Daniel Vallejok, Garikoitz Beobidek eta Oscar Castillok, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Saileko ikerketa taldeko kideek, arrisku kapital espezializatuaren BeAble Innvierte Kets Fund (BIKF) funtsarekin batera, Poretune startupa sortu du material metal-organiko porotsu, nano-egituratu, ultrarin eta erdieroale berri baten aplikazioak garatzeko; material horrek izugarrizko egonkortasun kimikoa eta gaitasun katalitiko handiak ditu, besteak beste automozioaren industriarekin, ingurugiroarekin eta energiarekin lotutako esparruetan aplikatzeko.
Aerogel metal-organikoak: enpresa bihurtu den doktorego-tesi bat
UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko ikertzaileek startup bat sortu dute ohiz kanpoko egonkortasun kimikoa duen material metal-organiko porotsu berri baten aplikazioak garatzeko
- Erreportajeak
Lehenengo argitaratze data: 2017/09/08
Startupa sortzeko erabili den teknologiak oinarri du Poretuneren sustatzaile Daniel Vallejok eta Garikoitz Beobide eta Oscar Castillo irakasleek berriki argitaraturiko patente bat. Patente hori, gainera, Daniel Vallejoren beraren "Coordination compounds of organosulfur ligands as precursors of nanoestructured materials' (Estekatzaile organosufreztatuekin koordinatzeko konposatuak, material nanoegituratuen aitzindari gisa) tesitik sortua da.
"Orain, behar-beharrezkoa da BIKF akziodunaren babesa; hark finantzatzen du Poretune proiektua, eta, gainera, aktiboki parte hartzen du proiektua kudeatzen. BIKFren helburua da garapen teknologikoak eraldatzea eta enpresako eta industriako errealitate bilakatzea, kapitala jarriz, transferentzia teknologikoa kudeatzeko gaitasuna emanez eta finantzarekin, enpresarekin eta estrategiarekin lotutako kontuetan lagunduz", azaldu du Garikoitz Beobidek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasleak.
Material patentatua aerogel metalorganikoa da, eta material mota horretan aldi berean agertu ohi ez diren propietateak ditu: porotsua eta izugarri arina da, egonkortasun termikoa eta mekanikoa du, jokabide plastikoa du, hala molekula organikoak nola metal astunak harrapatzeko gai da, erdieroalea da… "Material hau, izan ditzakeen aplikazio ugariak kontuan harturik, etorkizun handiko plataforma teknologikoa da. Alabaina, proiektu honen hasierako fasean, inpaktu ekonomiko handiena izan dezaketen aplikazio esparruak baino ez ditugu jorratu: automozioa eta energia", azaldu du Oscar Castillok, Daniel Vallejoren tesiaren zuzendarikideak eta Poretuneren sortzaileetako batek.
Ura baino 100 aldiz arinagoak
Aerogelak geletan oinarrituta daude; gel horiek sistema koloidalak dira eta gai dira euren formari eusteko, solidoak bezala, baina likidoen dentsitateen antzekoekin (hau da, jateko gelatinen antzera). Partikula txiki-txikiek osatzen dituzte aerogelak; partikulok modu aleatorioan gurutzatzen dira elkarren artean, eta hiru dimentsioko eskeleto bat osatzen dute. Material hori prestatzeko erabiltzen den disolbatzailea han geratzen da harrapatuta, eta horrek bolumen osoaren % 95etik gora hartzen du.
"Gela airean edo hutsean lehortzen denean jatorrizko materialak kontrakzioa jasaten du eta material dentso bat sortzen da, zeinak balio gutxi izaten duen. Alabaina, prozesu jakin batzuk aplikatuz gero, disolbatzailea ezabatu daiteke kontrakzio hori gertatu gabe. Horrela, aerogela lortzen da; solido izugarri arina da (ura baino 50-100 aldiz arinagoa), eta oso porotsua (bolumen osoaren % 90-99 hutsik dauka). Gure kasuan, aerogelak ohiz kanpoko propietateak ditu: egonkortasun kimikoa du, elektrizitatea eroan dezake, giza ile bat baino 10.000 aldiz meheagoak diren zuntzek osatzen dute… Bada, zuntz horiek elkarrekin gurutzatzen dira, material hau osatzen duen hiru dimentsioko sarea eratzeko", adierazi du Daniel Vallejok, tesiaren egileak eta Poretuneren sortzaileetako batek.
Ideia berritzaileak
"Proiektu honek, beste askok bezala, agerian jartzen du gure unibertsitateetako ikertzaileek egiten duten lan handia, alde batetik, eta doktoregoko eta masterreko ikasleek ideia berritzaile eta disruptiboak sortzeko orduan daukaten garrantzia, bestetik, eta hori bereziki nabarmentzekoa da. Horrez gain, proiektuak argi uzten du garrantzitsua dela inbertsiogile espezializatuak unibertsitatera erakartzea, hala nola BeAble Capital, oinarri teknologikoa duten enpresa berriak sor daitezen", esan du Vallejok.