Euskal Herriko Unibertsitateko ikastegi ezberdinetako irakasleek IKTetan oinarritutako metodo bat garatu dute kasu klinikoak diziplina anitzeko ikuspuntu batetik ebazteko eta ikasleen ikasketa aktibo eta autonomoa sustatzeko. Bere abiaraztea estrategia pedagogiko bikaina bilakatu da ikasleen prestakuntzan.
Ikasketa aktibo eta autonomoa kasu klinikoen ebazpenean
Lantaldeak Osasun Zientzietako diziplinei loturiko ikastegi eta gradu ezberdinetakoak dira
- Albisteak
Lehenengo argitaratze data: 2017/06/02
Hezkuntza berrikuntzako proiektu honek Osasun Zientzien arlo ezberdinetako profesionaleen diziplina anitzeko ikuspegia eskatzen duten kasu kliniko konplexuen diseinua, gauzatzea eta ebazpena proposatzen du, ikasleen ikasketa autonomoa sustatuz era progresiboan eta kooperatiboan, bai eta egindakoa partekatzea ere titulazio ezberdinetako ikasleen arteko eztabaida edo mahai-inguruko jardunaldi baten bitartez.
UPV/EHUko 2015/17 Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektuetarako deialdiaren barruan kokatua1, ondokoak ziren lanaren xedeak: Osasun Zientzien arloko titulazioetako ikasleen ikasketa autonomo, dinamiko eta progresiboa sustatzea; Graduko ikasketetan zehar lorturiko eskumen bereziak aplikatzea proposaturiko kasuak ebazteko; idatzizko -foroaren baitan- zein ahozko -mahai-inguruan edo eztabaidan parte hartuz- komunikazio gaitasunak hobetzea; titulazio bakoitzean luze eta zabal lantzen den talde-lanaren garrantzia helaraztea ikasleei; eta jasangarritasun-sentimendua irakastea, etorkizun alternatibo bat lortzeko beharrezkoak diren gaitasunak lor ditzaten ikasleek.
Lantaldeko kideak Arabako eta Bizkaiko campusetako Osasun Zientzien arloko diziplinei loturiko ikastegi eta Gradu ezberdinetakoak dira. Zehazki, lantaldeak Farmazia Fakultateko eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak hartzen du gehienbat, bai eta Vitoria-Gasteizko Erizaintza Unibertsitate Eskola bezalako atxikitako ikastegietako irakasleak ere, gehi unibertsitate irakasleek adierazten dituzten ezagutza edo ikuspuntu horietatik bereizten diren beste ezagutza edo ideia batzuk eskaini ditzaketen doktorego ikasle eta ikertzaileak. Taldearen koordinatzaileak adierazi duenez, "berritasun nagusia parte hartu duten irakasle ugariak dira, diziplina ezberdinetakoak gainera; eta, ondorioz, ikasle asko inplikatu dira ere. Funtsezkoa, guretzat, beste arlo batzuetako profesionalekin lan egitea zen, diziplina anitzeko taldetan lan egitea zein garrantzitsua den erakustea osasun zientzietako arlo ezberdinetako ikasleei, talde lana funtsezkoa izango baita beren bizitza profesionalean zehar pazienteei arreta integrala eskaini ahal izateko".
Eztabaida aktiboa eta etengabea
Ikasturte hasieran webgune bat irekitzen zaio, eGelaPI plataforma birtualean, parte hartuko duen titulazio bakoitzari. Bertan, kasu klinikoen inguruko pixkanakako informazioa helaraziko zaie ikasleei. Kasu klinikoak berdinak dira ikasle guztientzat. Halaber, eztabaida aktiboa eta etengabea gauzatu dezakete, ideiak proposatu eta parteka ditzakete kasuen ebazpenaren inguruan, foroaren bidez. Kasu bakoitza patologia komunak dituen paziente baten ingurukoa da eta, honela, titulazio ezberdinetako ikasleek beren ikasketetan zehar barneratu dituzten ezagutzak erabili beharko dituzte aipatu kasua tratatzeko. Ondokoak dira titulazioak: Farmazia, Giza Nutrizioa eta Dietetika, Erizaintza, Fisioterapia eta Odontologia. Pixkanaka-pixkanaka, Gradu bakoitzeko irakasleek pazientearen inguruko informazio gehiago eskaintzen dute, kasua ebazteko prozesuaren garapenaren denborak kontrolatuz. Nabarmentzeko alderdi bat da titulazio osoan zehar lorturiko ezagutzak gogoratzeko eta aplikatzeko gai izan beharko dutela ikasleek, eta ez ikasturte akademiko horretan zehar ikasten ari diren ikasgaietako edukiak bakarrik. Lauhilekoaren amaieratik gertu, titulazio bakoitzeko ikasleek bi ikasle aukeratuko dituzte beren Gradua ordezka dezaten ikastegi ezberdinetako ordezkariek egingo duten diziplina arteko bateratze-lan batean. Mahai-inguruko jardunaldia bideokonferentzia bitartez egingo da, bi campusen artean, ikasle askoren joan-etorriak saihesteko xedearekin.
Erabat egiaztatuta dago titulazioek ezagutza teorikoen eta praktikoen barneratzea bermatzen dietela ikasleei, baino asko dago egiteke oraindik lan-merkatuan sartu ahal izateko beharrezkoak izango dituzten gaitasunak garatzen laguntzen duten ikasketa-egoeren diseinuari dagokionean. Diziplina anitzeko ikuspegi bat aplikatzea eskatzen duten kasu kliniko konplexuen ebazpena eta mahai-inguru baten inguruko aipatu kasuen eztabaida barne hartzen dituen proiektu hau prestakuntza abagune bikaintzat har daitekeen estrategia pedagogiko bat da. "Egia esan, gure xedea bete-betean lortu dugu eta ikasleek asebetetze-maila oso altua ageri izan dute mota honetako ekimenen garapenari dagokionean, kasu klinikoak erabili direlako beren ezagutzak praktikan jartzeko eta, aldi berean, kasu hori ebazteko beste diziplina batzuetako ikasleek egin ditzaketen ekarpenak ikusteko aukera izan dutelako", gaineratu dute koordinaziotik.
1UPV/EHUko 40. HBP Hezkuntza Berrikuntzarako Proiektua, 2015/2017 deialdia. Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzua (SAE-HELAZ).