euskaraespañol

Pablo Zabalak, UPV/EHUko ikasleak, Bizkaia Zubia apaintzen du, 125. urteurrenean

Lanak gris industriala eta Nerbio itsas-adarreko itsas-argi gorriak eta berdeak elkartzen ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/09

(Beste leiho bat zabalduko du)
Pablo Zabalak UPV/EHUko Pintura masterreko ikasleak, ‘Gris’ margolana egin du Bizkaia Zubia apaintzeko, 125. Urteurrenean. (Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Bizkaia Zubiak 125 urteurrena ospatzen du pintura-konposizio batekin, zeinak Nerbioko itsasadarraren meatze- eta industria-iragana gogoratzen duen. Pablo Zabalak, UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko Pintura masterreko ikasleak egin du murala (‘Gris’ tituluduna). “Itsasadarreko espazioak eta Gizateriaren Munduko Ondareko zubiak eratu dituzte pintura-muralaren arauak. Horrela murala lau piezak osatzen dute, bina itsasadarraren ertz bakoitzean”, azaltzen du Zabalak. Kanpoko estalduren dekorazioa terrazetatik eta zubiko pasabidetik bertatik ikus daiteke.

Artistak lau pieza dituen mural bat egin du, zubiaren ontzitxorako sarbideen estaldurak apaintzeko. “Espazioak berak ezarri ditu lanaren arauak, horrela gris industriala eta itsas-argien gorria eta berdea elkartzen dira. Muralak itsasontzi biren sarrera eta irteera irudikatzen ditu; ontziek kea botatzen dute igarotzean, itsas-argiek berdez tindatutakoa ezkerraldean, eta gorriz eskuinaldean”, adierazten du Pablo Zabalak. Era berean, pintura-lanean ipar-mendebaldeko haizea irudikatzen da, ohikoa Kantauriko itsasoan, eta elementu oso garrantzitsua, zeren bere agindupean mugitzen da kea”, gaineratzen du autoreak.

Lana egiteko, UPV/EHUko ikasleak espazioak berak dituen oztopoak gainditu behar izan ditu, murala zubiaren ontzitxoaren sarbidearen kanpoko estalkietan pintatuta dago-eta. Murala Bizkaia Zubiko itsasadarreko bi ertzetako terrazatik eta itsasgoraren mailaren gainetik 45 metroko altueran dagoen pasabidetik ikus daiteke. Obra hori Bizkaia Zubiko 125. urteurrenaren ospakizunaren parte da. Zubia 2006. urtetik Munduko Ondare da.

Pablo Zabala (Getxo-Bizkaia, 1994), UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko graduatua, Pintura masterra bukatzear dago. Bere lanak batzen ditu pintura-murala eta astoko pintura neurritsuagoa. Pintura-lehiaketa batzuetan ere hartu du parte, besteak beste, 2017an Malagako Art Fair, Nazioarteko Garaikideko Arte Azokan eta Baliko (Indonesia) Tropic Mural Festibalean. Halaber, sari hauek irabazi ditu: Ordizian (Gipuzkoa) GoiArt Arte Plastikoen VIII. Lehiaketaren bigarren saria 2016an; eta Amorebieta-Etxanon (Bizkaia) Enrique Rentería ‘Zintzilik’ pintura-txapelketako lehenengo saria 2017an.