euskaraespañol

POLYMAT institutuaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia

Noiz eta non

2024/06/19, 11:00

Kokapena

Antonio Beristain Areto nagusia - Carlos Santamaria Zentroa
Plaza de Elhuyar 2. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Asteazkenean, ekainaren 19an, 11:00etan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) POLYMAT Material Polimerikoen Unibertsitate Institutuaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Carlos Santamaria Zentroko auditoriumean. Ekitaldian parte hartuko dute Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, José M. Asua POLYMATeko lehenengo zuzendariak, José Muñoz ORIBAY group Automotiveko gerenteak eta María Paulis POLYMATeko gaur egungo zuzendariak. Halaber, POLYMATek antolatutako argazkilaritza zientifikoko lehiaketen argazki irabazleen erakusketa ikusi ahal izango da UPV/EHUren Ignacio Maria Barriola Zentroko sarrerako atarian.

“UPV/EHUren ikerketa institutu bat da POLYMAT. 1999an sortu zuten Kimika Fakultatean, polimeroen arloko diziplina anitzeko ikerketa programa baten bidez, industria sektorearen eskaerei erantzuteko. Bizitza modernoari forma eman dioten produktu askotan daude polimeroak: pinturak, itsasgarriak, plastikoak, inplante medikoak, sendagaien estalkiak edo eguzki plakak. Etorkizunean, polimeroek beste material batzuk ordezkatzen jarraituko dute ezarritako aplikazioetan, eta funtzio garrantzitsua izango dute XXI. mendeko erronketako batzuei (adibidez, energia, osasun arreta eta jasangarritasuna) heltzeko beharko diren teknologien garapenean”, azaldu du María Paulis Lumbrerasek, aipatutako institutuko egungo zuzendariak. Produktu polimeriko horiek gaur egun dituzten arazoekin lotuta, institutuak laguntza ematen die inguruko zein nazioarteko industriei. Horrez gain, erabileran oinarritutako funtsezko ikerketa egiten du, polimeroen sintesiari, mihiztadurari eta prozesamenduari buruz. Ikerketa horiek, teoriarekin eta simulazioarekin batera, “aukera ematen dute etorkizuneko erronkei heltzeko. Teknologiaren eta ikerketaren alorrean duen esperientzia eta ezin hobeto hornitutako laborategiak direla eta, unibertsitate institutu hau puntako ikerketa zentroa da bere arloan”.

Hala, lau ikertalde ditu, honakoak ikertzen dituztenak: Polimerizazio Prozesuak, Polimeroen Prozesatzea, Polimeroen Zientzia eta Polimeroen Erreologia. María Paulisek nabarmendu duenez, talde horietan izen handiko ikertzaileak daude, hala nola “José Mª Asua, 2005ean Ikerketako Euskadi saria jaso zuena, POLYMAT institutuko lehenengo zuzendaria, industrian garrantzitsuak diren polimerizazio prozesuen gaineko funtsezko ikerketa egin zuena. Eta David Mecerreyes, gehien aipatutako ikertzaileetako bat, Stanford zerrendaren arabera; polimeroen kimikari, likido ioniko polimerikoei eta bioelektronikarako eta baterietarako polimeroei buruzko ikerketa berritzailea zuzendu du azken horrek”.