euskaraespañol

Eguneko irudia

Sendoa Ballesteros Peña

Ospitale bat gaixo kronikoentzat bakarrik? Ospitale monografikoen eraginkortasuna

Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2023/11/06

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Azken urteetan, osasun sistemak etengabeko berrantolaketa prozesu batean egon dira mendeko desafio handienetako bati aurre egiten: biztanleriaren zahartzea eta horrek dakarren gaixotasun kronikoen ugaltzea.

Europa lehen postuan dago biztanleriaren zahartzean, Espainia abangoardian egonik, kontinenteko bizi itxaropen handienetako batekin. Kalkuluen arabera, 2050ean, europarren % 25ek 65 urte baino gehiago izango dituzte. Mundu mailan, gaixotasun kronikoek, hala nola minbiziak edo gaixotasun kardiobaskularrek, heriotza guztien % 71 eragiten dituzte. Espainiako Estatuan, 15 urtetik gorako pertsonen % 70ek gutxienez gaixotasun kroniko bat dute.

EAEn, herritarren % 23,6k 65 urte baino gehiago dituzte, eta ehuneko hori handitzea espero da, % 27,6ra 2030ean, eta % 38,8 harrigarri batera 2050ean.

Datu horiek agerian uzten dute XXI. mendeko osasun erronkei aurre egiteko premia. Gizarte osoari erantzun egoki eta jasangarri bat emateak lehentasun izan behar du osasun sistemetan, eta testuinguru horretan jadanik baditugu antolakuntza berrikuntzaren eta proaktibitatearen adibide egokiak, desafio demografiko honi heltzeko.

Gaixotasun kronikoak dituzten adinekoetan espezializatutako ospitalea

Urrutira joan gabe, Euskadiko Osasun Sistema aldaketa handiak egiten ari da bere arreta ereduan. Besteak beste, asistentzia espezializatuaren maila ertaina sendotzen ari da, adineko pazienteei eta gaixotasun kronikoak dituztenei begira. Helburua da kalitatezko arreta eskaintzea pertsona horiei, haien beharretara egokitua, era horretan bermatzeko unibertsaltasun, ekitate, elkartasun, eraginkortasun eta kalitate printzipioak.

Bilboko Santa Marina Ospitalea berrantolaketa estrategia horren muinean dago. Gaixo kronikoen eta zaintza aringarriak behar dituztenen arretan espezializatutako zentro bat da, eta adineko pertsonak artatzen ditu nagusiki.

Larrialdi geriatrikoak

Santa Marina Ospitalearen eredua sortu da zubi lana egiteko gizarte eta osasun alorren artean. Ospitaleratze medikorako 242 ohe ditu, eta kanpo kontsulten zerbitzua. Urtean 5.000 ospitaleratze inguru eta 4.500 kanpo kontsulta ditu, eta zerbitzua ematen die gainerako antolakuntzei, sistema publikoak haren esku jartzen dituen baliabide presentzial eta ez-presentzial guztiak erabilita.

Gainera, alor geriatrikora soilik bideratutako larrialdi zerbitzua duen Estatuko ospitale bakarra da, egunean 24 orduz diharduena, urtean 5.500 bisita ingururekin.

Paziente kronikoentzako eta egonaldi luzeko pazienteentzako ospitale monografikoek (HACLE akronimoaz ezagunak) funtsezko zeregina dute osasun arretako sistemaren kalitatearen eta eraginkortasunaren arteko oreka bilaketan, aldakortasuna murrizten dutelako morbilitate handiko pazienteentzako praktika klinikoan.

80ko hamarkadan AEBn zabaldu zen eredu bat da, Medicare programaren errenboltso politikei esker, nahiz eta ez den gehiegi zabaldu munduan.  Espainiako Estatuan, ospitale mota honek ez du hedapen orekatu bat izan autonomia erkidego guztietan, eta osasun arretan dihardu paziente akutuentzako ospitaleekin batera.

Arreta humanizatuagoa eta kostu txikiagoak

Paziente kronikoen ospitale monografikoen eraginkortasuna gai konplexua izan arren, eta dezente ikertu eta eztabaidatu bada ere, ikuspegi ekonomiko batetik esan daiteke errentagarriak direla emaitzei dagokienez. Adibidez, Santa Marina bezalako ospitale batean, egonaldi baten eguneko batez besteko kostua 532 euro da; akutuen ospitale batean, 1.181 euro. Kopuru hori bereziki lehiakorra da, kontuan izanik pazienteek jasotzen duten arreta eta zaintza maila.

Aurrezki ekonomikoa ez da abantaila bakarra, eta ospitale hauek bermatzen dute ere pazientea erdigunean jartzen duen arreta humanizatuago bat. Beraz, gizartearen bilakaera demografikoaren ondorioz, ospitale espezializatuek funtsezko elementu izan behar dute osasun sisteman.

Cronicidad: Horizonte 2025 plataformaren proposamenekin bat etorriz, antolakuntza berritzeko estrategiak berekin dakar egungo osasun sistemaren berrorientazioa. Eredu berriak gai izan behar du biztanleriaren eskaerei erantzuteko eta eraginkorragoa eta jasangarriagoa izateko.

Beraz, ospitale eredu arrakastatsu baten aurrean gaude, gai dena kronizitatearen eta zahartzearen etorkizuneko desafioei aurre egiteko, eta eredu izan liteke antzeko erronkak dituzten beste osasun sistema batzuentzat.

The Conversation