euskaraespañol

UPV/EHUk eta C.D. Basket Bilbao Berrik berritu egin dute euren arteko harremana

Lehenengo argitaratze data: 2016/12/19

Irudia
Bi erakundeek konpromisoa hartu dute elkarrekin zenbait ekintza egiteko

Honako hauek sinatu dute unibertsitate komunitatean saskibaloia sustatzeko lankidetza hitzarmena: Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Goirizelaiak, RETAbet Bilbao Basketeko zuzendari nagusi Eduardo Garatek eta klubeko kirol zuzendari eta jokalari ohi Raúl Lópezek. Ekitaldia Abandoibarrako Bizkaia Aretoan izan da.

Gaur goizean lankidetza hitzarmena sinatu dute UPV/EHUk eta Bilbao Basket saskibaloi klubak. Hitzarmen horren helburua da Bilbao Basketek beken eredu bat abiaraztea bere prestakuntza programako kide izango diren eta ikasketak UPV/EHUn egingo dituzten jokalarien jarduera akademikoari eta mantenuari lotutako gastuak ordaintzeko. Hitzarmenak lau urteko indarraldia du.

Hitzarmenaren bitartez, bi erakundeek konpromisoa hartu dute elkarrekin zenbait ekintza egiteko eta, horien bitartez, saskibaloia bera eta haren balioak unibertsitate komunitatean sustatzeko. Lankidetza hitzarmena, batetik, unibertsitateak kirolarekin harreman estua duelako sortu da, eta, bestetik, saskibaloiak gure inguruan interes sozial handia pizten duelako.

Halaber, hitzarmenaren bitartez, lankidetza esparru bat ezarri dute ikasketen eta saskibaloiaren sozializazioaren alde egingo duten jarduerak antolatzeko. Honako hauek jasotzen dira, besteak beste, hitzarmenean: jarduketa ildoak; UPV/EHUn hitzaldiak eta solasaldiak antolatzea; kirol instalazioetan jardunaldi espezifikoak antolatzea; ikerketa, dokumentazio, eta jendarteratze proiektuak egitea; eta saskibaloiarekin eta Basket Bilbaorekin lotutako gaiei buruzko ikastaroak prestatzea.

Erakunde bakoitzeko bi ordezkarik jarraipen batzorde bat osatuko dute, eta batzorde horrek, urtero, ikasturte hasieran, ekintza programak eta egutegia zehaztuko ditu, eta ondoren jarduera horien jarraipena egingo du. Batzordeak, horrez gain, egiaztatuko du UPV/EHUk eta kirol erakundeak sinatutako esparru hitzarmena behar bezala betetzen dela.