euskaraespañol

Asteburu honetan, Bost Kontinenteetako Landareen II. Azoka ospatuko da Arboretumean

Topaketak Euskal Autonomi Erkidegoko, Estatuko eta Frantziako 31 erakusketari bilduko ditu

Lehenengo argitaratze data: 2016/09/26

Guztira, 31 erakusketarik, EAEkoek, Espainiar Estatuko hainbat lekutakoek eta Frantziakoek, mundu osoko landareen aukeraketa bat erakutsiko dute, urriaren 1 eta 2an, UPV/EHUko Arboretum parkean, Bost Kontinenteetako Landareen Azokaren II. edizioaren barruan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen dute ekitaldia, Erandio eta Leioako udalen laguntzarekin.

Lehenengo edizioak 2.480 bisitari bildu zituen. Beraz, esan daiteke erakusleiho bikaina dela gure planetan dauden landare apaingarrien espezieak eta motak ezagutzeko. Gehienak ezezagunak dira gure artean, baina hemen erraz erein litezke. Horrez gainera, landareak erosi ahal izango dira, eta landatzeko teknika eta ezagupenak partekatu.

Halaber, ekitaldi hau elkargune bat izango da espezie horiek landatzen dituztenen arteko harreman komertzialak zabaltzeko, eta urteroko hitzordu bat izan nahi du bilduma-landareen ekoizle, kontsumitzaile eta zaleentzat.

Gure lurralde, Gipuzkoa, Frantzia, Malaga, A Coruña, Valentzia, Asturias, Kantabria, Nafarroa, Madril eta Bartzelonako erakusketariek era guztietako espezieak ekarriko dituzte azokara: zuhaixkak, bildumako pelargoniumak, kolokasiak edo landare karniboroak, bildumako zitrikoak, landare tropikalak edo landare epifitoak, besteak beste.

Landareok guztiok prezio onean eskuratu ahal izango dira azokan, goizeko hamarretatik arratsaldeko seiak arte, urriaren 1ean eta 2an. Gainera, aukera egongo da bertoko produktuak dastatzeko. Euro bateko sarrera bat kobratuko da; baina 12 urtetik beherako neska-mutilak doan sartu ahal izango dira. Bestalde, autobusen doako zerbitzu bat jarriko da, Astrabudua eta Leioako metro-geltokietatik UPV/EHUra joango dena.

Azokara etorriko diren bisitariek Arboretumeko bidezidorren sareaz ere gozatu ahal izango dute. Izan ere, guneak 19 hektarea ditu eta bost kontinenteetako 130 espezietako 1.700 zuhaitz biltzen ditu. Hori dela eta, Bizkaiko naturagune garrantzitsuenetako bat da. Gainera, berrikuntza moduan, aurten bisita gidatuak antolatu dira larunbat eta igandean: larunbatean, urriak 1, 10:30ean gaztelaniaz eta 12:30ean euskaraz; eta igandean, urriak 2, 10:30etako bisita euskaraz izango da eta 12:30etakoa gaztelaniaz. Bisitak UPV/EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko bi doktoregaik gidatuko dituzte. Bisitak egiteko topalekua Arboretumeko anfiteatroa izango da (B puntua).