UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikertzaile Telmo Echanizek jaso du SENER Fundazioak Doktore-Tesi Onenari ematen dion 12.000 euroko saria. Gaur, Madrilen egin den ekitaldian eman diote saria.
Telmo Echanizek jaso du SENER Fundazioaren Doktore Tesi Onenaren Saria
Gaur eman diote Madrilen 12.000 euroko saria
Lehenengo argitaratze data: 2017/05/31
Bosgarren edizio honetako irabazlea Telmo Echaniz doktoregaia izan da. Manuel J. Tello eta Raúl Pérez Sáez irakasleen gidaritzapean egin zuen doktore- tesia, eta 2016an defendatu zuen UPV/EHUn.
"Oso pozik nago sari honekin. Gainera, ez da niretzat bakarrik, baizik eta Erradiometria Infragorria ikerketa taldeak egin duen lana eta Raúl Pérez eta Manuel Tello irakasleek sortutako proiektuaren ahalegina aitortzen baitu", adierazi du Telmo Echániz UPV/EHUKO irakasleak eta ikerlari sarituak.
Sari hau 2016an Europako nahiz Mexikoko edozein unibertsitatetan defendaturiko tesiei zabalik dago (doktoreei eta zuzendariei), baldin eta arlo hauetakoren batekoak badira: Ingeniaritza aeroespaziala, Azpiegitura eta Garraioetako ingeniaritza, Energia-ingeniaritza, Gasa eta Petrolioaren ingeniaritza eta Itsas ingeniaritza.
Balorazio-irizpideek honakoak hartu dituzte kontuan: ikerketaren garrantzia eta aplikagarritasuna aipatutako arlo zientifiko-teknologikoetan, tesiaren kalitatea eta hedabide zientifikoetan izan duen inpaktua (aldizkariak, patenteak, etab.), jasotako sariak eta beste aipamen batzuk, eta, azkenik, edukien aurkezpenaren argitasuna.
Tesiak honako izenburu hau du: Infrared spectral amissivity studies on metals and materials for solar termal energy plants. Bertan eguzki-energia termikoa erabiltzen duten instalazioetako bi esparru teknologikotan lortutako emaitza orijinalak aurkezten dira: beroaren metatzea eta gainestaldura selektiboa. Eguzki-energiak, ispilu parabolikoen bitartez, 90 bat km-ko hodi-sistema bat berotzen du. Hodi horietan zehar olio bat dago, metaketa-sistemara energia kalorikoa eramaten duena. Efizientzia handitzeko, hodi horiek gainestaldura batez estalirik daude, eta horri esker, jasotako eguzki-energia guztia oliora pasatzea eta barrutik ezer ez ateratzea lortzen da. Tesi honek gainestaldura horien efizientziari buruzko emaitzak aurkezten ditu. Bestalde, beroaren metaketa ere puntu garrantzitsua da zentralarentzat. Orain arte sodio-gatzak eta potasioa erabiltzen ziren. Tesian beste alternatiba bat aurkezten da: kostu baxuko metal aleazioak eta 340ºC inguruko fusio-tenperaturak erabiltzea. Emaitzak oso itxaropentsuak dira.
Sari horren helburua goi-mailako ikerketa bultzatzea da SENER taldeak lantzen dituen arlo zientifiko eta teknologikoetan.