euskaraespañol

Nekazaritzako hondakinak murriztu eta nekazaritza ekologikoagoa eta produktiboagoa sustatu nahi du azterlan batek

Helia Ventriboutek Kimika Fakultatean defendatutako Gradu Amaierako Lanaren helburua landareen fotosintesi prozesua indartzea da, eta optimizatzeko modu berritzaileak aztertu ditu, pestizida kimikoen alternatiba gisa

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2024/10/30

Helia Ventribout Kimika Fakultatean | Argazkia: Jorge Navarro. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU

Aldaketa klimatikoaren krisiaren eta munduko biztanleriaren hazkundearen ondorioz, beharrezko elikagaiak ekoizteko alternatiba jasangarriak behar dira berehala. Helia Ventribout Rodríguezek Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultatean defendatutako Gradu Amaierako Lanak sintesi zirkularreko metodo biooinarritu bat aurkezten du, karbonozko nanopuntuen (CND) bidezkoa. Landareetan fotosintesi prozesua indartzeko helburuz, eta pestizida kimikoen alternatiba gisa, optimizaziorako modu berritzaileak aztertu ditu.

Hondakin biomasatik (azterlan honetan laranja azala izan zen) abiatuta karbonozko puntuak (CND) sortzeko metodo bat garatu zuen Helia Ventriboutek, arrakastaz. Prozesuak barne hartu zituen tenperatura altuko deskonposizio termikoa eta garbiketa etapak.

“Lehenengo etapan karbonizazio prozesua optimizatu zen, ura erabiliz eta berotze denbora doituz. Gainera, landareen fotosintesia hobetzeko, CNDei kafeina txertatu zitzaien; horrek bikoiztu egin zuen landareek argi fluoreszentea xurgatzeko eta igortzeko zuten gaitasuna. Laginek biomasaren talde kimikoak zituzten, baina kafeinaz dopatutako CNDek talde gehigarriak zituzten; horrek kafeina integratu egin zela baieztatzen zuen”, azaldu du.

Bigarren etapan lau olio esentzial gehitu zizkioten sintesi prozesuari (albaka, menta, menta berdea eta kanela). Horrek emaitza onak eman zituen, “olio horiek CNDetan integratuta geratu baitziren”. Fluoreszentzia propietateak ere hobetu egin ziren. “Bi etapa horiek konbinatuta, fluoreszentzia hobea eta ezaugarri berriak zituzten CNDak lortu genituen, olio esentzialei esker. Analisiak erakutsi zuenez, lortutako CNDak uniformeak eta esferikoak ziren, eta batez beste 7,6 nanometroko diametroa zuten”, azaldu du Helia Ventriboutek.

Amaitzeko, CND horiek intsektuak uxatzen ote zituzten probatu zuten, eta emaitza esperantzagarriak eskuratu zituzten. “Olio esentzialaren kantitate txikia erabili zen, baina sistema batzuek uxatze jarduera ahula edo moderatua erakutsi zuten. Etorkizunean proba gehiago egin litezke olio esentzialaren kantitate handiagoa erabilita, emaitza hobeak lortzeko”.

Guztiz aztertutako CND horiek laboreen hazkundea hobetzeko potentzial handia zutela erakutsi zuten. “Hurrengo fasea karbonozko puntu horiek lekuan bertan probatzea izango litzateke, laranja laboreetan, landareen hazkundea eta erresistentzia hobetzeko duten eraginkortasuna baliozkotzeko. Hala, ziklo zirkularra osatuko litzateke, laranjatik laranjara. Nekazaritzako hondakinak gutxitzeaz gain, planteamendu berritzaile honek zirkuitu itxiko sistema jasangarria sustatu nahi du, nekazaritza ekologikoago eta produktiboago baterako bidea errazteko”, esan du Kimikako gradudunak.

Egileari buruz

Helia Ventribout Rodríguezek “bikain” kalifikazioa lortu zuen Gradu Amaierako Lanean: ‘Circular Biobased Synthesis of Carbon Nanodots for Agricultural Applications’. Haritz Sardon Muguruza eta Gabriel Perli doktorea izan ziren lanaren zuzendariak, biak ere Euskal Herriko Unibertsitateko Kimika Fakultateko irakasleak. Gaur egun, UPV/EHUren eta ’Université de Bordeauxen (Frantzia) arteko Polimeroen Zientzien Master Bikoitza ikasten ari da.