Nepalgo emakumeen sufrimenduari buruzko hitzaldia eta erakusketa antolatu ditu Psikologia Fakultateak
Noiz eta non
2024/09/16
Kokapena
Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)
Deskribapena
Astelehena, irailak 16, 16:00etan, hitzaldia. Psikologia Fakultatea, 1.2. ikasgela, Donostia
Astelehenetik ostiralera, irailak 16-20, erakusketa. Ignacio Mª Barriola Zentroa (sarrera). Donostia
Astelehena, irailak 16, 17:15etan, bisita gidatua.
Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Psikologia Fakultateak Garapenerako Unibertsitate Lankidetzako hitzarmen bat sinatu du Be Artsy GKEarekin, Psikologiako Graduko ikasleak Nepalera joan daitezen Rato Baltin proiektuan parte hartzera. Lankidetza horren baitan, unibertsitate zentro honek hitzaldi bat eta erakusketa bat antolatu ditu Nepalen indarrean dagoen Chhaupadi tradizioari buruz. “Hilekoarekin dauden edo erditu berriak diren emakumeak “ez-puruak” direla dioen sineskeriaren aitzakipean, odol-jarioa amaitu bitartean lokatzez, egurrez edota buztinez egindako txabola ziztrin batzuetan bakartzeari dagokio Chhaupadi, eta benetan gogorra da hura pairatzen duten emakumeentzat. Izan ere, bakartuta egon behar izateaz gainera, badute bestelako muga eta debekurik. Esate baterako, familia-ekitaldi eta -ospakizunetan parte hartzea debekatzen diete; ezin dira tenpluetara joan; debekatuta dute ganadua edota gizonak ukitzea; ur-iturri komunitarioetan bainatzea debekatzen zaie; ezin dituzte elikagai jakin batzuk jan … Hori guztia gutxi ez eta gizonen sexu-erasoak eta tigreak, sugeak eta antzeko animalien bestelako erasoak pairatzen dituzte. Hala, Chhaupadik ondorio kaltegarriak izan ohi ditu emakumeen osasun fisiko, psikologiko zein sozialean”, dio Luixa Reizabal Arruabarrena irakasleak.
Gai hori jorratzeko, honako bi jarduera hauek antolatu ditu UPV/EHUko Psikologia Fakultateak:
Astelehenean, irailak 16, 16:00etan, Psikologia Fakultateko 1.2 gelan, hitzaldi bat egingo da, ‘Nepalen emakumeak ahalduntzeko sexu-hezkuntzan esku-hartze psikohezitzailerako programa’ izenburupean. Bestalde, ‘Nepalen: sufrimendu kulturala/La menstruación en Nepal: sufrimiento cultural’ izeneko argazki erakusketa egongo da irailaren 16tik 20ra, UPV/EHUko Ignacio Mª Barriola Zentroaren sarreran, Donostian. Irailaren 16an 17:15etan, gainera, erakusketaren bisita gidatua egingo dute. Chhaupadi tradizioaren eragina murrizte aldera, Be Artsy izeneko Gobernuz Kanpoko Erakundea gauzatzen ari den esku-hartze psikohezitzaile baten berri emango da hitzaldian zein erakusketan. “Hain zuzen ere, ohitura hori indarrean dagoen barrutietan sexu-hezkuntza sustatzeko Rato Baltin -Ontzi Gorria- izeneko garapenerako proiektua. GKEaren fundatzaile eta lehendakaria izateaz gainera, Rato Baltin proiektuaren zuzendaria den Clara García Ortés-ek emango du hitzaldia, bai eta bisita gidatua ere. Proiektuari esker, 74.000 emakumek baino gehiagok hilekoa bizitzeko beste modu bat ezagutu ahal izan dute Chhaupadiaren ondorioak pairatu gabe, beraz, oso esku-hartze baliagarria da Nepaleko emakumeen giza eskubideak bermatzeko”, adierazi du Luixa Reizabalek.
Bi jardueretarako sarrera librea da.