Aldizkako ibaiek, erreka idor ere esaten zaie, ibaietako CO2-isuri globalean duten eragina ikertu dute UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko kide batzuek, Frantziako Ingurumenaren eta Nekazaritzaren Ikerketa Institutuko (IRSTEA) eta 22 herrialdetako beste ikertzaile batzuekin batera. Emaitzen arabera, aldizkako ibaiek nabarmen eragiten dute atmosferara isurtzen diren CO2-emisioetan. Nature Geoscience aldizkari ospetsuak argitaratu ditu ikerketaren emaitzak.
Aldizkako ibaiek karbonoaren zikloan duten eragin globala aztertu dute lehenengoz
Nature Geosciencek argitaratu du UPV/EHU zuzendarikide izan duen nazioarteko ikerketa
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2018/05/21
Aldizkako ibaiek, erreka idor ere esaten zaie, ibaietako CO2-isuri globalean duten eraginaren berri eman du lehenengo aldiz Nature Geoscience aldizkari ospetsuak; UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landareen Biologia eta Ekologia saileko Daniel von Schiller ikertzaileak parte hartu du ikerketa horretan. Aldizkako ibaiek, izenak berak dioen moduan, zenbaitetan ez dute urik izaten eta erabat lehortu ere egin daitezke.
Ibaiek CO2-emisioetan ekarpen esanguratsua dutela egiaztatu dute azken urteetako zenbait ikerketak. Lan honetan aldizkako ibaiak aztertu dituzte, ez baita orain arte horiei buruz sakon ikertu. Von Schiller-ek azaldu bezala, ibai-mota horiek ura etengabe isurtzen duten ibaiak baino askoz gutxiago ikertzen badira ere, munduko ibai-sarearen erdia ere izan daitezke, eta klima-aldaketaren eta etengabeko ur-eskariaren eraginez, nagusi izatera irits litezke zenbait eskualdetako paisaian”.
Ibaietan urik ez dabilenean, lurreko orbela, aldameneko inguruneko hostoak eta egurra gehienetan, ibai lehor horietako ibilgura erori eta bertan pilatzen da. Orbel-mota eta -kopurua klimaren, landarediaren, ibaiaren ibilguaren zabaleraren, lehorte-aldiaren iraupenaren eta ibai-isuriaren araberakoa da. “Munduko 212 ibaien ibilgu lehorretan pilatutako orbela aztertu dugu lan honetan, eta arnasketa neurtu dugu, hau da, CO2 isuria, ibai horietan berriro ere ura dabilenean, eta ondorioz, orbela berriro ere umeltzen denean”, azaldu du UPV/EHUko ikertzaileak. “Orbela berriro ere bustitzen den une hori une bero bat da, ibaian latente dauden hainbat mekanismo biologiko berraktibatzen baitira. Urak komunitate biologikoak berpizten ditu, batik bat bakterioak, baina baita onddoak ere. Denbora luzez latente egon direnez, oso azkar azeleratzen dira eta tasa altutan arnasten hasten dira. Horregatik deitzen zaio une beroa. Aktibitate desorekatuko une bat da, non aktibitate biologikoa ikaragarri handia den”, dio.
“Arnasketa, edo CO2 isuria, neurtzeko, orbela berriro ere umeltzen hasten den une hori simulatu dugu IRSTEAko DYNAM laborategian (Frantzia). Izan ere, in situ egitea oso konplexua da, besteak beste, zaila delako jakitea noiz itzuliko den ura berriro ere aldizkako ibai batera”, adierazi du Daniel von Schiller-ek. “Neurtutako arnasketa-tasa altuek mikrobio-komunitateen suspertzea islatzen dute, eta horrexegatik da hain handia atmosferara isurtzen den CO2-kopurua” dio ikertzaileak.
“Eguneko CO2–isurien zenbatespenak % 7 eta % 152 artean areagotu litezkeela adierazten dute lortutako emaitzek, aldizkako ibaien datuak gehituko balira dagoeneko existitzen diren ibai iraunkorren datuetara”, zehaztu du von Schiller-ek. Bestalde, “ikusi dugu soilik umeltze-unean sortzen den CO2–aren isuri-pultsuak % 10 handiarazten duela zenbatespen hori”.
Erreferentzia bibliografikoa
- A global analysis of terrestrial plant litter dynamics in non-perennial waterways
- Nature Geoscience (2018)
- DOI: DOI: 10.1038/s41561-018-0134-4