euskaraespañol

Unibertsitatea laborategi bizidun bilakatu nahian

Hainbat ikaslek UPV/EHUren iraunkortasun arazo errealen ebazpenean oinarritutako GRALak aurkeztu dituzte

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/07/07

Presentación de los TFG de Campus Bizia Lab. Foto: Laura López. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikaslek, Gradu Amaierako Lanak idazteko, UPV/EHUn detektaturiko iraunkortasun arazoen ebazpena hartu dute oinarri. Campus Bizia Lab programarekin aurkitu ahal izan dituzte arazoak; programa horrek ikasleak, irakasleak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak inplikatzen ditu, eta campusak benetako laborategi bizidun bilakatu nahi ditu. Aurtengo ikasturtean, ekonomia zirkularraren, eraldaketa energetikoaren eta elikadura iraunkorraren alorrean hobekuntzak proposatzen dituzten 25 lanetik gora aurkeztu dira, unibertsitateko eguneroko bizimoduan aplikatzeko modukoak.

Gradu desberdinetako ikasleak aritu dira kasuak ebazten; horretarako, diziplina askotako taldeak osatuz, ezagutza arloak, metodologiak eta jardunbideak partekatu dituzte, helburu bera lortzeko. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Sonia García eta Alex Ezquerra ikasleek eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Estíbaliz Treviño eta Sara Belver ikasleek Campus Bizia Laben erronketako batean parte hartu dute. Hain zuzen ere, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen karbono arrastoa aztertzen eta arrasto hori murrizteko formulen bila ibili dira.

Soniak eta Alexek, neurketen eta simulazioen bitartez, eraikinaren analisi termikoa eta energetikoa egin dute, eta hobetzeko proposamenak eman. Sarak eta Estíbalizek, bestalde, aztertu dute neurri horiek ekonomikoki bideragarriak diren eta Fakultateak zenbateraino konpentsatuko lukeen bere karbono arrastoa. Emaitza gisa, Fakultatearen jokabide energetikoaren diagrama egin dute, eta bai energia kontsumoa bai karbono arrastoa murriztuko lituzkeen ekintza plan bat osatu dute.

Campus Bizia Lab from UPV/EHU on Vimeo.

Campus Bizia Lab from UPV/EHU on Vimeo.

Planean, aurrezteko zenbait neurri jaso dituzte, besteak beste: berogailua pizteko sistema instalazioak erabiltzeko ordutegira moldatzea (berogailua eraikina hutsik dagoenean erabil ez dadin); erradiadoreetan balbula termostatikoak jartzea; mugimenduaren sentsore sistemak instalatzea bainugeletan; eta LED argi sistemak erabiltzea. Proposatu duten egutegian, aintzat hartu dute neurri bakoitzarekin aurreztutako diruarekin hurrengo neurria finantzatuko dela.

"Lehenik eta behin, ordutegiak moldatzeko neurria ezarriko genuke; izan ere, ez du inolako kostu ekonomikorik, eta, horri esker, bi urteren buruan diru nahikoa edukiko genuke balbula termostatikoak erosteko. Gero, hortik bi hilabetera, komunetan argiak jartzeko gai izango ginateke, neurri horrek kostu oso txikia baitu", azaldu du Estíbaliz Treviñok.

Gutxi gorabehera hemendik hamabost urtera arte ezingo litzateke aurreztu eraikin osoan LED argiak jartzeko bezainbeste diru; hori da planteaturiko neurrietatik eraginkorrena, baina baita inbertsio handiagoa behar duena ere. "Denbora tarte oso luzea denez, beste aukera bat aurkitu genuen: bonbilla normalak, hondatuz doazen heinean, LED argiekin ordezkatzea", proposatu du Estibáliz Treviñok.

Erronka horri aurre egiteko, ikasle bakoitza bere alorrari dagokion ezagutzaz baliatu da proiektuan. "Campus Bizkaia Lab esperientzia oso ona izan da; izan ere, programa honi esker, hala geure karrerako nola beste karrera batzuetako jendearekin lan egin dugu. Ingeniariek nahiz ekonomiarekin lotutako pertsonek elkarrekin jardun dugu, erronka hau betetzeko", azaldu du Sonia Garcíak.

Elkarlana

Miriam Jiménez Arabako Campuseko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikaslea da, eta Jon Fernández, berriz, Gasteizko Ingeniaritzako Unibertsitate Eskolakoa. Biak, elkarrekin, euren fakultateetako kafetegietako hondakin organikoak kudeatzen aritu dira ia urte erdiz, eta Arabako Campuseko baratze ekologikoan dauden lau konpost ontzietara eraman dituzte.

Bien helburua zen aztertzea konpost sistema bat ezar ote zitekeen unibertsitatean. Zehazki, Jon hondakinak kudeatzeko prozesuaren alderdi teknikoak ikertzen ibili da, eta Miriam, berriz, konpostarekin lotutako irakaskuntza materialen sorreran oinarritu da proiektua gauzatzeko.

Biak ala biak bat datoz irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen elkarlana eta inplikazioa oso garrantzitsua izan dela erronkari aurre egiteko: "Helburu argia geneukan, eta hala irakasleak nola eskolazainak, Hezkuntza Fakultateko nire lankidea eta kafetegietako langileak, denok buru-belarri aritu gara arazoak minimizatzeko eta lortu nahi genituen helburuak betetzeko", esan du Jon Fernándezek.

Segi bistako emaitzak

Gipuzkoako Campusean, besteak beste, hiri baratze iraunkorra diseinatzeko erronkari aurre egin diote aurten. Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko eta Ekonomia eta Enpresa Fakultateko ikasleak aritu dira lanean, Araban jada martxan dagoen baratzea oinarri hartuta.

Miguel Nvok, Ingeniaritza Zibileko ikasleak, baratzea jartzeko lekurik egokiena zein izango litzatekeen aztertu du lanean, kontuan hartuta ingurumeneko inpaktua, alde batetik, eta baratzea mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat iristeko moduan jartzeko baldintzak, bestetik. Gipuzkoako Ekonomia eta Enpresa Fakultateko haren lankide Idoia Aginagaldek eta Monika Aizpitartek unibertsitateko elikadura sistemaren diagnostikoa egin dute, eta baratzearen etorkizuneko aukerak aztertu.

Besteak beste, nabarmendu dute Campus Bizia Labi esker ekintzailetza proiektu bat abiatu ahal izan dutela beste espezialitate batzuetako pertsonekin. "Ikasketei buruzko ezagutzak sakondu ahal izan ditut, eta nire karrerari ez dagozkion beste sektore eta gai batzuk jorratu", azpimarratu du Nvok.

Halaber, nabarmendu dute euren proiektua kasu zehatzen ebazpenean oinarritu ahal izan dutela. "Baratze bat sortzeko benetako arazoak zein diren ikusi ahal izan dut", dio Nvok. Haien lanaren emaitza, ordea, ez da soilik paperean gelditu; lan horretatik "benetako zerbait" aterako da, Monika Aizpitartek esan duenez. Emaitza horrek mesede egin diezaioke Campuseko bizitzari: "praktikan jar daitezke Irakasle Ikasketen Graduko irakasgaiak, Campuseko jatetxeetako elikadura sistema alda daiteke, eta bizimodu osasungarriagoa eraman daiteke, besteak beste".