UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko ikasleak Punta Begoñan dabiltza, aretoko eta aretoaren ondoko guneetako jatorrizko material zeramikoa eta marmolak biltzen, aukeratzen, garbitzen eta sailkatzen.
UPV/EHUko ikasleek Punta Begoñako material hondatuak hautatu eta sailkatu dituzte
Kalkulatzen denez, zeramiken eta marmolen % 80 inguru berrerabili ahal izango dira
Lehenengo argitaratze data: 2017/07/06
Denboraren joana, mantentze lanen falta, ingurumeneko hainbat faktore eta ekintza bandalikoak direla eta, galeriak apaintzeko erabilitako materialetako batzuk hondatu egin dira, eta beharrezkoa da materialok lehengoratzea, galeriak birgaitzeko erabili ahal izan daitezen. Hori dela eta, zeramikazko piezak biltzeko, aukeratzeko, garbitzeko eta sailkatzeko proiektu bat diseinatu da, bi urtekoa, ondoz ondoko faseetan lanoi ekin ahal izateko.
Maiatzetik uztailera bitartean egiten ari da bilketaren lehen fasea, eta Arte Ederren Fakultateko Zaharberritzeko hirugarren mailako praktiketako 12 ikaslek esku hartzen dute. Hala, hilabeteotan, eraikineko gune jendetsuenak lantzen ari dira: areto nagusia eta iparraldeko galeria.
Aretoan, hainbat koloretako marmol zatiak atera dituzte zoruko errematetik eta tximiniaraino iristen den zokalotik. Horrez gain, kristal puska batzuk aurkitu dituzte, batzuk lauak eta besteak inprimatuak, aretoko zurezko itxiturari dagozkionak, baita zurezko zatitxo batzuk ere. Aretoko terrazatik landare ugari kendu dituzte, zorua eta olanbrillak estaltzen zituztelako eta piezei kalte egiten zietelako. Iparraldeko galerian, berriz, zeramikaz estalitako bi eserlekuen bizkarraldea osatzen duten jardinera batzuetan edo zoruan bertan aurkitutako zeramikazko piezak berreskuratu dituzte. Kalkulatzen denez, zeramiken eta marmolen % 80 inguru berrerabili ahal izango dira galeriak lehengoratzeko.