euskaraespañol

Eguneko irudia

Obesitateak eta hari lotutako gaitzek atzera egitea lortu dute, gibeleko metionina-erabilera mugatuz

Frogatu dute arratoi obesoen gibelean metionina-erabilera murriztuz atzera egiten dutela intsulinarekiko erresistentziak eta hepatosteatosiak

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2022/03/01

Patricia Aspichueta
Lipids & Liver ikerketa-taldekide batzuk.

UPV/EHUko Lipids & Liver ikerketa-taldeak baieztatu du arratoi obesoen gibeleko metioninaren erabilera espezifikoki eraldatuz —<i>Mat1a</i> genea isilaraziz—, efektu orokor bat gertatzen dela organismoan; izan ere, obesitatea prebenitu eta leheneratu egiten da, intsulinarekiko erresistentzia eta zirkulazioan dauden gehiegizko lipidoak desagertzen dira, eta gibeleko lipidoak kontsumitzen. <i>Nature Communications</i> aldizkariak eman du ikerlanaren berri.

Obesitatea osasun publikoko arazo garrantzitsua da, eta gero eta prebalentzia handiagoa du mundu osoan. Jotzen da 2030erako populazioaren % 50-60 inguru izango dela obesoa. Obesitatea gaixotasun askoren arrisku-faktorea dela ezarri da; besteak beste, kasu hauetan: gibel gantzatsu ez-alkoholikoaren gaixotasuna —gaur egun, esteatosi hepatiko metabolikoa deitzen zaio—, 2 motako diabetesa eta dislipemia (odoleko lipido- eta proteina-mailen alterazioa). Tratamendu farmakologikoen bidez, bizi-ohiturak aldatuz edota kirurgia bidez lortzen diren pisu-galerak eraginkorrak izaten dira obesitatearekin lotutako komorbilitateak tratatzeko. Hala ere, beharrezkoa da oraindik hobeto ulertzea obesitatearekin lotutako asaldura metabolikoen artean zer-nolako loturak dauden, terapia berriak proposatu ahal izateko.

UPV/EHUko Lipids & Liver ikerketa-taldeko ikertzaile nagusi Patricia Aspichueta oso pozik dago Nature Communications aldizkarian berriki argitaratutako ikerketaren emaitzekin, “garrantzitsuak eta oso argiak” baitira. Bost urtez lankidetzan ikertzen jardun ondoren, ikerketa-taldeak erakutsi du “nola gibelak obesitatea eta harekin lotutako gaixotasunak erregulatu ditzakeen; ikusi dugu nola gibel barnean metioninaren erabilera modulatuz edo murriztuz (dietaren bidez bakarrik lortzen den funtsezko aminoazido bat da metionina, eta proteinak sortzeko balio du), gorputzaren egoera hobetzea lortzen dugun: obesitatea eta harekin lotutako gaixotasunak hobetzea. Datu garrantzitsu eta itxaropentsuak ematen ditugu bide horretan aurrera egiteko. Hala ere, dena ez dago deskubrituta; askoz ekarpen gehiago egin behar dira”, dio ikertzaileak.

Gorputzaren egoera osoa hobetzen da

Aspichueta doktoreak zuzendutako lankidetza-ikerketan, arratoi obesoen obesitatea, intsulinarekiko erresistentzia eta hepatosteatosia (gibeleko gantz-metaketa) prebenitzea eta leheneratzea lortu dute, bai eta serumeko eta gibeleko lipidoak murriztea ere. Doktoreak azaldu duenez, “gibelean metioninaren erabilera modu espezifiko batean eraldatuz, Mat1a genea isilaraziz, eragin orokor bat lortzen dugu organismoan: gibelak molekula bat sortzen du, zirkulazio-aparatura isurtzen duena eta beste ehun batzuengan eragina duena, organismo osoko metabolismoa modulatzeko gaitasun handia baitu. Besteak beste, gantz arrea da molekula horrek erregulatzen duen ehunetako bat; gantz arrea aktibatzean, organismoko gantzen kontsumoa aktibatzen da ehun horretan, eta horrek zenbait ondorio onuragarri ditu: arratoiak argaldu egiten dira, intsulinarekiko duten erresistentzia desagertzen da, odoleko lipidoen gehiegizko kantitatea desagertzen da eta gibeleko lipidoak murrizten dira”.

Hala ere, Aspichueta doktoreak ohartarazi du hau beste urrats bat dela: “Guk animalia-ereduetan egin dugu ikerketa; baina, oraindik, asko dago egiteko: horrek guztiak izan ditzakeen ondorio kaltegarriak ikertu behar dira, hau dena saiakuntza kliniko batera eraman baino lehen. Gibeleko metioninaren erabilera murriztu daiteke, baina inoiz ez da inhibitu behar. Murrizketa horrek zenbait aldaketa eragiten ditu gibeleko metabolismoan, eta kontuz ibili behar da. Dena orekan mantendu behar da; izan ere, oso inhibizio luzea eraginez gero, ondorio kaltegarria ere izan dezake”. Obesitatea oso gaixotasun konplexua da; ez dagokie gibelari edo gantz-ehunari bakarrik, garunak ere parte hartzen du. “Hain gaixotasun konplexua da, ezen konpentsazio-mekanismoak ere baditu. Beraz, ikerketa honek beste informazio-aletxo bat ematen du; hain konplexua den gaixotasun horretan metabolismo guztiak nola funtzionatzen duen jakiteko informazio garrantzitsua da”, dio.

Gero eta handiagoa da obesitatearen, hots, gehiegizko pisuaren, prebalentzia. Obesitatea duten pazienteen % 70-80k arazoak dituzte esteatosi hepatiko metabolikoarekin, alegia, gaixotasun hepatikoarekin. Paziente horietako batzuetan, gaixotasunak aurrera egiten du, okertu egiten da eta gantzak eragindako hepatitis bihurtzen da, bai eta gibel-minbizi ere. “Gure helburua da ikustea nola geldiaraz daitekeen gibeleko gaixotasun horren sorrera eta progresioa. Eta baldin eta nolabait geldiarazi edo leheneratu baditzakegu obesitatea eta haren eragin kaltegarri guztiak, beharbada minbiziaren prebalentzia gutxitzen lagundu ahal izango dugu. Ikasten badugu obesitatea nola modula dezakegun, eta, horrenbestez, harekin lotutako gaixotasun guztiak, hain prebalentzia handia duen arazo horretarako progresioa moteltzera iritsiko gara”, esan du amaitzeko.

Informazio osagarria

UPV/EHUko Lipids & Liver taldeaz eta Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuaz gainera, Santiago de Compostelako Unibertsitateko CIMUSeko ikertzaileek, CNICekoek, CIC bioGUNEkoek, Biodonostia Osasun Ikerketako Institutuko eta MUSCeko (Hego Carolina, AEB) ikertzaileek ere hartu dute parte ikerketan, bai eta IONIS pharmaceuticals enpresak ere (Kalifornia). Gainera, ikerketa-taldea gibeleko eta digestio-aparatuko gaixotasunekin lotutako CIBEREHD taldeko kide da, eta haren lankidetzaz ere baliatu da lan honetan.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Diego Sáenz de Urturi, Xabier Buqué, Begoña Porteiro, Cintia Folgueira, Alfonso Mora, Teresa C. Delgado, Endika Prieto-Fernández, Paula Olaizola, Beatriz Gómez-Santos, MaiderApodaka-Biguri, Francisco González-Romero, Ane Nieva-Zuluaga, Mikel Ruiz de Gauna, Naroa Goikoetxea-Usandizaga, Juan Luis García-Rodríguez, Virginia Gutierrez de Juan, Igor Aurrekoetxea, Valle Montalvo-Romera, Eva M. Novoa, Idoia Martín-Guerrero, Marta Varela-Rey, Sanjay Bhanot, Richard Lee, Jesus M Banales, Wing-Kin Syn, Guadalupe Sabio, María L. Martínez-Chantar, Rubén Nogueiras, Patricia Aspichueta
  • Methionine adenosyltransferase 1a antisense oligonucleotides activate the liver-brown adipose tissue axis preventing obesity and associated hepatosteatosis
  • Nature Communications
  • DOI: 10.1038/s41467-022-28749-z