euskaraespañol

Arboretum-ean 31 erakusketari, II. Munduko Landareen Azokan

Topaketan ekoizleen lanaren berri jaso ahal izango da eta gure latitudeetan ohikoak ez diren landareak nola landu ikasi

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/30

Asteburu honetan egingo da II. Munduko Landareen Azoka UPV/EHUren Arboretumean. Bizkaiko Campusean (Leioa) dago Arboretuma eta, 19 hektarea zabal izanik, bost kontinenteetako 130 espezieetako 1.700 zuhaitz dauzka; Bizkaiko natur eremurik adierazgarrienetarikotzat hartzen da. Bertako gestioa elkarrekin egiten dute unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko sailak. Bi erakunde hauek antolatzen dute azoka, nahiz lankide dituzten Leioa eta Erandioko udalak eta BBKren Gizarte Ekintza.

Ekitaldian 31 erakusketarik hartuko dute parte, Euskal Herriko, Estatuko eta Frantziako puntu ezberdinetatik etorrita. Mundu osoko landareen aukeraketa erakutsiko dute era guztietako espezieak agertuz: zuhaixkekin hasi eta bildumetarako pelargoniumak, colocasiak edo landare haragijaleekin amaitzeko, bildumetarako zitrikoak, landare tropikal eta subtropikalak edo landare epifitak tartean izanik.

Jon Arrate Basalaneko mendi ingeniariak (Bizkaiko Foru Aldundia) azaldu du ekintza honek "landare ekoizleen elkarretaratzea" nahi duela izan. Erakusleihoa izatea du helburu "ekoizleek lana erakuts diezaieten landareekiko zaletasuna duten pertsonei, azken hauei landarerik zuzenean ekoizleari eta prezio onean erosteko aukera eskainita". II. Munduko Landareen Azoka honek ere bide emango du "sektoreko profesionalek jakintza eta landatze teknikak elkarri truka diezaioten".

Javier Loidi Arboretumeko zuzendari zientifikoak azaldu du azokara datozen erakusketariak espezializatuak direla, alegia "ez dutela modu industrialean ekoizten". Izan ere, lanbide hau "erromantizismo eta maitasun handiz egiten da eta bere lilura jakintzan eta txikitasunean datza". Landareen Azoka orientazio eta ildo beretik doa eta gerturatzen den jendeak "maite du hori".

Loidik azaldu du erakusketan, besteak beste, sendabelarrak, usain belarrak, zitrikoak edo kameliak ikusi ahal izango direla. Bere hitzetan "azokan ikusiko diren landare gehienak ezezagunak dira gure latitudeetan eta normalean ez dira denda eta saltegietan aurkitzen". Hala ere, "hemen erraz landatzeko modukoak" direla nabarmendu du. Hau berri ona da landarezaleentzat, izan ere, Loidik dioenez, "landareak gustatuz gero, zaila izango da Azokan den landareren bat etxera ez eramatea".

"Antolatzaile diren erakundeen ilusio Azoka urteroko hitzordu gisa finkatzea litzateke", azaldu du Arratek. 2015ean egin zen lehenengo edizioa eta arrakastatsua izan zen: 2.480 bisitari izan zituen. "Iazko urtean antolatu genuen lehendabizikoz, ez genuen esperientziarik eta ez genekien nola aterako zen" gehitu du Basalaneko ingeniariak. "Bizkaian  jarraitzen du- ez da inoiz bildumarako landareen azokarik antolatu. Gipuzkoan, ordea, 14 urte daramatzate Iturrarango parke botanikoaren azoka arrakastaz egiten. Aurten bisitarien kopurua hobetu nahi dugu".

Berrikuntza moduan, Landareen Azokaren bigarren edizio honetan, bisita gidatuak antolatu dira Arboretumean barrena, UPV/EHUren Landareen Biologia eta Ekologia saileko bi doktoregai izango direlarik gidariak. Javier Loidiren esanetan, bisita hauek "Azokako edukia zabaldu eta bertara hurbiltzeko beste arrazoi bat izan nahi dute ".

Informazio praktikoa:

II. Munduko Landareen Azoka zabalik egongo da urriaren 1 eta 2an UPV/EHUren Arboretumean 10:00etatik 18:00etara bitartean. Garraio publikoan etorriko diren bisitariek dohaineko autobus zerbitzua izango dute Leioa eta Astrabuduako metro geltokietatik.

Bisita gidatuetarako elkargunea Arboretumeko anfiteatroa izango da eta ordutegi honen arabera egingo dira:

  • Urriak 1, larunbatez: 10:30etan gaztelaniaz eta 12:30etan euskaraz.
  • Urriak 2, igandez: 10:30etan euskaraz eta 12:30etan gaztelaniaz