Anek urte erdi darama Wroclawen (Polonian) Erasmus+ programarekin. Iritsi zenean bazekien esperientzia ahaztezina izango zela eta hala izango da, baina ez bakarrik horrelako egonaldi batek dakartzan bizipenengatik: Gerraren ondorioz, basakeriatik ihes egiten duten errefuxiatu oldeak iritsi dira hiri horretara. Bertan, nazioarteko ikasleek bat egin dute herritarren sareekin eta lankidetzan aritzen dira harrera onena emateko. Eta zurekin partekatu nahi du esperientzia ahaztezin hau.
Poloniatik email bat
Ane, Arkitekturako ikaslea, Erasmus+ programaren bidez Wroclawen (Polonia) dago ikasten. Nola antolatzen ari diren Ukraniako errefuxiatuei laguntzeko kontatu digu
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2022/03/10
Gerra bat hasten denean bonbardeaketetan eta heriotzetan pentsatzen da. Horrez gain, egun batetik bestera haien bizia guztiz aldatuta ikusten duten pertsonak daude. Egoera honetan egon arren, aurrera egin behar dute. Ezagutzen duten guztia utzi eta ihes egin, beraien buruak eta maite dituztenak babesteko. Pertsona hauei errefuxiatuak deitzen zaie. Errusiak Ukrainan hasitako gatazka armatua dela eta, gaur arte milioi eta erdi errefuxiatu etorri dira Poloniara eta 4 milioi iritsi daitezkeela espero da.
Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko ikasle bat naiz eta iraila geroztik Poloniako Wroclaw-n hirian nago, Politechnika Wroclawska unibertsitatean, Erasmus+ mugikortasun programarekin. Hiri hau Ukrainako mugatik 500 bat km-tara dago. Poloniako egonaldia oso aberasgarria izaten ari da niretzat bai ikuspuntu akademikotik begiratuta, bai pertsonaletik ere. Aukera paregabea izaten ari da lagun berriak egiteko, beste herrialde eta kultura bat ezagutzeko, eta hizkuntza maila hobetzeko ere. Baina XXI. mendean egonik, ez nuen inola ere imajinatuko gerra baten ondorioak lehen pertsonan biziko nituenik. Nire bizitza ez da gehiegi aldatu, boluntariotzaz gain bizitza normala egiten jarraitzen dut, baina egia da ere ni bizi naizen auzoan lehen baina askoz jende gehiago ikusten dela, gainera lehen jende gaztea bakarrik ikusten zen, unibertsitateko ikasleentzako egoitzak baitira, eta orain gerratik ihesi datozen familiaz beteta dago.
Aurreko astelehenean, otsailaren 28an, ni bizi naizen egoitza ingurura familiaz betetako hainbat autobus etortzen hasi ziren eta ondoko eraikinean sartzen hasi ziren. Eraikin hori unibertsitate politeknikoko egoitza da, nirearen berdina. Hau, ordea, itxita zegoen, ez zen inor han bizi. Hori ikusita, errefuxiatuak izango zirela suposatu genuen eta ea laguntza behar zuten galdetzera gerturatu ginen. Egun horretatik aurrera unibertsitateko klaseak eta ikasketa orduak bukatzen ditugunean, gure denboraren zati bat errefuxiatuei laguntzen ematen dugu.
Elkartasun olatu handia
Izan ere, boluntariotza hau antolatzeko Whatsapp talde bat sortu da Wroclaw-en gauden Espainiako Erasmus ikasleekin. Talde horretan 150 bat pertsona gaude dagoeneko. Badago laguntzen duen beste talde bat beste herrialdeetako Erasmus ikasleekin. Poloniar batzuk ere ikusten dira boluntariotza lanetan, batzuetan jende heldua ere umeekin laguntzen ikusi daiteke. Elkartasun olatu handi bat sortu dela esan genezake. Hasieran egoitza hori garbitu eta errefuxiatuak artatzeko zentro moduan erabiltzeko prestatu behar izan zen, bi urtetan inor sartu gabe baitzegoen. Poloniarrak errefuxiatuentzako bizitzeko oinarrizko gauzak ematen hasi ziren eta hauek asko eskertzen dute; izan ere, etortzen ari den jende guzti hori esku hutsik dator.
Aipatutako egoitza hori aldi baterakoa da. Iritsi eta 48 ordu igaro ahala utzi eta beste leku batera joan behar dira. Bertakoek beraien etxeetan jasotzen dituzte, baita ostatu-etxe eta apartamentu batzuk ere prestatu dituzte. 48 ordu horiek igarotakoan familia edo ostatu-etxe horietakoren batera joaten dira. Egunero iristen dira autobusak jende berriarekin. Beraz, egoitza horretan uneoro jendea sartzen eta ateratzen ari da.
Egoitza multzo honen ondoan biltegi erraldoi bat dago. Bertara kamioiak iristen dira egunero, jendeak emandako arropa eta bestelakoekin, baita janariarekin ere. Bertan boluntarioek dohaintzan jasotako materiala (jantziak, janaria, eskuohialak, maindireak...) sailkatu eta kaxetan sartzen dute errefuxiatuei banatzeko. Kaxa batzuk Poloniako edo hiriko beste puntuetara bidaltzen dira eta besteak egoitza honetan dauden familientzako dira.
Horretaz gain, arreta berezia behar duten umeentzat beste egoitza bat dago. Bertan, boluntariook egunean zehar beraiekin jarduerak edo jolasak antolatzen ditugu, egoera atseginagoa izan dadin. 48 ordutarako den egoitza horretan dauden umeekin ere jarduerak antolatzen dira. Egoitzan bertan ere badago gela bat umeek jolas dezaten.
Zuk ere lagundu ahal duzu hortik
Laguntzeaz gain, diru bilketa bat antolatu dugu. Bilketa honen berriak Whatsapp eta Instagram aplikazioen bitartez ematen dira, nahi duenak dirua eman dezan. Diru hori gehienbat biltegiko janaria bukatzen denean gabezia hori betetzeko eta arreta bereziko umeen egoitzari laguntza emateko erabiltzen da. Instagram kontu bat ere ireki dugu (@ayudaenwroclaw) gure laguntzaren gardentasuna helarazteko.
Gerraren ondorioak telebistak erakusten duena baino gehiago dira. Kamerak itzaltzen direnean, errefuxiatuek haien egoerari aurre egiten jarraitzen dute. Gerrek beste motatako biktima batzuk ere uzten dituzte. Gaur Ukrainari tokatu zaio, beste egun batean beste herrialde bati gerta dakioke. Eta telebistaren aurrean daudenek bapatean guztia galdu dutenei eskua eskaintzeak gure gizarteak duen enpatia eta eskuzabaltasuna erakusten du.
Guzti hau azalduta eta gaiari buruz gehiago badakizuela, laguntza honetan parte hartu nahi baduzue hauek dira kontu korronteak:
Juan López Garcelán: ES2821007818182100215847
Silvia Lucrecia Delso Garzón: ES5021007485411300022393
Paypal: Paypal.me/LuciaILeonLopez
Laguntza guztiak ongi etorriak dira, txikiak badira ere.