euskaraespañol

Eguneko irudia

Ikasle askoren «bigarren etxea»

Aurtengo ikasturtean, Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusiak erkidego desberdinetako 180 ikasle baino gehiago hartuko ditu

  • Erreportajeak

Lehenengo argitaratze data: 2017/02/03

Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia

Miguel de Unamuno Ikastetxe Nagusia, UPV/EHUk duen bakarra, Bilboko San Ignazio auzoan dago. Egoitzan, graduko 178 ikasle eta graduondoko 3 daude ostatatuta, denak ere autonomia erkidego desberdinetakoak: Andaluziakoak, Gaztela eta Leongoak, Gaztela-Mantxakoak eta Asturiaskoak, besteak beste. Gehientsuenak, ordea, eta EAEkoak bertakoak kenduta, Nafarroakoak eta Errioxakoak dira.

Ikastetxe nagusian denetariko jarduerak egiten dira, eta askotan, gainera, han bizi diren ikasleek eurek bultzatzen dituzte, eta ikastegiak jarduerak antolatzen laguntzen die: txangoak, museoetarako bisitak, eski egunak, naturako ibilaldiak, kontzertuak, hitzaldiak, zumba, yoga, mus, xake, saskibaloi eta futbol txapelketak, eta Oscar sarien inguruko porra, adibidez. Horrez guztiaz gain, ikastetxeak abesbatza propioa ere badu.

"Ikastetxeak asko ematen dizu, eta, egia esan, giro bikaina dago hemen", esan du Ramón Elduayenek, Unamunora duela lau hilabete iritsi zen donostiarrak eta Matematikako lehen mailako ikasleak. Egoitzako ikasleek, eta batik bat herri urrunenetatik datozenek, lagun berri eta handiak egiten dituzte zentroan, eta pertsonen arteko harremanak indartzen dituzte. Hori dela eta, denbora gutxian "etxean bezalaxe" sentitzen dira gehienak.

Ikastetxe nagusia UPV/EHUren barruko zentro bat denez, hango kultur, kirol, elkartasun eta kooperazio jarduera guztiak egiteagatik kredituak lor daitezke Euskal Herriko Unibertsitateak ematen dituen graduetarako.

"Ez da ohiko egoitza bat, baizik eta ostatua emateaz gain ikasleen prestakuntza kultural eta zientifikoa sustatzen duena eta hala unibertsitateko komunitateari nola gizarte osoari begira jarduten duena", adierazi du Xabier Murelagak, erakundeko zuzendariak, ohiko egoitza baten eta Unamuno Ikastetxe Nagusiaren arteko aldea azaltzeko. Sistema horren bidez, ikasleek euren prestakuntza sakontzen dute, eta taldeko lana sustatzen da, pertsonen arteko harremanak, kultura aniztasuna, arrazoibide kritiko eta etikoa... Modu horretan, garapen pertsonala, integrazioa, bizikidetza eta ikasleen arteko solidaritatea bultzatzen dira.

Ikasleak onartzeko metodoa ere bestelakoa du ikastetxeak. Egoitza arrunt batean, eskaerak aurkezteko hurrenkeran oinarrituz onartzen dira ikasleak. Miguel de Unamunon, baina, ikasketen espedientea hartzen dute oinarri, eta espero da ikasle onartuek ikastetxeko jardueren eskaintzan laguntzea eta esku hartzea. Hala, ikasleak, ostatu hartzeaz gain, akademikoki eta pertsonalki trebatuko dira.

Instalazioei dagokienez, Unamunok liburutegi handi bat, gimnasioa, jantokia, hitzaldi aretoa, musika gela eta telebista duen gela ditu. Horrez gain, garbigailu eta lehorgailu zerbitzua ere eskaintzen du, eta arte ederretako tailer batean ere parte har daiteke. "Ikasleen artean dugun sostenguak etxean bezala sentiarazten gaitu, laguntza handia da baita ere ikastetxeko langileen babesa, egun txarrenetan ere irribarre bat ateratzen digute", aipatu du Helena Bretónek. Logroñoko lagun hori Biologiako lehen kurtsoan ari da egiten UPV/EHUn. Era berean, Elduayek zentroan duten bizikidetza aparta azpimarratzen du: "Hotel batean egotea bezala da, baina zure gustu berberak dituzten gazteekin. Gainera, ikastetxe nagusiko langile guztiak, bai garbitzaileak, bai sukaldariak, bai atezainak, jende oso jatorra dira, eta atsegin ematen du haiekin tratatzeak", esan du Elduayenek.

Ikastetxe solidarioa

Aipatutako jarduera eta proposamen guztiez aparte, nabarmentzekoa da Unamunok ‘Sortarazi: Giza Garapenerako Klaretiar Elkartea' GKEari egiten dion ekarpen solidarioa. Hain zuzen, lehen lauhilekoan bi jarduera antolatzen ditu elkarte horri begira: alde batetik, Gabonetako otarra pare baten zozketarako txartelak saltzen ditu, eta, bestetik, ikastetxe nagusiaren beraren kirol jertseak eta kamisetak saltzen ditu. Bi ekintza horiei esker, zentroak 1.200 euro inguru bildu ohi ditu.