euskaraespañol

Amaia Eiguren Munitis, Ana Belén Fraile Bermúdez, Idoia Imaz Aramburu, José Miguel Correa Gorospe, Miren Nekane Beloki Arizti, Naiara Ozamiz Etxebarria

Nola murriztu belaunaldien arteko arrakala: Gasteizko kasua

UPV/EHUko ikertzaileak

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2024/02/12

Argazkia: Imagen de Freepik

Artikulu hau jatorriz The Conversation argitalpenean aurki daiteke.

Datozen urteetan funtsezko desafio bat dugu: gizarte garaikidearen dibertsitatea. Zahartze demografikoa, migrazio mugimenduak eta haur eta gazteen behar askotarikoak, besteak beste, oinarrizko jardun lerroak izango dira.

Adineko pertsonen gaurko errealitatea aztertzean, aldaketa esanguratsu bat ikus dezakegu. Nahi ez den bakardadea, indibidualismoak hauspotua, eragin kaltegarria izaten ari da pertsona talde horretan.

Aldi berean, errotiko aldaketak izan dira haurren eta gazteen errealitatean. Familia egituretan eta mugikortasunean izan diren aldaketek murriztu egin dituzte belaunaldien arteko harremanak, eta pandemiak eta haren kontrako babes neurriek areagotu egiten dute belaunaldien arteko distantzia.

Alde horretatik, gizarte kohesioa eta inklusioa desafio larri bihurtu da, eta belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten esperientziak funtsezko tresnak dira. Esperientzia horiek, belaunaldien arteko arrakala txikitu ez ezik, interrelazioa eta elkarrekiko laguntza sustatzen dituzte, eta aldaketa positiboak eragin, maila indibidualean nahiz komunitate mailan, gizarte kohesioa eta inklusioa indartuta.

Adineko pertsonen parte hartzea

Testuinguru horretan, adineko pertsonek belaunaldien arteko esperientzietan parte hartzea eragin handiko faktorea izan daiteke, ikuspegi indibidualetik nahiz sozialetik (Pstross et al., 2016). Era berean, esperientzia horiek aldaketa esanguratsuak sortzen dituzte parte hartzen duten haur eta gazteengan, ikuspegi indibidual, sozial eta hezkuntzarenetik (Lokon et al., 2018). Alor honetan diharduten profesionalen ikuspuntutik, belaunaldien arteko esperientziek eragin bat dute komunitate osoan, eta balio dute  gizarte kohesioa indartzeko, distantziak murrizteko eta balioak, jakintza eta kultura sozialak trukatzeko.

UPV/EHU arlo honetan Gasteizko Udalarekin batera egiten ari den ikerketaren asmo nagusia da aztertzea udal horren Gizarte Politiken Departamentuak abian jarri dituen belaunaldien arteko esperientziak.

Helburua da jardunbide egokiak identifikatzea eta, ondorioz, jardun esparru zehatz bat garatzea. Helburu hori betetzeko, helburu espezifiko batzuk finkatu dira: hala nola esperientziak analizatzea, jardunbide egokien gida bat sortzea eta belaunaldien arteko esperientziek gizarte inklusibo eta jasangarri baten eraikuntzan duten balioa nabarmentzea.

Hori horrela, UPV/EHUko ikertzaileek eta Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Departamentuko teknikariek datuak biltzeko tresna bat sortu zuten, Arabako hiriburuan garatutako belaunaldien arteko jarduerak identifikatu eta deskribatzeko.

Belaunaldien arteko 132 esperientzia bildu ziren. Jardueren % 77 inguru Adineko Pertsonen Zerbitzuak sustatu zituen, gehienak BIZAN sareko gizarte zentroetan.

Komunitate ekintza eta gizarte kohesioa

Nabarmentzekoa da batasun komunitario indartsu bat dagoela, jarduera gehienak sarean egiten direlako hainbat komunitate eragilerekin elkarlanean: hala nola ikastetxeak, erakundeak edo kale hezkuntzako programak. Sarean lan egiteko modu horrek zuzenean eragiten du komunitatean eta Gasteizko herritarrengan, komunitate ekintza eta gizarte kohesioa indartzen baititu.

Esperientzien helburu behinena da belaunaldien arteko lotura estutzea eta konexio esanguratsuak sortzea gazteen eta adineko pertsonen artean.  Horrekin batera, adinari loturiko estereotipoak eraitsi nahi dira, aurreiritziei aurre eginez eta bizitzaren etapa bakoitzak bere balioa duela erakutsiz. Gainera, komunitatea gonbidatzen dute aktiboki parte hartzera, norbanako bakoitza funtsezko eragile bihurtuta historia partekatu batean. Hori lortzeko, hainbat talde eta arlorekin lan egiten dute, ezinbestekoak diren konexioak eraikita komunitate partaidetzarako.

Adibidez, eginiko jardueretako bat izan da hainbat saiotako eta profesionalek diseinatutako arte tailer bat, non gazteek, helduek eta adineko pertsonek arteari loturiko zenbait ekintza partekatu dituzten: ‘Artea eta sormena sustatzeko dinamikak’, ‘Pintura: Txinako antzinako artea, Tintatik akuarelara’, ‘Pintura: Munduko emakumeen erretratua eta Ahalduntze feminista artearen bidez’.

Esperientzia horietatik gehienak 3-12 laguneko talde txikietan egiten dira, eta horrek laguntzen du giro bat sortzen, aproposa partaideen artean loturak estutzeko. Taldeen tamaina txikiak pertsonen arteko interakzioa indartzen du, eta konexioak modu intimoagoan eta benetakoagoan sortzen dira.

Hala ere, belaunaldien arteko esperientzia horiek aztertzean, hainbat muga ere ikusi dira. Oraindik ez dugu programa horien eraginkortasuna zehazteko balioko duen ebaluazio tresnarik, eta behaketa da haien erabilgarritasuna neurtzeko teknika erabiliena. Zabalkunde plan antolaturik ez dagoenez, esperientzia bakoitzak bere bidea egiten du, eta ez dago esparru komunik. Ez dago egitasmo horiek partekatzeko egitura koordinaturik, eta bata bestearekin loturarik gabe garatzen dira.

Ikuspegi bateratu baten faltak zaildu egiten du narratiba kolektibo bat sortzea, eta murriztu egiten du esperientzia baliotsu horien ikusgarritasuna. Esparru komun bat edukitzeak kohesioa handituko luke, eta zabalkundea erraztu, esperientzia bakoitzaren inpaktu positiboa maximizatzeko.

 

Artikulu hau idazten lagundu dute Batirtze Egia Sastre, Gemma Vidán Bujanda eta Raquel Villarreal Rodríguez Gasteizko Udaleko gizarte hezitzaileek.