Aitor Calvo Turrientesek, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko (Gasteiz) Jasangarritasunari buruzko Gradu Amaierako Lanaren saridun (2015), ‘The valuation and purchase of food products that combine local, regional and traditional features: The influence of consumer ethnocentrism’ lana sinatu du, duela gutxi Food Quality and Preference izen handiko aldizkariak argitaratua. Artikuluak ikerketa-lerro bat jasotzen du elikagaiak erosteko garaian kontsumitzailearen erabakian produktuaren jatorriak duen garrantziari buruz, eta Gradu Amaierako bere Lanean oinarritzen da neurri batean.
Etnozentrismoaren eragina kontsumitzaileengan
Jasangarritasunari buruzko GRAL saridun (2015) Aitor Calvo Turrientesek lan bat sinatu du Food Quality and Preference aldizkarian argitaratua
- Ikerketa
Lehenengo argitaratze data: 2017/11/23
Literaturak independenteak balira bezala tratatu izan ditu tokiko produktua, eskualdeko produktua eta produktu tradizionala kontzeptuak. Hala ere, praktikan, lotuta dauden kontzeptuak dira elikagai ugaritan. Orain argitaratutako lanaren asmoa da bi gai nagusi argitzea: batetik, tokiko eta eskualdeko produktuen eta produktu tradizionalen ezaugarriak biltzen dituzten elikagaien balorazioa ezagutzea, elikagai marka jakin batzuk aztertuz; bestetik, egon daitekeen lotura aztertzea kontsumitzaileen etnozentrismo mailaren eta tokiko marken, eskualdeko marken eta marka tradizionalen balorazio eta erosketa efektiboaren artean.
Antropologiak landutako kontzeptua da etnozentrismoa, hain zuzen ere joera emozionala definitzeko norbere kultura oinarri hartuta irizpide esklusiboa eratzen duena, beste talde, arraza edo gizarte batzuen portaerak interpretatzeko eta, horren ondorioz, bere kulturari ez dagokion guztia gaitzetsi, kanporatu edo baztertzeko. Hala, tokiko eta eskualdeko produktuen eta produktu tradizionalen kontsumoan aplikatuta, mota horretako elikagaiak kontsumitzeko pertsonek duten aurrejoera litzateke, jatorri desberdineko beste produktu batzuen aldean.
Aurretik egin izan diren azterlan gehienek tokiko produktuak edo produktu tradizionalak baloratzea eta produktu horiek erosteko duten asmoa planteatu izan dizkiote kontsumitzaileari, maila orokor eta abstraktu batean, ordea, eta era horretan ez zaio aukerarik ematen inkestatuari merkatuan eskuratu eta, beraz, kontsumitu dezakeen marka zehatz bat baloratzeko. “Hautatutako analisi maila dela uste dugu lan honen garrantzizko ekarpenetako bat. Hau da, marka espezifikoak aztertzea produktu kategoria desberdinen barruan, Espainiako bi ingurune geografiko desberdinetan", azaldu du Aitor Calvo Turrientesek.
Analisia egiteko, jatorri-deitura duten lau produktu hartu dira kontuan. Guztiek biltzen dituzte tokiko produktuei, eskualdekoei eta tradizionalei esleitutako ezaugarriak: Idiazabal gazta JDP, Errioxa (Arabako Errioxa) JDP, Torta del Casar JDP eta Dehesa de Extremadura JDP. Azterlanerako, Euskadiko eta Extremadurako kontsumitzaileen lagin batek produktu horien balorazioari eta erosketari buruzko galdera sorta bati erantzun diote, baita haien joera etnozentrikoen inguruko galderei ere.
“Emaitzek erakusten dutenez, produktu horiek oso estimatuak dira kontsumitzaileen artean, eta proportzio handi batean erosten dituzte beste alternatiba batzuen aldean. Gainera, kontsumitzailearen etnozentrismo mailak zenbaitetan, baina ez beti, tokiko eta eskualdeko marka horien edo marka tradizional horien erosketa efektiboarekin lotuta daudela ikusten da, eta horrek agerian uzten du produktuaren kategoria barne hartzeko premia kontsumitzailearen etnozentrismoak duen eraginaren analisian”, amaitu du esanez ikertzaileak.
Informazio gehigarria
Aitor Calvo Turrientesek ‘The valuation and purchase of food products that combine local, regional and traditional features: The influence of consumer ethnocentrism’ lana sinatu du, Espainiako hiru unibertsitatetako ikertzaile talde honekin batera burutua: Pilar Fernández Ferrín eta Miren Artaraz Miñón, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, Belén Bande, Nafarroako Unibertsitatekoa eta Mercedes Galán Ladero, Extremadurako Unibertsitatekoa. Artikuluak ikerketa-lerro bat jasotzen du elikagaiak erosteko garaian kontsumitzailearen erabakian produktuaren jatorriak duen garrantziari buruz, eta Jasangarritasunari buruzko Gradu Amaierako Lanaren saridun (2015) izandako bere Gradu Amaierako Lanean oinarritzen da neurri batean.
Erreferentzia bibliografikoa
- The valuation and purchase of food products that combine local, regional and traditional features: The influence of consumer ethnocentrism
- Food Quality and Preference
- DOI: 10.1016/j.foodqual.2017.09.015