euskaraespañol

Eguneko irudia

Erretxina berriak garatzea, 3D inprimaketa jasangarriagoa egiteko

Kimika Fakultateko gradu amaierako lan batek ondorioztatu du politiouretanozko erretxinak, birziklagarritasun maila handia dutenak, ohikoen ordezko izan daitezkeela

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/07/22

Oihane Varela Kimika Fakultateko laborategi batean | Argazkia: UPV/EHU

Azken hamarkadatan, fabrikazio gehigarriaren edo 3D inprimaketaren garrantzia asko handitu da teknologia berriak garatzen ari diren heinean, ordenagailu bidezko diseinua kasu, aukera ematen baitu azkar eta erraz fabrikatzeko eskaerapeko bereizmen handiko 3D objektuak. “3D inprimaketako tekniken artean –azaldu du Oihane Varela Manriquek–, tangako inprimaketak eskaintzen ditu bereizmen handieneko eta propietate mekaniko oneneko piezak, argi ultramoreak selektiboki solidotzen duenean argiarekiko sentikorra den erretxina likidoa. Hala ere, mugatua da teknika horrekin 3D inprimaketarako erabil daitezkeen erretxinak. Merkatuko erretxina gehienak (met)akrilato taldez eginak daude; beraz, degradagarritasun eta birziklagarritasun maila txikiak dituzte”. Horregatik, erretxina inprimagarri potentzialki birziklagarriak eta jasangarriagoak garatzeko asmoz, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean graduatu berri den Oihane Varelak tangako inprimaketan politiouretanozko erretxinei buruzko gradu amaierako lana egin du.

“3D inprimaketako zenbait modu daude –esan du Oihane Varelak–. Ezagunena edo erabiliena, soiltasunagatik eta prezio txikiagatik, estrusio bidezko inprimaketa da. Horretan, polimero solido bat urtu eta estruitu egiten da, nahi den objektua eratzeko ordena bati jarraikiz antolatzen den bitartean. Tangako 3D inprimaketari esker, aldiz, bereizmen eta kalitate handiagoko pieza konplexuak lor daitezke abiadura onean. Kasu horretan, erretxina likidoa baliatuko dugu eta, argia forma zehatzarekin emititzean, erretxina geruzaz geruza solidotuko da nahi dugun formarekin. Garatu dugun teknikari esker, askotariko propietateak dituzten materialak lor ditzakegu, aukeratzen ditugun lehengaien arabera. Horrek frogatzen du sistemaren moldagarritasuna eta aplikazio potentzial handia . Ildo horretan, 3D inprimaketak pieza konplexuak eskaerapean sortzeko aukera ematen du; horrenbestez, erabilera ugari ditu biomedikuntzan, bitxigintzan eta automobilgintzaren sektorean, besteak beste.

Prozesua erraza da. “Zenbait oinarrizko katalizatzaile latente sintetizatu eta karakterizatu ditugu 3D inprimaketan erabiltzeko, foto-oinarri sortzaile gisa ere ezagutzen direnak. Egiaztatu da aztertutako sistemak egonkortasun ona duela iluntasunean eta azkar polimerizatzen dela argi ultramorearen eraginpean. Fotoerreakzio-azterketen eta azterketa termikoen bitartez, erretxina batzuen biskoelastikotasuna ikertu eta tangako 3D inprimaketan erabiltzeko formulazio onena zehaztu dugu. Ondoren, formulazio horiek tangako 3D inprimagailu batean aztertu eta parametro garrantzitsuenak zehaztu eta optimizatu ditugu. Hala, bereizmen oneko piezak inprimatzea lortu dugu”. “

Hala, lan horrek ondorioztatu du politiouretanozko erretxinak, foto-oinarri sortzaile bitartez katalizatzen badira, ohiko erretinen ordezko izan daitezkeela, aukera ematen dutelako askotariko propietatedun materialak erraz lortzeko. Bestalde, material horiek birziklagarritasun onekoak direnez, 3D inprimaketarako material jasangarriak garatzeko aukera izan daitezke.

Egileari buruz

Oihane Varela Manriquek aurten defendatu du bere gradu amaierako lana, “Development of polythiourethane based resins for 3D printing using Photobase Generators” izenekoa, Kimika Fakultateko Katalisi eta Polimero Jasangarrien ikertaldean,  Haritz Sardónen zuzendaritzapean (irakasle atxikia eta POLYMAT zentroko ikertzailea) eta Xabier Lopez de Pariza doktoregoko ikaslearen laguntzaz. Irailean Kimikako eta Polimeroetako Masterra ikasiko du unibertsitate zentro horretan. Bitartean, Katalisi eta Polimero Jasangarrien taldean prestatzen jarraitzen du.