euskaraespañol

Eguneko irudia

UPV/EHUk, aurten ere, Ikertzaileen Europako Gauean parte hartuko du

G-9 unibertsitateen partzuergoak egindako GREEN 9 NIGHT proiektua Europako Batzordeak finantzatuko du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2021/03/29

Mapa con las universidades que participarán en el proyecto
G-9ko Green 9 Night (G9NIGHT) proiektuak lortu du puntuaziorik altuena Europako Batzordearen ebaluazioan

G-9ko erakundeek (Euskal Herriko Unibertsitatea dago talde horretan) osatutako partzuergoak antolatu duen 2021eko Ikertzaileen Europako Gauak Europako Batzordearen finantzaketa lortu du. Oviedoko Unibertsitateko Kultura Zientifikoaren eta Berrikuntzaren Unitateak (UCC+i) koordinatutako proiektuan, UPV/EHUz gain, Kantabriako, Gaztela-Mantxako, Extremadurako, Balear Uharteetako, Oviedoko, Nafarroako Publikoko eta Zaragozako unibertsitateek parte hartuko dute, Errioxako Unibertsitatearen laguntzarekin. Ikertzaileen Gaua irailaren 24an ospatuko da aldi berean Europako ia 400 hiritan. Horietako hamahirutan egingo dira G-9k programatutako GREEN 9 NIGHT jarduerak.

G-9ko Green 9 Night (G9NIGHT) proiektuak lortu du puntuaziorik altuena Europako Batzordearen ebaluazioan, 15 puntuetatik 15 lortuta. Miren Bego Urrutiak, UPV/EHUko Ikerkuntza Gizartean Zabaltzeko zuzendariak, ilusio handia hartu zuen joan den ostiralean jasotako albistea. Bere ustez, proiektua lortzeak G-9aren dibulgazio zientifikoaren lana esplizituki aitortzea dakar. Izan ere, 2020ko deialdian ere arrakasta lortu zuen G-9k. Urrutia pozik dago emaitzaren bikaintasunarekin: "Ez da erraza puntuazio gorena lortzea Batzordeak baloratzen dituen hiru ataletan: bikaintasuna, inpaktu eta kalitatea, eta eraginkortasuna proposamenaren inplementazioan".

2020an, G-9ko partzuergoak Ikertzaileen Gaua antolatu zuen lehen aldiz, UPV/EHU taldean zegoela. Ekitaldia formatu birtualean soilik egin behar izan zen, eta ohikoa ez zen data batean, azaroan, egoera soziosanitarioa zela eta. "Urtarrilean itxi zen 2021eko deialdia. Lehenengo txertoen onarpenak eta udarako populazioaren ehuneko handi bat immunizatuta egongo den aurreikuspenak eragindako baikortasunarekin, gure proiektua aurkeztu genion Europako Batzordeari, oraingo honetan, guztiak ez badira, gutxienez jarduera asko aurrez aurre egin ahal izango delakoan. Deialdiak berak 2020an baino agertoki hobea aurreikusten zuen, ekitaldia hori egiteko ohiko data berreskuratu baitzuen: iraileko azken ostirala", azaldu du Miren Bego Urrutiak. Pandemia honetatik zerbait positiboa atera badugu -dio Urrutiak-, hiritarren gaurkotasunaren lehen lerroan zientzia jarri duela izan daiteke, eta, beraz, une egokia dela ikertzaileek egiten duten lana aldarrikatzeko eta gizarteari hurbiltzeko.

Gainera, eta Eva Ferreira errektorearen gobernu talde berriak UPV/EHUren zeregin soziala indartzeko eta nabarmentzeko helburuekin guztiz bat etorriz, proposamena diseinatuta dago ikerkuntzaren kontzientzia eta pertzepzioa areagotzeko, gizarteak Europako Itun Berdearen (EU Green Deal) eta Garapen Iraunkorreko Helburuen (GIH) ildotik dituen erronkei aurre egiteko irtenbide gisa. Europako Itun Berdea EB ekonomia jasangarriaz hornitzeko ibilbide-orria da. Helburu hori lortzeko, klima eta ingurumen erronkak aukera bihurtu behar ditugu, eta trantsizio justu eta integratzailea lortu behar dugu.

Europako Itun Berdea: Green Deal

Ikertzaileen Europako Gaua Europako Itun Berdeari buruzkoa izango da aurten. G-9ko unibertsitateek sustatutako jardueren ardatz nagusia jasangarritasuna eta ingurumena izango dira, bi data nabarmenekin: ekainean aurreko ekitaldi bat egingo da, Ingurumenaren Munduko Egunarekin (ekainaren 5a) eta Ozeanoen Egunarekin (ekainaren 8a) bat etorriz, eta ekitaldi nagusia, irailaren 24an, Europa osoan egingo dena. Ekitaldi nagusi hori hiri hauetan egingo da: Oviedo, Santander, Toledo, Badajoz, Huesca, Palma, Zaragoza, Iruñea, Bilbo, Caceres, Merida, Plasencia, Huesca eta Teruel.

Gainera, lehen aldiz, G-9aren proiektua Jyväskyläko Unibertsitateko (Finlandia) eta Salentoko Unibertsitateko (Italia) gauekin elkarlanean arituko da, Europako Itun Berdearen eta 2030 Agendaren erronkak ardatz dituzten jarduera bateratuekin.

Ikertzaileen Europako Gaua. The European Researchers Night

Ikertzaileen Europako Gaua kontinenteko 370 hiritan baino gehiagotan ospatzen da, eta Europako Batzordeak finantzatzen du Marie Sklodowska-Curie (MSCA) ekintzen pean –Europan karrera zientifikoak sustatzeko ekimena –, Horizonte 2020 Europar Batasuneko Ikerketa eta Berrikuntzarako Esparru Programaren barruan. Helburu nagusiak ikertzaileen figura herritarrengana hurbiltzea da, haien lana eta gizarteari dakarzkioten onurak ezagut daitezen, bai eta ikasleen artean karrera zientifiko bat aukeratzea sustatzea ere, genero-ostopoak ezabatuz.

2021eko Europako Ikertzaileen Gauaren deialdi honetan, Europako Batzordeak 8 milioi euro zituen, eta 139 proiektu aurkeztu ziren (aurreko deialdian baino % 39 gehiago). Espainian, G-9ko unibertsitateez gain, Madrilek, Andaluziak eta Kanariek aurkeztutako proiektuek ere jaso dute finantziazioa.