Josu Doncel irakasle eta ikerlariak irabazi du CAF-Elhuyar sarietako bat
Zientzia eta teknologia gizarteratzeko lanek jasotzen dute aitortza hori
Lehenengo argitaratze data: 2017/05/15
Egilearen doktore-tesian oinarritutako CAF-Elhuyar dibulgazio-artikuluaren saria Josu Doncel Vicentek eskuratu du, "Sareen arteko komunikazioak bizkortzea: bide optimoa aurkitzen duten algoritmoak" lanarekin. Doncel (Getxo, 1985) Matematikan doktore da, eta matematika aplikatuan espezializatuta dago.
Frantziako zenbait ikerketa-zentro eta unibertsitatetan lanean aritu ondoren, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Matematika Aplikatua eta Estatistika Saileko irakaslea da.
CAF-Elhuyar sariketaren helburua da zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea eta xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzea.
Doncelekin batera Gorka Azkune Galparsoro eta Mikel Etxeberria Okariz ikertzaileak ere saritu dira, baita Xabier Monasterio Torre Bilbo Hiria irratio kazetaria ere.
Bestalde, Armintxe Animazio Taldeak beka bat jaso du, "Armintxe 2017" proiektua garatzeko; eta M. Jesus Esteban Galarza matematikariarentzat izan da Merezimendu Saria.