euskaraespañol

Eguneko irudia

3.000 lagunek ikusi dute 'Koloso Jurasikoak' erakusketa lehen asteburuan

Europako dinosaurorik handienaren eta Camptosaurus baten erreplikak azaroaren 27ra arte bisitatu ahal izango dira Bizkaia Aretoan

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/24

Irudia
Europako dinosauro handienaren eskeleto osoen jatorrizko tamainako erreplika.

Erakusketaren lehenengo asteburuan, 2.974 pertsona joan dira UPV/EHUko Bizkaia Aretora ‘Koloso Jurasikoak' ikustera. Europako dinosaurorik handienaren (Turiasaurus riodevensis) eta Estatu Batuetatik datorren Camptosaurus baten eskeleto osoen jatorrizko tamainako erreplikak biltzen ditu erakusketak.

Dinosauroak hobeto ezagutzeko, 145 milioi urteko bidaia egiteko eta Europako dinosaurorik handienaren eskeleto osoa, orain arte sekula erakutsi ez dena, ikusteko aukera berezia da. UPV/EHUk antolatzen duen Zientzia Asteko ekintzen baitan kokatzen da erakusketa, eta Euskaltelek, Bilboko Udalak, Iberdrolak, Tisak eta Dinópolis Fundazioak babesten dute.

Erakusketa ikusgai izango da Bizkaia Aretoan azaroaren 27ra arte ordutegi hauetan: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 14:00etara; eta igandean, 10:00etatik 14:00etara. Erakusketa irekitako lehenengo egunean, urriaren 20 ostegunean, 225 lagun joan ziren; ostiralean, hilak 21, 262 izan ziren; eta, asteburuan zenbakiak igo ziren: larunbatean, 1.678 bisitariak; eta igandean 783.

Horrez gain, azaroaren 7tik aurrera bisita gidatuak antolatu dira, astelehenetik ostiralera, Lehen Hezkuntzako ikastetxeentzat eta partikularrentzat. Hain zuzen ere, ikastetxeen bisitak ordu erdikoak izango dira, eta 9:00, 10:00, 11:00 eta 12:00etan egin ahal izango dira. Partikularrentzako bisita, berriz, 18:30ean izango da. Bisita egin ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea turiasaurus.otri@ehu.eus emailean.

Erakusketa

Dinosauroak 150 milioi urtez baino gehiagoz bizi izan ziren Lurrean. Goi Jurasikoaren amaiera aldera izan zuten goieneko unea eta aniztasun-maila handia lortu zuten. Turiasaurus riodevensis Europako dinosauro handienaren eta Estatu Batuetatik datorren Camptosaurus sp. dinosauroaren eskeleto osoen jatorrizko tamainako bi erreplikek osatzen dute, besteak beste, Koloso Jurasikoak erakusketa. Halaber, 11 informazio-panelen bilduma euskaraz eta gaztelaniaz ere izango da, gaur egun bereizita dauden arren, Jurasikoan elkartuta zeuden 3 kontinenteetako —Europa, Amerika eta Afrika— dinosauroen arteko erlazioa azalduz.

Europako dinosaurorik handienaren eskeleto osoa, orain arte sekula erakutsi ez dena, ikusgai izango da erakusketan: 7 metro altu eta 21 metro luze ditu. Turiasaurus Europako beste edozein dinosauro baino handiagoa da eta munduko handienen artean dago. Pisuari dagokionez, antzeko sauropodoen kalkuluetatik, gutxi gorabehera 40 tona dituela kalkulatzen da (6-7 elefante ar helduen pisua).

Bizkaia Aretoko terrazako jardinean dago Turiasaurus riodevensis. Horrenbestez, eraikinaren kanpoaldetik ere erraz asko ikus daiteke Abandoibarra eta Ramón Rubial inguruetan (Guggenheim, Arte Ederren Museoa...) bazabiltza.

 

Argazkia: Laura López. UPV/EHU