euskaraespañol

Emagune: bakeaz eta bizikidetzaz eztabaidatzeko leku bat

ehugunek bultzatutako esparru aurkeztu berriak emakumeen sentsibilitate desberdinetatik gogoetak egiteko erabiliko da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2016/10/03

Irudia

Unibertsitatean, politikan, sindikalismoan, lankidetzan, feminismoan, Gobernuz Kanpoko Erakundeetan eta bake-mugimenduetan lan egiten duten emakumeek Emagune esparru berri batean parte hartu dute, emakumezko ikuspuntutik bakeaz eta bizikidetzaz hausnarketa egiteko eta gogoeta horiek jendarteratzeko. Bizkaia Aretoan ostiralean, irailak 30, mintegi batean Emagune ekimena aurkeztu zuten, baita ondorioei buruzko dokumentua ere.

Emagune ikusmolde desberdinak dituzten emakumeen topaleku izateko eta gogoeta egiteko sortu den prozesua. Gune hori irekitzea ehugunek proposatu ostean, Emagunek lehenengo pausoak 2014ko maiatzean eman zituen. Guztira, 60 emakumezko baino gehiagok bileretan eta onlinean egin zuten lan, bi urtez. Bizkaia Aretoko mintegian eztabaidatzeko prozesua eta idatzitako dokumentua aurkeztu ziren.

Arantza Urkaregik, UPV/EHUko irakasleak eta Emaguneren bultzatzailetariko batek azaldu duenez, "emakumeen sentsibilitate desberdinak biltzea eta andrezko ikuspuntutik ‘gatazka‘ kontzeptuari buruzko ekarpenak agerian jartzea dira esparru horren helburu". Haien eztabaiden ondorioekin, diagnostikoa eta hausnarketak dokumentu batean argitaratu dituzte, eta, mintegian, dokumentu aurkeztu zuten, baita atxikimenduak bilduta ere.

Mintegia

Carmen Magallón eta Elena Grau feminista eta bakezaleek ere parte hartu zuten Emagunek antolatutako mintegi horretan. Biek azaldu zituzten gatazken konponbidean emakumeok izandako parte-hartzearen garrantzia eta nazioarteko esperientziak, hain zuzen ere, Kolonbiako bake-prozesuan emakumeek izandako partaidetza aktiboa esplikatu zuten.

Bigarren partean, Euskal Herriko mugimendu feministak bakea eta biolentziaren inguruan egindako hainbat ekimenen errepasoa egin zen, batez ere, Ahotsak ekimena. "Hamar urte igaro dira, eta, tarte horretan, emakume eta gatazkari lotutako ekimen bakanak izan dira. Orain Emagune aurkeztu da, eta errepaso horrek  ‘zerotik ez ginela abiatzen' gogoratzea du helburu, ekimen hau horien guztien ondorengoa da-eta", nabarmendu du Arantza Urakegi Emaguneren dinamizatzaileak

Azkenik, bi urte hauetan izandako hausnarketa eta eztabaiden ondorioa den dokumentua aurkeztu zuten. Bi urte hauetan, Emagune esparruan bildutako emakumeek hemengo esperientziak komunean jarri zituzten: nola bizi diren biolentzia, zein mailatan, nolakoa den, zuzena edota zeharka, eta , batez ere, zein arlotan agertzen den gatazka. Izan ere, Euskal Herriaren azken aldiko historian ‘euskal gatazka'ren indarkeriari besterik ez zaio erreparatu.

Arantza Urkaregik zehaztu duenez, "hausnarketa egin ondoren, Emagunek aurkeztutako dokumentuan azaltzen dugu gizartean gatazka anitz daudela: genero desberdintasuna, arrakala sozioekonomiko eta laboralak, erlijio, identitate eta hizkuntza inposizioak eta kultura eta arraza bereizkeriak eragindakoak —. Beraz, hiru ardatz kontuan hartu behar ditugu diagnostiko bat egiterakoan: gatazkez, botere banaketaz, eta emakumeen bizipenaz".

Mintegian aurkeztutako dokumentuak 125 emakumeren atxikimendua jaso du. Haien artean, laurden bat UPV/EHUko irakasleak izan dira (Amaia Maseda García, Maite Zelaia Garagarza errektoreordeak, eta Teresa Nuño Argos Berdintasunerako zuzendaria, besteak beste). Haiekin batera, mugimendu feminista, sindikatu, lankidetza, bakearen eta giza eskubideen aldeko arloetan lan egiten duten emakumeek bat egiten dute dokumentuarekin, baita gizarte-mugimenduetako emakumeek ere.

Argazkiak: Tere Ormazabal. UPV/EHU