 (oraindik ere ikertzen ari da nor dagoen inizial horien atzean), eta “E.RNA”-k (ez da ziurra emakumea denik) sinatutako beste 141 aurkitu dira.

Enriqueta Lewy: berarekin polemika iritsi zen

Azkenik, ezin dugu aipatu gabe utzi  Enriqueta ‘Ketty’ Lewy, beharbada artikulu honetan azaltzen den emakumerik polemikoenena. 1926an sartu zen laborategian, alemaneko itzultzaile gisa. Guztiz elebiduna zen, eta izugarri baliagarria izan zen, garai hartako puntako neurozientzia Alemanian egiten baitzen; Lewyren itzulpenei esker, aurrerapenen berri zuten eta Alemaniako kideekin elkarlanean aritu zitezkeen.

Cajali buruzko hainbat lan argitaratu zituen, baina, zientzialariaren gertuko jendearen arabera, idazlan horiek zehaztugabetasunez eta berariazko aldaketez josita zeuden, bere lan propioa goresteko. Gainera, lehen aipatutako emakumezko kolaboratzaileak ahaztu edo bigarren mailan utzi zituen.

Laura Forster, Manuela Serra eta beren aurrendariak, beharbada, ez ziren nabarmenak izan argitaratutako artikuluen kopuruarengatik edo izandako emaitza zientifikoengatik, baina ikerketak berez dituen zailtasunak ez ziren haien etsairik handienak izan. Bidea urratu behar izan zuten, inolako aurrekaririk gabe, gizonek menderatutako lanbide batean; unibertsitateko ikasketak libreki egitea ere uzten ez zietenean.

Ramón y Cajalen laborategian izandako parte hartzeak, halaber, Nobel saridunak talentua, edozein generokoa zela ere, ikerketetan barneratzeko zuen ardura erakusten du.

 

Artikulu honen zati handi bat Elena Ginéren, Carmen Martínezen, Carmen Sanzen, Cristina Nombelaren eta Fernando de Castroren ikerketan oinarritu da.

The Conversation