euskaraespañol

UPV/EHUk beste talde batzuekin batera iskemiari buruz eginiko azterlan bat Theranostics zientzia aldizkariaren azalean atera dute

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/16

Irudia

Euskal Herriko bi ikertaldek –UPV/EHUko eta Achucarro zentroko talde batek eta CIC biomaGUNEk– garuneko iskemiaren hantura prozesuetan laguntzen duen itu terapeutiko berri bat identifikatu dute. Theranostics aldizkaria mundu osoko medikuntzaren eta farmakologiaren arloko zientzia aldizkarien 'txapeldunen ligan' dago.

Garuneko iskemia edo iktusa heriotza kausetan laugarrena da munduan, eta desgaitasun kausetan lehena herrialde industrializatuetan. Garuneko odol fluxua behin-behinean edo betiko murrizten denean gertatzen da iskemia, eta istripu zerebrobaskular horren ondoriozko kalte konponezinetako batzuk glutamatoaren mailaren nahasmenduak eragiten ditu, glutamatoa baita garuneko neurotransmisore kitzikatzaile ugariena. Gainera, iskemia gertatu ondoren hantura sor daiteke, eta horrek larriagotu egin dezake neuronen galera, eta pazientea osatzea eragotzi.

BiomaGUNEko eta Achucarroko bi ikertaldeek orain bi urte ere frogatu zuten "trukagailu zistina-glutamiko" izeneko proteina jakin batek zerikusia duela iktus baten ondoren glutamato neurotransmisorearen mailak asaldatzearekin, eta asaldura horrek eragiten dituela istripu zerebrobaskular horien kalteetako batzuk.

Theranostics aldizkariaren azalean kaleratu duten azterlanean, ikertzaileek frogatu dute proteina horrek berak eragina duela iktusaren ondorengo hantura erreakzioan. Era horretan, iskemien edo iktusen ondorioak eteteko bide berri batzuk esploratzeko modua emango duen itu terapeutiko berri bat identifikatu ahal izan dute.

CIC biomaGUNEko ikertaldeak, Jordi Llopek eta Abraham Martínek osatuak, irudi funtzionaleko teknikak erabili ditu (esaterako, PET Positron Emission Tomography teknika), aztertzeko proteina horrek zenbateko mailak dituen iktusaren ondorengo denbora tarte luze batean, alegia, ordu gutxi batzuetatik hilabetera bitartean. Hala, ikusi dute proteinaren mailak hantura prozesuaren garapenarekin batera areagotzen direla. Bestalde, María Domercq, Jon Gejo eta Carlos Matute Achucarroko eta UPV/EHUko ikertzaileek aztertu dute proteina horren erregulazioaren gene adierazpena nolakoa den iskemiaren ondorengo hantura prozesuetan. Bada, ikusi dute proteinaren inhibizioak hobetu egiten duela istripu zerebrobaskularretako hanturaren koadroa.

Argazkiak: Laura López. UPV/EHU.

Erreferentzia bibliografikoa