euskaraespañol

Eguneko irudia

Ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak: erronka zaila, Europako hegoalderako

Europa hegoaldeko herrialdeetako eraikingintzaren egoera aztertu dute UPV/EHUko ikertzaileek

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/19

UPV/EHUko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) ikerketa-taldeak ondorioztatu du Europako hegoaldeko herrialde gehienak ez daudela ongi prestatuta ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak ezartzeko eta, bereziki, eraikinak modernizatzeko erronkari heltzeko. Ikerketan, gainera, etorkizuneko eraikinak garatzeko hobekuntzak proposatu dituzte.

Europako herrialde guztiek legezko konpromiso bat hartu dute, datozen urteetarako, eraikinetako energia-eraginkortasuna hobetzeko: ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinak eraikitzea (nZEB ingelesez, Nearly Zero Energy Building), alegia, gutxieneko energia-kontsumoa duten eraikinak. 31/2010/EU direktibak finkatu dituen daten arabera, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eraikin publiko guztiek nZEB izan beharko dute, eta bi urte geroago, 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera, eraikitzen diren eraikin guztiek izan beharko dute nZEB. “Urtebete baino ez da falta lehen konpromisoaren epea amaitzeko, eta herrialde asko urrun daude, oraindik, eraikinetako energia-eraginkortasun maila hori lortzeko. Europako erdialdeko eta hegoaldeko herrialdeak daude erronka horretan aurreratuen”, azaldu du Juan María Hidalgo ikerketaren egileetako batek.

Europako hegoaldeko zazpi herrialderen (Zipre, Frantzia, Grezia, Italia, Portugal, Errumania eta Espainia) eraikingintzaren egoera aztertu dute Europako dozena bat ikertzailek baino gehiagok, Liejako Unibertsitateak gidatutako ikerketa batean. Herrialde bakoitzak bere ñabardurak ditu definizio teknikoetan, eta horrek zaildu egiten du nZEB eraikinak bultzatzeko araudiak eta programak zuzenean konparatu ahal izatea. Hori dela eta, “ikertzaileok ahalegin berezia egin genuen metodologia bateratu bat adosteko. Horixe zen modu bakarra berdinen arteko benetako alderaketak egin ahal izateko”, erantsi du Hidalgok.

Barrera sozial eta teknologikoak

nZEB eraikinak garatzeko dauden barrera sozial eta teknologikoen azterketa konparatiboa izan da ikerketaren ardatza, bai eraikuntza berriaren bai higiezinen birgaitzearen ikuspegitik. Orain arteko ikerketa askok egoera ekonomikoari egozten zizkioten hegoaldearen eta iparraldearen arteko atzerapenak. Nolanahi ere, lan honek frogatu du badirela beste zenbait barrera ere, besteak beste, barrera soziologikoak eta herrialde bakoitzeko klima; izan ere, asko baldintzatzen dute ia energiarik kontsumitzen ez duten eraikinen helburuak lortzea. “Eragile ia guztien trebakuntza oso eskasa da; administraziotik eta eraikingintzako langileetatik hasi eta herritarretaraino, nZEB eraikinak zehazki zer diren eta nola lor daitezkeen ez dakien giza kate oso luzea osatzen dute”, nabarmendu du Hidalgok. Bestalde, “eraikinen diseinua xehetasun gehiagorekin aztertu behar da, neguko eta udako urtaro-aldaketei irtenbidea aurkitzeko”, erantsi du Hidalgok. “Euskal Herria oso proba-banku aproposa izan daiteke horretarako, ikerketaren ia klimatologia guztiak baititu. Oso lurralde txikia izan arren, diseinu-irizpide oso desberdinak aplikatu behar ditugu kostaldean, mendialdean, hegoaldean eta abar”.

“Barrera horiek ez badira konpontzen, oso litekeena da benetako emaitzarekin gustura ez gelditzea, arazoak sortu bailitezke konfort termikoarekin, gehiegizko berokuntzarekin, alferrikako eraikuntza-gainkostuekin eta abarrekin, eta, gainera, eraikinen okerreko funtzionamendu baten ondorioz okerrera egin dezakete horiek”, dio ikertzaileak. Horretarako, “ikerketan, hobekuntzak proposatzen dira eraikin-mota horren araudietarako, diseinurako, eraikuntzarako eta erabilerarako”, adierazi du.

Era berean, ikertzaileak dio errazagoa dela nZEB eraikin berri bat eraikitzea kontzeptu hori birgaikuntzara eramatea baino, izan ere, eraikin berriak eraikitzean, eraikina kokatzeko eta orientatzeko aukera gehiago dago, eta material berriak eta diseinuan integratutako teknologiak erabil daitezke, eta birgaitze-lanetan, berriz, malgutasuna txikiagoa da eta kostuak handitzen dira.

Juan María Hidalgoren arabera, “espero dugu sektorearen zailtasun nagusiak gainditzen laguntzea lan honek, eta eraikuntza-sektore prestatuago batekin, baliabide hobeekin eta kontzientziazio handiagoarekin iristea 2020ra”. Hala, “pertsona ororen beharrak aseko dituzten nZEB eraikinak eraiki ahal izango dira, kosturik txikienarekin eta ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin”.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Shady Attia, Polyvios Eleftheriou, Flouris Xeni, Rodolphe Morlot, Christophe Menézo, Vasilis Kostopoulos, Maria Betsi, Iakovos Kalaitzoglou, Lorenzo Pagliano, Maurizio Cellura, Manuela Almeida, Marco Ferreira, Tudor Baracu, Viorel Badescu, Ruxandra Crutescu, Juan Maria Hidalgo-Betanzos
  • Overview and future challenges of nearly zero energy buildings (nZEB) design in Southern Europe
  • Energy and Buildings. Vol. 155. November 2017. Pages 439-458.
  • DOI: 10.1016/j.enbuild.2017.09.043