euskaraespañol

Eguneko irudia

PiE, itsasoko baliabide biologikoen ustiaketarako Europako Ikerketa Azpiegitura handienean

Partaide diren bederatzi herrialdeetako 24 zentroetako bat da EMBRC-ERIC osatzeko aukeratutako Plentziako Itsas Estazioa

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/04/19

(Beste leiho bat zabalduko du)
European Marine Biological Resource Centre (EMBRC), Europako ikerketa azpiegitura handia, errealitatea da dagoeneko
European Marine Biological Resource Centre (EMBRC), Europako ikerketa azpiegitura handia, errealitatea da dagoeneko

EMBRC-ERIC azpiegitura horrek bioteknologia urdinak bezala ezagutzen direnak sustatuko ditu, elikaduraren, osasunaren eta ingurunearen arloan konponbide jasangarriak bilatzeko oinarrizko eta aplikatutako ikerkuntza bultzatuz.

European Marine Biological Resource Centre (EMBRC), Europako ikerketa azpiegitura handia, errealitatea da dagoeneko, eta UPV/EHUren Plentziako Itsas Estazioak (PiE-UPV/EHU) Espainiako Estatua ordezkatuko du egitasmo horretan. EMBRC-ERIC bederatzi herrialdeetako 24 zentroetako batasunaren emaitza da. Horien guztien know-how eta baliabideak elkartu eta ikerketa zerbitzuak eskainiz, ingurune aldakor honetan, ekosistemen osasunaren gaineko oinarrizko galderei erantzuna ematen egingo dute lan; baita arlo horretan teknologia zientifikoa sustatu, itsas biologiako modeloekin osasun arloan aurkikuntzak bultzatu, eta Europako itsaso guztietako egoeraren monitorizazioa epe luzean mantendu ere.

ERIC siglak erakusten duen moduan (European Research Infrastructure Consortium), azpiegitura horren legezko egikaritza, Europar Ikerketarako Azpiegitura Partzuergo gisa garatu da; Europan sortu den horrelako hamazortzigarren ikerketa egitura, hain zuzen. “Oso garrantzitsua da honelako maila eta dimentsioa duen azpiegitura baten parte izatea. CERN bezalako azpiegitura bat zer den ulertzen da, ezta? Bada, gu maila bereko azpiegitura gara. Haiek fisika arloan, gu ‘health and food‘ (osasuna eta elikagaiak) arloan.  CERNek egoitza bakarra du, herrialde zehatz batean, guk 24 egoitza ditugu, 9 lurraldetan banatuta. Hori bai, gure aurrekontua azkoz apalagoa da, eta asko dugu oraindik frogatzeko”, nabarmendu du Ibon Canciok, UPV/EHUko Zelulen Biologia arloko irakasleak eta PiE-UPV/EHUk Europa mailako azpiegitura horrekin bat egiteko arduradunak.

EMBRC ikerketa azpiegitura paneuroparraren estatutuak argitaratu berri dira Europako Aldizkari ofizialean. “Ofizialki EMBRC-ERIC baitan itsas ikerketa zentro bat gara. PiEren ordezkapenaren bitartez, hau da Euskal Herrian dugun gisa honetako azpiegitura bakarra”, gogorarazi du Canciok.  Bederatzi herrialdeetako (Belgika, Frantzia, Grezia, Israel, Italia, Norbegia, Britainia Handia, Espainia eta Portugal) 24 ikerketa zentrok osatzen duten EMBRC-ERIC azpiegitura horretako Espainiako nodoa UPV/EHUko PiEk eta Vigoko Unibertsitateko ECIMATek (Estación de Ciencias Marinas de Toralla) osatzen dute.

Bioteknologia urdina

EMBRC-ERIC azpiegituraren helburua da Europako itsaso guztietako ekosistemetarako sarbidea izatea, hau da: "edozein ikertzailek zein enpresak eskura izatea, alde batetik, bere ikerlana egiteko behar dituen itsas baliabide biologikoak eta, bestetik, biologia molekularraren eta genomikoaren arloko know-how guztia, modu iraunkorrean ustiatu ahal izan ditzan", adierazi du Ibon Canciok. Azken batean, EMBRCk erreferente izan nahi du bioteknologia urdinaren (itsas bioteknologia) aurrerapenetan oinarritutako itsas ekonomia eta hazkunde urdina garatzeko.

EMBRC eratzeko aurreneko lanak 2008an hasi ziren, Europako Batzordeak egitasmo hori bere bigarren bide orrira gehitu ostean. 2011n, EMBRCren sustatzaileek lehen proiektuari ekin zioten, eta, 2014rako, herrialde partaide guztiek sinatua zuten azpiegitura legez osatzeko adostasun memorandum bat. Azaroaren erdialdera, ERIC horren estatutuak eta aurrekontua onetsi zituzten; Espainiako nodoaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak eta Galiziako Xuntak diruz lagundu dute orain arte. Gerora lurralde guzti horiek EMBRC-ERICekiko konpromezua berretsi dute, Espainia barne, Ministroen kontseilu nagusiaren oniritziarekin 2017ko abenduaren 15an.

EMBRC-ERICren egoitza nagusia Parisen dago. EMBRC Europako Batzordeak Europako Batasunean kalitateko ikerkuntza jorratzeko sustatu dituen ESFRI (European Strategy Forum on Research Infrastructures- ESFRI) egitasmoko ikerketa azpiegitura handien artean kokatzen da. Guztira 50 azpiegitura edo azpiegitura-egitasmo daude.

Plentziako Itsas Estazioa

Plentziako Itsas Estazioa (PIE) UPV/EHUren goi mailako ikerketa eta irakaskuntza zentro bat da. Plentziako sendategi zaharrean dago, eta hala itsas ingurumenaren osasuna nola itsas ingurumenak giza osasunean duen eragina ditu aztergai. Zehazki, itsas ekosistemen osasunarekin, ingurumen alterazioek giza osasunean dituzten eraginekin eta itsasoko biobaliabideekin loturiko ikerkuntza eta prestakuntza sustatzen ditu. Hiru master ematen dira Itsas Estazioan, horien artean nazioarteko hiru master Erasmus Mundus Master in Marine Environment and Resources (MER); Erasmus Mundus Master in Marine Biological Resources (IMBRSEa) eta Environmental Contamination and Toxicology,. Bestalde, doktorego programak ere egiten dira. Hogei bat zientzialarik eta hogeita hamar doktoregai inguruk lan egiten dute zentroan.