José Guimón, aztarna ezabaezina
Lehenengo argitaratze data: 2016/12/12
Lerro hauek idaztean, bere ustekabeko heriotzak hunkituta, gogoak beste garai batera narama, ia-ia dena partekatzen genuenera: 14 lanorduko egunak, familiarteko asteburuak, gure seme-alaben jaiotza, proiektu partekatuak eta apartak, eta, funtsean, guztiagatiko ilusioa. Sekulako zazpi urte izan ziren, hirurogeita hamargarren hamarkadan. Josek guztia kemenez eta gogo biziz betetzen zuen. Leioako Campuseko bulego erdi huts batzuetatik Basurtuko Ospitalera heldu ginen, ordura arte gorputegia izan zenera, eta bertan egungo psikiatria zerbitzuaren lehenengo zelula ezartzea lortu zuen, gerora segurutik Espainiako eguneko lehenengo ospitale psikiatrikoa izango zenaren aurrekari. Bai, jaun-andreok, pazienteei bisitak egiten hasi ginen alboko gelako askei oraindik hilotz usaina zerienean. Ez zuen ezerk ikaratzen. Aurre egiten zion guztiari. Bartzelonan ikasketa bikainak egin ondoren, Barraquer Bordas doktorearekin Neurologian prestakuntza jasota, Genevan osatu zuen bere prestakuntza garai hartan hiri hartako unibertsitateko katedraduna eta Bel Air Klinikako zuzendaria zen Julian de Ajuriaguerraren gidaritzapean. Garai hartan nazioarteko proiekziorik handiena izan zuen euskal psikiatra, dudarik gabe. Prestakuntza nahiak bultzatuta, New Yorkera joan zen Jose Guimon. Han kideak konbentzitu eta liluratu zituen eta beragan konfiantza izan zuten. Adjunct Medical Professor izendatu zuten. Luis Rojas Marcosek, gerora urte askotan New Yorkeko esparru politiko-administratiboko psikiatrarik garrantzitsuena izan zenak, ikaskide izan zuen Jose, baita ospitaleko lankide ere. Are gehiago, doktorego tesia aurkeztu zuen Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatean, Jose Guimonen zuzendaritzapean, eta duela oso gutxi gure unibertsitateko "honoris causa doktore" izendatu zuten, Jose aitabitxi izan zuelarik. Josek garai hartan izan zuen beste lankide bat Manuel Trujillo izan zen (sevillarra hau ere), New Yorkeko Bellevue Hospital-eko zerbitzuburu kargutik Espainiako psikiatriari sostengurik handiena eman dion espainiar psikiatra. Testuinguru horretan gogoratu beharrekoak dira, halaber, Arnold J Friedoff eta Murray Alpert irakasleak, New York University-ko (NYU) Psikiatria eta Psikologiako katedradunak, hurrenez hurren. Irakasleok hainbat aldiz etorri ziren Euskadira eta eskizofreniaren arloko ikerketa garrantzitsuak bultzatu zituzten Jose Guimonen ekimenez, Zamudioko ospitaleko ikertaldearekin elkarlanean, besteak beste Ricardo Davila doktorearen edo Zumarraga doktorearen zuzendaritzapean. Guimonek gure euskal unibertsitateko beste kide batekin ere bultzatu zituen proiektuak psikologia zientifikoaren arloan, hain zuzen ere, Isidoro Delclauxekin. Delclaux, jenio bat, industria ingeniaria eta gerora Madrilen psikologiako katedraduna, Oiz mendiko zorigaiztoko hegazkin istripuan hil zen tamalez. Jose Guimonek talde psikoterapiako prestakuntza ekarri zuen Euskadira eta, bokazio kolektiboz, zerbitzu publikoa Espainiara. Hasierako garai horietan ezin dugu ahaztu Luis Ylla, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikiatriako katedraduna, lankide leiala, profesional handia eta lagun ezin hobea. Gerora, beste lankide batzuek, besteak beste Jose Mari Ayerrak eta Miguel Angel Gonzales Torresek, talde psikoterapiako prestakuntza programa hori mantentzeko lan egin zuten Deustuko Unibertsitatearekin eta Omie Fundazioarekin lankidetzan. Horiek izan ziren izan zituen azken lankideak, eta onenak. 1993an Genevako Unibertsitateko Psikiatriako katedra eskuratu zuen oso lehiatua izan zen nazioarteko lehiaketa batean. Han, lehen aipatu bezala, psikiatriako prestakuntza jaso zuen Ajuriaguerra irakaslearekin, eta ikaskide izan zituen unibertsitateko beste irakasle batzuk, hala nola, Joseba Mikel Aguirre gasteiztarra –Ajuriaguerraren biografoetako bat– eta Isabel Orbe, hau ere gasteiztarra. Josek ez zuen inoiz bere mediku prestakuntza alde batera utzi eta oinarrian biologikoa zen ikerketa ildoa babestu zuen. Lan egin zuen Jesus Garcia Sevilla Euskal Herriko Unibertsitateko Farmakologiako katedradunarekin batera eta hark Suitzara jarraitu zion bere karrera profesionala han bukatzeko. Euren produkzio zientifikoa munduko aldizkaririk onenetan argitaratu zen. Jose Guimon beti izan zen eklektikoa, ekintzailea eta anbizio zientifiko handikoa.
Erreferentea izan zen Euskadin "psikiatria komunitarioa" ezarri zenean, psikiatriaren ikuspegi biopsikosozialetik. Julian de Ajuriaguerraren aitabitxia izan zen hura aita Barandiaranekin batera Euskal Herriko Unibertsitateko lehenengo "honoris causa" doktore izendatu zutenean. Espezialitate Medikoen Kontseilu Nazionalaren menpeko Psikiatriako Batzorde Nazionaleko burua izan zen hainbat urtez eta Psikiatriaren Erreformarako Espainiako Batzordean zeresan handia izan zuen.
Hirurogeita hamargarren hamarkada hartan, gin-tonic bat edo beste ere hartu genituen elkarrekin; Brassens eta Moustaki zoragarri abesten zituen; Baroja irakurri eta miresten zuen; Espainiako mistikoen lana ezagutu zuen Julian Ajuriaguerraren eraginez; pintura oso gustuko zuen, bereziki, pintura garaikidea, eta gaur egun figura handiak diren bertoko margolariak aukeratzen zituen; partekatu egin genituen anbizioak, sekretuak, bidaiak, oposaketak, eztabaidak, estualdiak, arazoak…
Jose Guimon, euskaldun internazionala izan zen, liberala, demokrata, bikaina, jantzia, argia, alaia, borrokalaria, oso atsegina, samurra izateraino, bere segurtasunean segurtasunik gabea, handienak izan ohi diren bezala, eta nagusirik onena, nagusi izan zen artean. Zalantzarik gabe, aztarna utzi du euskal eta espainiar psikiatrian. Leioa, Basurto eta Medikuntza Guimoni lotutako izenak dira, eta, betiere, oroitarazi egiten dute Julian, bere aita, hainbeste maitatu eta miretsi zuena, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza Fakultatearen sortzaileetako bat izan zena. Utzi duen aztarna ezabaezina da.
Paregabea izan zen. Eta paregabea izan da bere familia ere: Pilar, Elizabet, gurasoak eta Maite, Julen, Jesus, Rafa, eta, ez daudenen artean, Javier eta Begoña. Bere semeek, Josek eta Pablok, gutiziatzeko moduko erreferentzia daukate betirako, euren ondorengoei transmitituko dietena: aitonaren oso-osokotasuna.
Goian Bego
Miguel Gutiérrez Fraile
Euskal Herriko Unibertsitateko Psikiatriako katedraduna
Espainiako Psikiatria Elkarteko presidente ohia