euskaraespañol

Eguneko irudia

Ocean i3: nabigatzea lortu duen proiektua, Covid-19aren ekaitza gorabehera

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2020/07/03

Argazkia: Enrique López Garre. Pixabay

Ocean i3 ekimenak 2019/2020ko edizioa itxi berri zuen 50 pertsona baino gehiago konektatu ziren lantegi birtual batekin. Lantegia honako hauek ireki zuten: Fernando Tapia UPV/EHUko Garapen Zientifikoaren eta Transferentziaren arloko errektoreordea, Joanne Pagèze Baionako Unibertsitateko Nazioartekotzearen arloko presidenteordea eta Idoia Fernández UPV/EHUko Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreordea. Hauek komunitate osoari indar-mezu hauek bidali zizkioten: «Muga geografikoak eta diziplinakoak gainditu dira, eta irakasleren eta ikasleen arteko elkarrizketa berri bat sortu da, oso aberasgarria. Unibertsitatearen eta lurraldearen arteko elkarrizketa oso emankorra izan da, eta kulturartekotasunaren alderdia oso indartsua izan da, ondo landua». Gainera, hau azpimarratu zuten: Ocean i3 «proiektu berritzailea eta mugaz gaindikoa da, gainerako bazkideekin partekatu behar dena». 

Etorkizunari begira, Ocean i3 komunitate zabalagoa izatea espero dute, non irakasle, ikasle eta eragile sozioekonomiko gehiagok parte hartuko duten. 

Amaitzeko, UPV/EHUk antolatutako Ikasleen III. Biltzarrean parte hartzera gonbidatu zituzten Ocean i3 proiektuko ikasleak, euren gradu amaierako lanen bidez EHUagenda 2030 agendan bildutakoa eta Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzen laguntzeko.

Azpimarratzekoa da topaketari ikuspegi eleaniztunetik heldu izana hasiera-hasieratik: Fernando Tapiak euskaraz eta gaztelaniaz ekin zion lantegiari, Idoia Fernándezek hiru toki-hizkuntzetan (euskara, gaztelania eta frantsesa) hitz egin zuen eta Joanne Pagèze frantsesez mintzatu zen. Gaitutako txatarekin batera, Babel Zirkuitu bat sortu zen modu naturalean, ahoz mintzatutakoez bestelako hizkuntza batzuetan, entzule guztiek ulertze aldera. Horrela, Julieta Barrenechea proiektuaren liderrak emandako gomendioak praktikan jarri zituen komunitateak online lantegiaren hasieran, truke eleaniztuna faboratze aldera.

Ikasleek ekonomia urdinarekin lotutako erronkei zegozkien lanen behin betiko emaitzak aurkeztuz ekin zioten lantegiari. Lurraldeko eragile sozioekonomikoek, zeinak lantegi horretarako berriro bildu ziren, proposatu zituzten erronka horiek. Ondoren, talde txikietan lan egin zen, 19/20ko edizioan landutako erronken arabera, areto paraleloetan baina formatu komun batean funtsatuta: horma-irudi interaktibo bat, non parte-hartzaile bakoitzak lanean jarraituko baitu, 2020-2021eko ikasturterako gaiak zirriborratzeko. Ikasleen partaidetza ere eleaniztuna izan zen, horiek egindako aurkezpenetan hiru toki-hizkuntzak erabili baitziren gehienbat (parte-hartzaile bakar batek erabaki zuen ingelesa erabiltzea, lingua franca gisa).

Murala

Gorabehera tekniko txiki bat egon bazen ere, taldeek horma-irudian parte hartu ahal izan zuten euren ideien ekarpenekin, eta amaieran poster bat sortu zen, hurrengo edizioetarako ideia eta proposamen berriekin. 

Talde-lanen ondoren, gainerako proiektuak aurkeztu ziren; horietako batzuk erronkei buruzkoak ziren; beste batzuek, berriz, erronkekin modu transbertsalean funtzionatu dute, eta beste batzuk eleaniztasunarekin eta komunikazioarekin lotuta zeuden; azkenik, Sophie Herrerak eta Itziar Rekaldek emaitzen sintesia egin zuten. 

Itziar Rekalderen hitzetan, «haize honekin eta marea honekin, sortutako arazoak konpondu behar izan ditugu, eta pertsona sentiberagoak, kolaboratzaileagoak, ulerkorragoak eta solidarioagoak aurkitu ditugu», mundu-pandemiak jotako mugaz gaindiko proiektu hau arrakastaz burutzeko.

Azkenik, lantegia amaitzeko, komunikazio-bekadunek Ocean i3-n egindako bideo bat proiektatu zen. Lan horretan, ikasleak elkarrizketatu ondoren, parte-hartzaileek Ocean i3 proiektuari buruz zuten ikuspegiaren irudi globala jasotzea lortu zuten: «Ocean from the inside». 

Bideoa

Ikasturte berriaren hasierarako, edizio bat irekiko da, hitzartutako arazo berrien inguruko prestakuntza duten irakaslez eta ikaslez osatutako diziplina anitzeko talde berriekin, lurraldeko eragileekin batera. Mugaz gaindiko benetako laborategi bat osatuta, Ocean i3-n bildutako unibertsitateko kideak prest daude erronka berriak gainditzeko eta emulazioak egiteko.