euskaraespañol

UPV/EHUko II. Traila, gogorra eta ederra

UPV/EHUren Leioako Campusean egin zen lasterketa, eta 200 pertsona inguruk parte hartu zuten

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/11/07

UPV/EHUko II. Traileko irabazleak

Akarlanda eta Unbe inguruko bide eta mendietan egin zen UPV/EHUko II. Traila, 13 kilometroko ibilbide luze batean, joan den urriaren 30ean, eta 194 lasterkarik parte hartu zuten denera. 10:30ean hasi zen lasterketa, UPV/EHUko Kiroldegian, eta partaideek gehienez ere 2 ordu izan zituzten ibilbidea bukatzeko.

Goizean goizetik oskarbi egon zen zerua, eta tenperatura ere ezin hobea izan zen lasterka egiteko; horrek are gehiago animatu zituen atletak, eta bete-betean jarduteko aukera izan zuten. Ibilbidea itxuraz oso erakargarria izanagatik ere, korrikalari guztiek ahal zuten esfortzu fisiko handiena egin behar izan zuten, haiek beraiek proba amaitzean esan zutenez. Nahiz eta parte hartzaileak iaz baino zertxobait gutxiago izan diren II. Trail honetan, nabarmentzekoa da lasterketa zailagoa eta luzeagoa izan dela aurten (iaz, 10 kilometroko muga ezarri zen).

Probarako, arropazaina, dutxak eta aldagelak jarri ziren, eta zerbitzu medikoa eta txip bidezko kronometrajearen zerbitzua ere eman ziren. Kronometrajeari esker, partaideek zehatz-mehatz jakin ahal izan zuten zenbat denboran eta zer markatan egin zuten ibilbidea. Lasterketa amaitzean, helmugan bertan jan-edanak hartzeko postu bat ipini zen.

Eta podiumean…

Sailkapenei dagokienez, hasteko eta behin bi lasterketa motak bereizi behar ditugu. Alde batetik, lasterketa orokorra jokatu zen, eta, horrez gain, UPV/EHUko lasterkarien rankinga ere egin zen.

Sailkapen orokorra (*emakumezkoena/gizonezkoena):

  • 1. Ane Uriarte Larrabeiti / Juan Rodríguez Medina.
  • 2. Amaya Baliño Sanz / Aingeru Barbier Calderón.
  • 3. Andrea Moneo Bernal / Fernando Martín Sánchez

Bitxia bada ere, dagokien kategorian lehenengo sailkatutako biek urrea lortu zuten UPV/EHUko sailkapenean ere.

Bestalde, lasterketa aurrez ezarritako bi orduko tartearen barruan burutu zuten UPV/EHUko ikasleei 0,5 unibertsitate kreditu jasotzeko aukera eman zitzaien.